« Deserrotuak | Kalifornia bat guztiontzat »
Haizeari begira / Jon Ariza de Miguel / Elkar, 2017
Estetaren begiekin Ibon Egaña / Deia, 2017-12-09
Urtebete baino ez du behar izan Jon Ariza de Miguelek Ohe hotzak estreinako nobelari segida eman eta bigarren obra kaleratzeko. Nekez harrituko du Haizeari begira honek lehenengo nobela haren irakurlea. Portugaletetarraren literaturara lehenengoz hurbiltzen dena, ordea, gaurko euskarazko letretan hain ibiliak eta boladakoak ez diren gai, estilo eta erreferentzietan barrena abiatu dela ohartuko da.
Hotel bateko gelan elkartu ditu eleberri honetan egileak bi anaia, Tiestes eta Atreo, aspaldian elkarrekin egon gabeak, irla hartara oporraldi labur baterako joanak. Atreo da narratzaile eta protagonista, eta anaia heldu zain dagoela, hotelaren pareko eraikineko leihoan ikusitako giza itzalak harrapatuko du. Hotela utzi arteko bost egunetan ez zaio gogotik aldenduko siluetak sortutako lilura, eta edertasunarekiko mira horrek edukiko du hoteletik atera ezinda, kontenplazioari emana.
Ekintzarik apenas dagoen, beraz, nobela honetan, eta dauden apurrak hoteleko pareten barruko espazioetan sortutako errutinarekin lotutakoak dira, ezinbestean: eguneroko dutxa (edo dutxa falta), jangelako mahai egokiena hartzeko borroka, leiho ertzean egindako irakurraldiak… Ekintza xume horien errepikapenean oinarritzen da narrazioaren erritmo sarritan hauskorra. Kontenplazioak hartzen dio gaina nobelan ekintzari, eta horretaraxe emana aurkituko du irakurleak pertsonaia: leihoaz bestaldeko edertasun izengabea mirestera jarria. Narratzailearen ezaugarri behinena da, izan ere, ingurua behatzeko, edertasuna miresteko, hutsetik hipotesiak sortzeko duen gaitasuna. Behaketa horretatik abiatuta bizitzari edo edertasunari buruzko hausnarketak dira nobelaren bigarren hanka sendoena.
Esteta porrokatu baten obra da Haizeari begira, Ohe hotzak bezala, bestalde. Narratzailearen begiradan dago edertasunaren bilaketa obsesiboa, egunerokoa sublimatzen duena. Ziurrenik horregatik, leku-denboren konstrikzioak ere transzenditu egin nahi ditu egileak, eta ez du izendatzen ez lekurik, ez du aipatzen garai jakinik. Greziar mitologiako izenak berreskuratuz ere, ahistorikotasun unibertsal halako batean kokatu nahi ditu egileak pertsonaiak eta haien iraganaz eta izaeraz ezer gutxi ematen zaigu jakitera. Nago, ordea, pertsonaien izaeran sakontzen den apurretan irabazi egiten duela nobelak, eta irakurle honek eskertuko zukeen pertsonaiei eta bi anaien arteko harremanari gorputz gehiago eskaini izana.
Hasi eta buka zeharkatzen du estetaren begiradak liburua (ikus solapako egilearen argazkia), eta horixe du indargunea liburuak begiratzeko modu partikular estetizatzailea. Aitzitik, inpresioa dut hizkuntza eta estiloa ez dagoela begirada horrek eskatuko lukeen estetizazio-mailan. Era berean, begirada hutsa bere kabuz nobelari eusteko gai ote den ere zalantza sortu zait; neuri bederen gehiago interesatu zait narrazioa pertsonaiek eta gertaerek presentzia eskuratzen duten pasarte bakanetan. Edonola ere, begiratzeko modu propio bat dakarkigute Ariza de Miguelen nobelek eta hori bere horretan ere bada eskertzekoa.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro