kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Bidean ikasia / Arantxa Urretabizkaia / Pamiela, 2016

Pitotxa asfaltoa joz Ibon Egaña / Deia, 2017-03-04

Ematen du Arantxa Urretabizkaia eroso dabilela Zuri-beltzeko argazkiak liburuarekin zabaldutako ildoan; Bidean ikasia lan berrian ere autobiografiara joz historia kolektiboaren berri ematen du, pasarte laburrez osatutako testuan. Lehen lerroan bizitako Hondarribiko Alardearen inguruko gatazkari begira jarri da idazlea liburu berrian. Ospakizun berdinzalearen alde parte hartze aktiboa izan du Urretabizkaiak mugimenduaren sorreratik, eta aurreneko bertuteetakoa horixe du liburuak, gatazkaren lehen eskuko testigantza jaso eta ematea.

Haatik lehen pertsonako kontakizunetik harantzago doa Urretabizkaiarena, eta atalkako egituraketak aukera ematen dio ni-az besteko ahotsak testuan sartzeko. Fikzioari ere tartea egiten dio liburuak eta bere-beretik abiatu arren koraltasunera zabaltzen da, alardearen gatazkak busti dituen izen-abizenik gabeko herritarren kontakizunak jasotzera. Gatazkak eta intolerantziak hondarribiarren bizitzak, beren esfera intimoeneraino, nola mingostu dituen azaltzen du Urretabizkaiak, nola heldu den eskola-umeen patiora, bizilagunen bebarrura edo familia ospakizunetara. Esperientzia propioaren eta fikzioaren bidez, hitz nagusiek difuminatzen duten errealitate txikiagoa, eszenaz eszena, pertsonaz pertsona, irakurleari begien aurrean jartzen dio idazleak. Irakurleari ezagunak egiten zaizkion istorioak ere oraindik zirraraz eta asalduraz irakurtzen dira, edo hala irakur ditzagun lortzen du idazleak.

Urretabizkaiaren idazkerak badu puntu naif bat, irakurtzen duguna, ezaguna izanagatik, lehen aldiz irakurtzen dugulako inpresioa eragiten diguna. Saihestu egiten ditu hitz potolo analitikoak (eman dezagun patriarkatua, misoginia, matxismoa), metaforetara jotzen du sarri (“asfaltoa pikotxaz jo” zuten Alarde parekidearen aldekoek duela hogeitaka urte) eta aldi berean errealitatea izendatzeko erabiltzen ditugun eguneroko hitzekiko kezka sakona du. Akaso horregatik eskaintzen die halako arreta Alarde baztertzailearen aldekoen irainei. Irainen mekanismoaren inguruko tratatu bat eraikitzen du egileak liburu honetan (nola hedatzen diren, amorrua mendeku-gose nola bihurtzen den, nola ematen zaion buelta irainari), eta eragiten duen biolentzia sotila bere gordinean erakusten. Irainarenak bezala, beldurraren bideak ere arretaz disekzionatzen ditu Urretabizkaiak barrurantz berrira jarrita, onestasun handiz.

Badira kronika historikotik hurbilago dauden testu-atalak ere, gatazkaren bilakaeraren berri jasotzen dutenak, Alardearen inguruko diskurtso sozialei erantzun nahi dietenak (“bertakoek soilik uler dezakete”, “azken finean desfile militar bat da”), edo erakundeen hipokrisia eta ardura gabezia salatzen dutenak, izen-abizen eta guzti. Hasierako urteak sakontasun handiagoz azalduta daudela iruditu zaio irakurle honi, eta ekintzen kontakizun historikoa apur bat lausotuz doala gero, baina akaso gatazka honen inguruan ezin bestela idatzi; denbora zirkularra bihurtu denean, zaila da amaierarantz aurrera egiten duen narrazio bat osatzea.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak