kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Labur txintan / Juan Kruz Igerabide / Pamiela, 2017

Begirada luzea laburrean Aitor Francos / Bilbao, 2018-03

Galdetu beharko genioke Juan Kruz Igerabideri bere literatura egiterakoan, eta batez ere, aforismoak idaztera bultzatu dutenen artean, zeintzuk izan ote diren idazle esanguratsuenak eta eragindura gehien izan dutenak. Aforismoarena, duda barik, genero mugatugabea eta ezin zehaztu daitekeena da. Gogoan daukat Dino Ruozzik esandakoa: “Zer denaren zenbait adibide emango nizkizuke; baina ez eskatu definizio zehatzik”. Genero epigramatikoa, laburtasunaren nagusitasunean oinarriturik dagoena, beti kondentsaturik datorkiguna. Igerabidek, hitz gutxirekin, gauza mamitsuak dakarzkigu, esaldi zorrotzak, buru argikoak. Ramon Ederrek, agian gazteleraz idazten dutenen artean aforistarik ezagunena, zioen aforismoaren funtsa iluntasunean tximista bat izatea dela, sekulako argitasunekoa, baina argitasun hori une bakar batean agertu beharrekoa da. Urrats bakoitzeko, altxor bat; hori izan zitekeen liburu honen lema. Beste askok ehunka orrialde behar dutenean zeozer esateko, Igerabidek bi lerrotan adierazten du. Zailena ez da ahalmen hori izatea, praktikara eramatea baino. Pamielak argitaratu berri duen Labur txintan honen aurretik, Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) beste hiru aforismo liburu kaleratu zituen, Sarean Leiho (1994ean), Herrenaren arrastoan (1998an) Egia hezur (2004). Euskeraz behintzat ez dira oso ugariak izan genero honi ekin dioten idazleak, aipa nezake Karlos Linazasoro, eta beste gutxi batzuk, Ana Urkiza, esaterako. Aurretik argitaratu dituen liburuetan aforismoekin batera poemak zekartzan Igerabidek, baina ez honetan. Izan ere, poesiatik aforismora doan zubia ez da hain bide zaila, askotan nahasten dira. Tituluak berak, Labur txintan, poesiarekiko, kantuarekiko, harreman hori seinalatzen du. Lezio labur hauetan laino aztarnarik ez dago: baina argitasunarekin ez da nahiko. Irakurlearen jarrera pentsakorra eta gogotsua behar dute aforismo hauek, osatzeko, biribiltzeko, esaldi bakoitzaren atzean dagoena bere zentzu guztian sumatzeko. Liburua zabaldu eta edozein orrialdetan aurki dezake irakurleak distiraren bat. Edozein lekutik helduta, bat-batean esaldi asmotsuren bat izango dugu aurrean, harridurarako prest.

Aurreko liburuak gaika banaturik agertzen zitzaizkigun, hitzaurre gisa poema bat zekartelarik. Edozein gauza, edozein arlo edo motibo bihurtzen du aforismo Igerabidek. Hau hamabi atari edo koadernotan banatuta agertzen zaigu, hain zuzen ere, zerrenda honetan daudenak: “Giza-legearen koaderno ausazkoa”, “Educatio non petita”, “Post mortem kaiera”, “Norabideen psikokaiera”, “Arte-koaderno minimoa”, “Poetika minimoa”, “Zizipazaren koadernoa”, “Gezurra apainduz”, “Zernolakoaren koadernoa”, “Jainkotiar komediaren koadernoa”, “Umorez gerotik gerora” eta “Landareen patxada”. Sintesirako joera ona dauka Igerabidek, eta egia esanda, memorian geratzeko aukera ematen die esaldi askori. Beste liburu batean agertzen zen bat datorkit orain burura: “Zuhaitzik tenteenak ere, sustraiak oker”. Beren laburrean, esentzia besterik ez dira, funtsa, gida. Eta ezin zorrotzagoak (“Aforismoa beti ertzaren gaienean jauzten da”). Irakur daitezke azkar, segidan, baina banaka irakurtzea gomendatzen dut, geldo, hori baita aforismo bakoitzaren mamia hobeto ateratzeko modua. Igerabide hitzetatik harantzago joaten da askotan, hitzen logikaren gainetik beharbada, esanahi berriak eskuratzen eta harrapatzen. Egunerokotasunaren ironiak ere agerian uzten ditu maiz oso umore beltzaz (“Patuak ez die kasurik egiten kritikei”. Edo: “Eten puntuak dituen testamendua oso arriskutsua da”). Esaldi arinenek ere bere ibilbidean zeozer eskaintzen digute, gure barruan halako zama uzten dute, behin eta berriz haietara itzul gaitezen egonezina eta ziurgabetasunak lasaitzeko (Ezinegona, gehienetan, egonean etortzen dela esaten du Igerabidek aforismo batean). Liburua gazteleraz atera zuen lehenik, Breviario perplejo izenburuarekin. Igerabideren hitzetan, liburuari buruz galdetu nionean erantzun zidan hainbatetan idatzi eta berridatzirik, itzulpena dela tartean, aforismo hauek bi liburu desberdinetan amaitu dutela; ez dira gauza bera, berberak izanda. Onerako, Labur txintan hau ez da inoiz indargabetzen, une, atal guztietan oreka eta kalitatea, inteligentzia puntua, mantenduz. Seguru hori nahikoa dela irakurle gosetia erabat asetzeko eta izugarrizko laguntza burmuinak martxan jar ditzagun. Liburu hau irakurrita, aforismoa zer den galderari erantzuteko bidean hobeto nabilela uste dut.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak