« Ingurua eta izaera | Haur metafisikariaren alegia »
Ametsondoa / Peru Magdalena / Elkar, 2017
Ametzaren ezkurra Igor Estankona / Deia, 2017-11-11
Orixek dio: “Zerbait aundiren ametsak bein edo bein arrotu banindun, ametsondo astun arek bai ongi zapaldu ere!”. Peru Magdalenak ostera argikusmen bat dauka beti ametsetan dagoenarena, beti esna egoteko bere modua delarik errealitatetik arean urruntzea, arean axolagabe begiratzea arazo mundutarrei. Poema liburu bat atera du mikroipuinena, ezjakinaren istorio edo ikasgai antzekoekin. Ipuinon —edo poemon, edo aforismoon— defentsa poetikoa egiten da liburuaren ifrentzuan: “Ipuin laburrak, ipuin zoroak, ipuin zoragarriak. Pentsamenduak eta sentsazioek bat egiten duten puntuan, filosofiari arrazionaltasuna kenduta, mistikari umorea erantsita, literaturaren lilura bere baitan duten pieza txiki, jostagarri, paradoxazkoak asmatu ditu Peru Magdalenak. Errekak eta loreak, ispiluak eta txoriak, maitaleak eta zaldiak, perretxikoak eta desertuak topatuko dituzu orriotan zehar, baina batez ere gogoa biluzteko gonbidapen bat, begiak zabalik amets-itsaso honetara dzanga egiteko”.
Umore nietzchetar batek lagundurik, erraz doaz orrialdeak, baina ez alferrik. Arin, baina ez arinki. Orain arteko esplikazioek ez diote berriztarrari balio. Ez diote balio mendebaldeko gizarte linealaren baloreek, begi bistakoari kasu egiten ez dioten enpirismoaren balore horiek. Ez diote balio, ezta, mundu onirikoa gutxiesten duten zientziaren gezurrek. Horregatik, kontrapuntua ezartzen duten hausnarketa absurdu baina adimentsuak dira liburuko hauek guztiak, norbera eta norbere mamuak bereizteko gai direnak. Norbera eternala da, eta ametsetan ageri zaio genioa: “Egunak daramatzat ametsak guduzelai bihurtuta. Baso handi eta aldakor batean gauzatzen da borroka. Tximino bat eta otso bat dira protagonista. Eraso doilor eta krudelak egiten dizkiote elkarri. Erasorik gabeko tarteak luzeak izaten dira. Ez dira, dena dela, tarte lasaiak izaten. Giroan arnasten da bortxaren profezia”.
Argia (Elkar, 2016) argitaratu zuenean ere banioen Peru Magdalena idazle berezia dela, arriskatu egiten duela. Peru Magdalena sentimenduetan oinarritzen den poeta da, nahiz eta eitea eta fintasuna eta erritmoa ez dituen inoiz albo batera uzten. Erdi esteta eri aszeta, bizitzaren alderdi astunekin atrebitzen da istorio arinak sortzen. Beragan biltzen dira lezioa eta freskura. Liburu honetan ere pieza batzuk dauzka gailenak: “Lurrera begiratzen dut, atzera, eta lurrean urratsik uzten ez nabilela ikusten dut. Aurrera begiratzen dut, eta urrastsak aurretik ditut, bide luzean zehar aurretik”.
Begi bistakoa dena ukatuz eta lurralde berriak imajinatuz bihurtzen du Peru Magdalenak errealitatea aberastasun iturri. Irakurketa hertsiak abandonatzeko gonbita da Ametsondoa. Errealitate berri hori askotan maisuak emana da diszipuluari: “— Maisu, ez dut ezer topatzen. Zer gertatzen zait?/ — Larregi bilatzen duzu”.
Dena dela Ametsondoa ez da, inondik ere, aipatutako Argia, ez da Hutsik (Elkar, 2008). Obra minore bat da hau Magdalenaren ibilbidean, apunte batzuk ibilian-ibilian hartuak, ez daukatenak bere liburu behinenen sakontasuna eta funtsa. Hemen idazlea entretenitzen da hausnarketa aski filosofikoetan, baina hunkidurarik ez bilatu. Entretenigarria suertatzen da irakurlearentzat ere, baina ez du gainditzen apunteen muga, bitakora liburuaren hoztasun antzeko bat.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro