« Lapur banden etika | Negozio ilunak »
Txistu eta biok / Juan Luis Zabala / Algaida, 2016
Kaka esplikatzen Mikel Asurmendi / argia.eus, 2016-10-14
Txistu eta biok ohiko nahiz ezohiko eleberritzat jo dezakegu. Horixe baieztatu didate liburuaz irakurritako kritika-iruzkinek, baita ene aburuok ere. Hasteko eta behin, datozen iruzkin/kritika hauexek emanen dizkizute liburuaren nondik norakoak:
— “Kirol kazetari frustratu baten txakurra” da Hasier Rekondoren kritikaren lerro-burua (Berria). Kritikariak “miretsi” du nobela. Nahiz eta “baina”ren bat ipini dion nobelari, hala nola “euskal kulturako zenbait pertsonaiari dien larregizko miresmena” . Hau dio ere Rekondok: “Txisturik gabe, bere txikitasunean handia den esperimentu hau ez litzateke posible izango”. Txakur miretsia ere titulatu liteke nobela.
— Igor Elordui Etxebarriaren (Aizu!) Txistu eta biok da iruzkinaren lerro-burua. Sinpleki eta xumeki. Eleberria da, baina “desberdina” dio Elorduik: “Gustatuko zaizu, zerbait desberdina irakurtzeko gogoz bazabiltza”. Pentsu dut baina, eleberri guztiak direla “desberdinak“. Nobelak dira irakurlearen gogo “desberdinak” pizten dituztenak.
— Ibon Egaña (Deia) Desliluraz ari da. “Autofikzioaren parodia egin nahi izan du egileak, ala autofikzio lan bat? Akaso egileak irakurleoi zalantza horixe piztu nahi izan digu, baina nik neuk faltan hartu dut tarteka heldulekuren bat”. Egaña iruzkingilea apur bat “desliluratua” geratu da. Auto-fikzioaren arriskuak dira, naski. Bereziki, ezaugarri horrek “gure” literaturan soberazko tokia hartzen badu.
— Nobela itxuran dio Javier Rojok El Diario Vasco-n. “Liburu dibertigarria da, baina nobelan argumentuari garrantzia ematen dion ‘irakurlea agian dezepzionatuta geratuko da’, azken finean idazlan hau nobela itxurapean argitaratutako kultur dietario ironikoa baita. Barneko komatxoak nireak dira. El Diario Vasco-tik baino El Diario Rojotik datorren iruzkina dirudi honek. Rojok labana motza baina zorrotza.
— “Autokritika egin dut Txistu eta biok nobelan” esan du bere egileak Urola Kostako Hitza-n. “Autokritika auto-fikzionatua?”, galdetu du zenbaitek.
Niri, hasteko eta behin, nobela euskal jendartearen isla paregabea iruditu zait. Gure gizartean biltzen diren hainbat espresio sozialen erretratuak xarmanki narratuak dituzu, munduaren globalizazioaren testuinguruan narratuak. Baina, batez ere, nire aburuz, Juan Luis Zabala nobelagilea “gure kaka esplikatzen” saiatu da nobelan.
“Ohiko nahiz ezohiko eleberritzat jo dezakegu” aipatu dut arestian. Hona, Txistu eta biok nobelaren ene iruzkin eleberritsu ohikoa, edo ezohikoa. Nola gerta hau ere:
Donostiako Herri Irrati-tik zabaldu zen (EIEko) Komatxo artean literatura saioa zela bitarte ezagutu nuen Juan Luis Zabala idazlea. Saioan idazle gonbidatuari bere gustuko idazle bat hautatzea eskatzen nion. Gehienek, Nobel Sariduna izan ezean, literaturaren historiako idazle gorenak aipatzen zituzten. (Gaur egunera etorrita, hautatu horietako bat Bob Dylan musikaria izan liteke, berriki saritua. Dylan saritua izan da, eta “literatura larriki zauritua”. Batzuen aburuaren arabera betiere).
Salbuespen batek zur eta lur utzi ninduen: “Pipi aipatuko dut” esan zidan idazle gonbidatuak. Emakumezkoa zen idazlea. “Nor?”, neronek. “Juan Luis Zabala”. “A…a! Tropeleko idazle izateak ez du zertan eskasa” pentsatu nuen. Idazle hark “niri Zabalak bezala idaztea gustatuko litzaidake”, baietsi zidan saioan. “Zabalak ondo idazten du…”, ere esan zidan.
Idazleen arteko nire esperientziaren arabera, “ondo” idazteaz gain, sistemaren barruan “ondo kokatu” izan behar duzu —ez naiz bakarrik literatur sistemaz ari—, sistema osatzen duten “sistema” guztiez ere ari naiz. Esplizituagoa: norberak sostengatzen duen sistemaz eta norbera menpeko duen sistemaz ari naiz.
“Ondo” idazteaz gain Santon bat izan behar duzu, —hala esaten zidaten gonbidatu batzuek— edota sistemaren —literatur sistemaz ari naiz orain— orakulua banatzen duen laguna edo hurbilekoa izan behar duzu.
Sistema zabalaren barruan badira “gaizki” idatzi arren, orakuluaren jabe direnak nonbait. Idaztea ez den beste diziplinetan —ekimen politiko nahiz artistikoetan— nabarmenduagatik hitz txarrik —iruzkin edo kritika ezkorrak— jaso ezin dutenak, ezta jasan ezin dutenak ere. Sistemak berak debekatzen dizu hori egitea, haren eta bere akolitoen begirada zorrotz pean.
Noski, inor ez da libratzen horretatik, denok gara sistemaren parte, baita ni ere, edota iruzkingile iruzurti hau ere. Tarteka-marteka, idazle lagunaren edo lagunaren idazlearekiko “hitz eztiak” oparitzen dituena, baita hain lagun ez ditudanekiko “hitz mikatzak” ere izaten dituena.
Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren karietara agurtu nuen Pipi lehen aldiz, Donostiako manifestazio erraldoi historiko hartan. Harekin izan nituen hitzak —Txistu eta biok nobelako protagonistari Bernardo Atxagarekin gertatu zitzaion nola, halaxe— gogoan ditut oraindik ere. Erredikulu galanta egin nuen Pipirekin hitz-aspertuan. Portzierto, ni orduan ez nintzen Pipi deitzen ausartzen. Orain, inork Pipi deitzen ote dio?
Txistu eta biok-eko protagonista kazetaria da, Pipi bezala. Ni ere halakoxea. Baina, bera bezala, ni ez naiz kirol kazetari frustatua —aurreko lau kritikarietako batek idatzi duenez— “politika eta kultura” kazetaria baizik. Ez naiz Lisa Beitia ere. Izatekotan, Lisa Beitiaren alter ego-a izan ninteke. Dena dela ere, kontu garbi bat daukat, Pipi gabe iruzkin/kritika esperimentu hau ez litzateke posible izango. Nik ere autokritika egin dut iruzkin honetan.
Txistu eta biok eliteko eta masako kirola “kultura” bihurtu eta berau sublimatzen duen jendartearekiko nobela kritikoa da, besteak beste. “Literatura” bera ere “kultura” horren parte delarik. Nobela, oroz gainetik “kaka esplikatzen” saiatzen da berriz ere. Nik ez dut Juan Luis Zabalaren Kaka esplikatzen delako nobela irakurri, baina hari buruzko iruzkinak irakurri berri ditut.
Txistu eta biok “ohiko nahiz ezohiko eleberritzat jo dezakegu” aipatu dut bi bider. Beraz bi izan ez ezik, hiru ere. Nire “azenarioa eta makila” eskasa baita, badenez.
Txistu eta biok ohikoa da, eleberriak XLI. Irun Hiria Kutxa Literatur Saria jaso duelako. Eta ezohikoa da, hala izan arren Pipiren nobela ez delako biltegiko pipien bazka bilakatu(ko).
Twist
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Detaile xume bat
Adania Shibli
Jon Jimenez
Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus
Amaia Alvarez Uria
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Maite Lopez Las Heras
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Jon Jimenez
Uztapide eta Xalbador
Pako Aristi
Mikel Asurmendi
Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio
Jon Jimenez
Monogamoak
Iñigo Astiz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Joxe Aldasoro
Lanbroa
Pello Lizarralde
Mikel Asurmendi
Sorginak, emaginak eta erizainak
Barbara Ehrenreich / Deirdre English
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Gerezi-denbora
Montserrat Roig
Amaia Alvarez Uria
Presbiziak lagundu omen digu
Edu Zelaieta
Mikel Asurmendi