kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Gezurrak, gezurrak, gezurrak / Iban Zaldua / Erein, 2000

Gezurrak hatsa labur Aingeru Epaltza / Nabarra, 2003-02

Ez da erraza euskal literaturaren mundu geldo eta isilean inarrosaldirik eragitea. Inor ez da inorekin mokokatzeko prest (horretarako politikariak daude) eta, euskal kulturaren gainerakoan bezala, aro ona bizi ez dugulako sentipen zabala izanagatik ere, inork ez du hatz erakuslea luzatu nahi, sakoneko arazoak ezpainetan ibili hutsez haziko zaizkigun beldurrez.

Iban Zaldua donostiar gasteiztartua izan da aspaldi honetan tabu gisako hori urratu dtuen bakarrenetarik. Prentsan argitaratutako artikuluen bertsio baturatu eta osatua “Obabatiko tranbia” saio labur mamitsura ekartzeaz gain, bere “Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko plan estrategikoa” ironiatsuak zenbaiten ahosabaia garraztu du, idatziz zein ahoz han eta hemen izan diren erantzunetan sumatu ahal izan denez. Haserreak bizitasun seinale badira, ez bitez txinpartak berehala iraungi. Nobelaren gurtzaileen aitzinean, Zalduaren defentsa sutsua narratibaren genero laburraren alde ere ez da atzentzekoa.

Zaldua ez da predikatzaile soila. Badaki erranetik eginera dagoen erreka zeharkatzen. Maupassanten eta Txekhoven, Cortazarren eta Borgesen, Poeren eta Carverren hautu bera egina du eta horiek ditu, gainera, bide erakusle. Lekuko, orain arte euskaraz zein erdaraz argitara eman dituen bortz ipuin liburuak.

Gerardo Markuletarekin batean plazaratu zuen “Ipuin euskaldunak” haren ondotik bigarrena du, gure hizkuntzan, “Gezurrak, gezurrak, gezurrak”. 26 ipuin bildu zituen, osotara, liburu honen orrialdeetara, se­ sailetan banatuak: “Simulakroak”, “Inbusteriak”, “Asmazioak”, “Iruzurrak”, “Ameskeriak” eta “Esamesak”. Horietariko bakoitzean tonu edo giro ezberdin bat aurkituko du irakurleak, baina denetan protagonista egiari edo errealitateari izkintxo egiten saiatuko da, non ez den egia edo errealitatea protagonistari trufa egiten diona. Hartara, euskal gatazka delakoak sorrarazten dituen esperpentoak irakurriko ditugu, bizitzaren alderdi groteskoen inguruko piezak, iraganaren eta orainaren arteko topaldi fantasmalak, ideologiak —iraultza, aberria— eragindako disfuntzioak, izan (ez) dugunaren edo izan (ez) garenaren mina, gure bizia hondora eramateko asmatzen ditugun faltsukeria eta sineskerien bilduma.

Literatura guztiaren oinarrian gezur edo simulakroa dagoela oroitarazten digu egileak, liburu gaizto eta, maiz, bikain honetako ipuinetariko batean. Gure bizia, gure sentimenduak, gure sinesmenak ere, frankotan ore berean eginak direla ohartzen gara, barre murritz batez, Zalduaren ipuinak irakurtzean.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak