kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna / Iñigo Aranbarri / Pamiela, 2016

1766ko matxinoak gogoan German Kortabarria / hiruka.eus, 2016-04-20

Apiril honetan bete dira 250 urte Azkoiti eta Azpeitiko matxinadatik, Iñigo Aranbarrik “Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna” liburuan gogora ekarri digunez. 1766an, Carlos III.ren pragmatika liberalizatzaile batek alearen kontrol publikoa kendu eta salerosketa librea ezarri ondoren, lur-jabe eta merkatariak garia eta artoa pilatzen ari ziren, prezioekin espekulatzen eta garestien sal zezaketen merkatuetara eramaten.

Apiril honetan bete dira 250 urte Azkoiti eta Azpeitiko matxinadatik, Iñigo Aranbarrik “Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna” liburuan gogora ekarri digunez. 1766an, Carlos III.ren pragmatika liberalizatzaile batek alearen kontrol publikoa kendu eta salerosketa librea ezarri ondoren, lur-jabe eta merkatariak garia eta artoa pilatzen ari ziren, prezioekin espekulatzen eta garestien sal zezaketen merkatuetara eramaten. Goseak eta gose are handiagoaren beldurrak —“llegó el precio de la cosecha hasta no llegar el jornalero a ganar con su trabajo para solo pan“— eragin zuen matxinada hura, Gipuzkoako beste hainbat herritan eta Markina, Ondarru eta inguruetan ere erreplikak izan zituena.

Azkoiti eta Azpeitiko jauntxoek, matxinoen oldarrak kikilduta, kapitulazioak onartu behar izan zituzten eta, beste hainbat neurriren artean, gariaren eta artoaren gehieneko salneurria hitzartu. Herritarrek kantu eta dantzaz ospatu zuten garaipenak ez zuen luze jo; hezur eta mami ziren agintari eta jauntxoek 1500 gizoneko ostea bidali zuten eta Urola ibarrean preso-sokak hartu zuen soka-dantzaren lekua: “erbesteratzeak, kartzelaldiak, armadan egin beharreko zerbitzuak, isunak… 439 kondenatu agertzen dira azken nominan” (Aranbarri), tartean emakume eta adineko dezente; “Mozal” legearen aurrekaria ere ezarri zuen Diputazioak, bitxia bada ere, propio emakumeei zuzendua: “que las justicias prendan también a cualquier mujer que hable contra estas providencias“.

Merezi du aipatzea 1766an libertatearen eta aurrerapenaren izenean herri xehea xehatu zutenen buruetarikoak zirela euskaldun ospetsuen panteoian jarriak ditugun Peñafloridako kondea, Narrosko markesa eta besteren bat. Oligarkia ilustratuak jende arruntarekiko zuen erdeinuzko begiradari erreparatu dio, hain zuzen ere, Aranbarrik, bi gertaera kateatuz: Peñafloridako kondearen “El borracho burlado” operaren estreinaldia (1764) eta bi urte geroagoko matxinada. Operak burlaz irudikatzen du Txanton Garrote mozkortiaren eskarmentua Don Diego kaballeroaren eskutik; hordikeriaz gain, beste bekatu bat, are zigorgarriagoa, antzematen du Aranbarrik Txanton gizarajoaren jokabidean: txepetxa izaki, karrastarro edo urretxori dela sinetsi izana, hau da, “gizartean ez dagokion toki bat hartu nahi izatea”.

1766ko matxinadaren ondoren, olgetan irudikatutako eskarmentua benetan burutzen saiatuko dira Peñaflorida eta enparauak, jende printzipalari kontu eske aritu zaion jende bajuak larrutik ordain dezan ausarkeria. Erregearen ordezkariak den korrejidoreak apaldu beharko du haien suhartasuna —“los principales de las dos villas, y en especial los de Azcoitia, quieren y me piden ejecuciones prontas“—, erreinuko legeek ez diotelako besterik gabe heriotza zigorra ezartzea baimentzen.

Bistan da Sociedad Vascongada de Amigos del País sustatu zuten Azkoitiko Zalduntxoek ez zituztela Euskalerria adina maite euskal herritarrak.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak