kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Hitz Margotuak / Karlos Aretxabaleta / Mikel Manso / EME, 2016

Kondentsazioa Igor Estankona / Argia, 2017-01-29

Karlos Aretxabaletak (Kigali, 1990) eta Mikel Mansok (Gurutzeta, 1990) Jon Amorrortu deustuarra hartu dute bidelagun, azken hau ere adinez kidekoa, jar diezaien euren poesiari marrazkia. Zuri-beltzeko ilustrazioa, sano koloretsuak begitandu zaizkidan poementzako. Liburua atera zaie soil bezain dotorea. Belaunaldi bat ordezkatzen dute hiruek sarean dabilena, literaturaz badakiena, freskotasun itzelarekin atrebitzen dena idaztera bizitzari buruz: “Xake partida mahai gainean,/ Marko Aurelio dut aurkari./ Arrazoia epaile”. Belaunaldi horrek berak egiten du editore, beretzat argitaratzen du batez ere, zirkuluak ditu atsegin. Babes horretan idatzia baina haizatzeko eta aipatzeko modukoa, Hitz Margotuak ez dakit aurkitzeko erraza edo zaila izango den, baina merezi du ikusteak zelan ezkontzen diren askotan eskarmenturik eza eta maisutasun berezkoa.

Mikel Manso errepikapenen, hoskidetasunen eta jokoen zaleagoa da. Errima ere badarabil. Uluen moduko lerro laburrak eta jendeen lehen berba labur eta biluziak ditu maite. Surrealismora egiten du batzuetan, lo-kantara edo baladara bestetan: “Ezin jakin, ezin igirri/ baie hor eukiko nozu/ negarra sikitako,/ odola garbitako,/ kerixa argitako/ airean mogitako/ barre iteko, zuretzako”. Jolastia baina sakona, kapaz da amari buruz hitz egiteko umeen xalotasunarekin, eta gai tribialak janzteko eite klasikoarekin.

Karlos Aretxabaleta kontrapuntua da, ostera. Poesia deskriptiboa, poesia filosofikoa. Pieza batzuk ia-ia narrazioaren alorrean daude, istorioak kontatzen ditu: “Behin batean ume-umea nintzela,/ lagun batek, lotsaturik, begietara/ zuzenean begira eta eskuetatik helduta/ horrela aitortu zidan:/ — Nire bihotza mintzo da”. Eta gertakizun mundutarrekin urreratzen da munduaren esentziara.

Liburuan ez dago edertasunaren bilaketa bakarrik. Batez ere ahots propioaren bilaketa dago. Literaturan modu batera edo bestera kokatu, autore biek ala biek dute joera mamira joatekoa, hitz egiteko beharrizanak gidatuta. Zuzenago zein zeharka, mamuak astintzeko grina opatzen digute: “Munduarekiko eta biziarekiko dugun ikuspegiaz mintzo gara, gure irrikak marrazkiez osatuz”. Irudiak eta bi bide, liburu honetan gurutzatzen direnak. Bata hizkuntzaren formen amarru ederren bidea, bestea kontakizunaren plazerarena. Hitz Margotuak ahalegin on bat da sublimaziora bidean, uneka asmo hutsean geratzen dena, baina edozelan ere ausarta eta interesgarria.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak