kritiken hemeroteka

8.652 kritika

« | »

Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar / Laurence Sterne (Josu Barambones) / Elkar, 2016

Hitz eta sentimenduen bozkarioa Hasier Rekondo / Deia, 2016-11-12

Eleberriaren eta saiakeraren arteko hibrido baten sortzailetzat jo izan dute aditu askok Laurence Sterne (Clonmel, Tipperary, Irlanda, 1713 – London, 1768). Horren lekuko da, ezbairik gabe, The Life and Opinions of Tristam Shandy, Gentleman literaturaren klasikoa, muga guztiak hautsi zituen digresioz betetako lan berritzailea. Halaber, bidaietako literatura ere hankaz gora jarriko zuen, ordura arteko oroitarri, gaztelu eta artelanen deskribapen loriatsuek barne bakarrizketa sentimentalei edo eszena txikiei egin baitzieten leku.

Sterne beraren alter egoa den Yorick parroko gazte eta apetatsuak Frantzia eta Italian zehar XVIII. mendearen erdian eginiko bidaia baten berri ematen digu liburuak. Virginia Woolf berak 1928an idatzitako testuan argi utziko duenez hitzaurre gisa edizio honetan (kasik merezi du liburua eskuratzea hitzaurreagatik bakarrik), Sterne maisua da dir-dir egiten duten inpresioak idazten. “Hautatzen duen aukera apetak ematen diona da, eta gainera indibiduala, baina inongo idazle errealistak ezin dezake izan arrakasta distiratsuagorik unean uneko inpresioa emateko garaian”.

Josu Barambonesen itzulpen finaren eskutik —ez baita erraza Sterneren sintaxi bihurria eta kontrastez betea egungo euskarara ekartzea—, Yorick-en barne desioen esperientzia ironiko eta samurrekin literaturaren botereaz eztanda egiteko aukera izango dugu. Elkar argitaletxeak Urrezko Bibliotekan argitara emandako Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar liburuarekin denetarako aukera izango baitu irakurleak: hitzaren magiaz jabetu gaitezen abiatu Sterneren bidaian denetarik gerta bailiteke, alderrai eta poesiaz blai.

Yorick-ek bidaian aurkitzen dituen pertsonaiekin eraiki eszenetan artikulatzen da liburua. Fraide batekin Frantzian sartzearekin batera desenkontru-adiskidetzea, dama batekin zalgurdi batean izandako harreman kasik mistiko-sexuala, pateak saltzen dituen gainbehera ezagututako zalduna, liburu-dendako neska… Sternek ez du albo batera utziko bizitzaren alderik lazgarriena, esaterako, Gatibua Parisen pasadizoan, 30 urtez gatibu dagoen preso baten eszenan, irakurleari Yorick-ekin batera negarrari emateko gogo geldiezina gailenduko zaio. Zaila da, teknika hain neurtua erabiliz, Sternek lortzen duena lortzea. Gatibuaren azalean jartzen du irakurlea, maisuki. “Oinetan zeramatzan kateak entzun nituen, bere zotz txikia pila gainean jartzearren gorputza jiratu zuenarekin batera. Hasperen sakona egin zuen. Burdina bere ariman sartzen ikusi nuen. Negarrari eman nion”.

Woolf-ek berak argitzen digunez, Tristam Shandy-ren arrakastaren ondoren Sterne ez zegoen oso gustura haren alter egoak eman zezakeen irudi lar ziniko edo diletantea zela eta. Hortaz, bizitzan idatziko zuen azken liburu honetan (tuberkulosiak jota hil baitzen hau argitaratzekotan zela) “sentibera, errukior eta bihozbera” zela agertu nahi izan zuen Sternek. Woolfen ustez, larregi nabarmentzen zaio eta faltsuki ari da. Nago, inpostura horrek sakonagoa egiten duela bidaia honen barna murgiltzea, apika.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Iraitz Urkulo

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Silueta
Harkaitz Cano

Ibon Egaña

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak