kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Biziaren ikurrak / Xabier Lete / Erein, 1992

Xabier Lete erromesaren otoitz liburua Gerardo Markuleta / El Diario Vasco, 1992-12-09

Egunkariren batek Durangoko Azokaren bezperan kontrakoa iragartzen bazuen ere, larunbaterako Erein argitaletxeko standean zen Xabier Leteren azken poema liburua, bertako nobedaderik deigarrienetako bat izan delarik. “Felipe Arrese-Beitia” sariaren irabazle izanik, Euskaltzaindiak argitaratu zion “Zentzu antzaldatuen poemategia”, oraingo honen poema hautaketa baino ez omen zen, eta halaxe da: sariko haiek honako honen bigarren zatia dira, gutxi gorabehera.

Izenbururik gabeko hirurogeita sei poema biltzen ditu liburuak, itxura batera behintzat justifikazio gehiegirik ez duten bi multzotan banaturik: “Dohainen liburua” izeneko atalak 33 poema dakartza, beste horrenbeste “Otoitzak” izenburupeko bigarrenak.

Otoitzaren egitura, itxura, tonua eta gaiak atal bietako poemetan dira nagusi, are gehiago, poema berberaren bi bertsio ezberdin agertzen zaizkigu, bata lehen atalean (27.a: “Ordu hegalariek, beren ihes geldigabean…” eta bestea bigarrenean (4.a: “Denboraren gehiegikeria zentzurik gabeak…”).

Liburu biak erkatuz gero, agerian da sariko haren bederatzi poema geratu direla “Biziaren ikurrak” honetatik kanpo: hiru, itsasoari eskainitakoak; beste hiru, aberriari zuzenduak (nahiz eta gai horretaz diharduen besteren hat sartu egin duen); baita beste hiru ere (“Ez da ezer gertatu gaur”, “Psalmoak ditut nik bame isilean” eta “Zuek, hiri ez setiatuek”), agian zuzenegiak zirelakoan edo, Letek berak hitzaurrean dioenez, artean “barne ordenamenduaren giltza” aurkitu ez dielako. “Zentzu antzaldatuen poemategia” osorik joan da oraingo liburuaren bigarren atala osatzera, goian aipatu dugun bertsioa izan ezik. Aldaketa-txukunketa ttikiak darakuskite poemok, batzuetan zehaztasunean, bestelan erritmoan irabazten dutelarik.

Liburuko poema zenbaitetan Carles Riba poeta katalanaren tonu metafisiko-sentsuala ageri da, eta batzuetan oihartzunak oso indartsuak dira, noiz edo behin haien euskarazko birkreazioa direla ere esan daitekeelarik.

Iruditerian erakarpen interesgarriak gertatzen dira; baina erritmoaren irregulartasunak kalte egiten dio poemen borobiltasunari: adierazpideen trinkotasun gradu handiagoa beharko lukete agian.

Jainko kristaua

Aurreko argitalpena zela-eta komentatzen genuen bezala, jainko kristauaren presentzia oso da nabaria poemarioan, horrek gaur eguneko irakurlearentzat ekar dezakeen testuekiko atxekimendu ezarekin. Mundu honetako erromesaldiaren nekeek, heriotzaren hurbiltasun larriak (“Zuhaitz heldua naiz hilobiari itzal dagiona”) eta poetak arimaren nolabaiteko iraunkortasunean aitortzen duen sinisteak (“Egun batez argiz jantziko gara / eta hartuko dugu / izpirituari dagokion gailurbide adeitsua”) osatzen dituzte poetaren barne-biografiaren mugarteak. Irakurleek esango.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak