kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Hondamendia / Xabier Montoia / Elkar, 2015

Etorkizunik ez Alex Gurrutxaga Muxika / Berria, 2016-04-10

Eleberri eta narrazio gogoangarrien egilea da Xabier Montoia. Azken lana ipuin-liburua du, eta motibo baten inguruan dago bilbatua: hondamendia. Ipuinotako pertsonaiei etorkizun hobeagoaren ametsak desegiten zaizkie eta, dauden lekuan daudela, gainbehera etortzen zaie mundua. Hondamendiak hamaika aurpegi izan ditzake, eta beste horrenbeste dira liburuko gaiak eta berorien tratamenduak. Hemeretzi ipuin, hiru ataletan banatuta: Hitzaurrea, Etorkizun zoragarri honetan eta Betiko gaua. Tituluak W. Shakespeare, B. Marley eta I. Bachmannen lerroetatik hartuak dira, eta nola edo hala garapen bat markatzen dute: iragana, etorkizuna, amaiera. Genesiaren berrirakurketa iradokitzaile batek zabaltzen du liburua (Hasiera), eta azkenekoak, zirkulua itxiz, kontatzen du Hondamendia izeneko liburua idatzi nahi lukeen idazlearen bizitza —eta heriotza.

Hondamendiaren ideiak aukera ematen dio egileari bai errealismoa bai fantasia lantzeko, eta baita mugan ibiltzeko ere. Originalak dira trama asko, baina ez beti eraginkorrak. Izan ere, Montoia oso abila da informazioa dosifikatzen, baina hainbatetan sorpresa efektua lausoa da, batez ere bigarren ataleko ipuinetan. Adibidez, bertakoen eta kanpokoen arteko tentsioaren alegoriatzat har daiteke Saleriak, baina untxiek inbaditzen duten uhartearen trama aski ahula gertatzen da; Putakumeen planetan ipuinak, berriz, marko fantastiko oso arraroa eraikitzen du, estralurtar batek Lurrean ikusten duenari segiz. Gazi-gozoa da halako ipuinen efektua. Beste adibide bat Terrorista da: Jesusek merkatariak tenplutik nola, halaxe bota nahi ditu terroristak Vaticanotik hango fariseo modernoak; baina, ironiatik harago, ipuina ez da oso lortua.

Beste muturrean daude ipuin errealistenak. The voice of Ireland, adibidez, gizon eroriaren kantu oso lortua da. Petrolio ipuinak, berriz, bi plano ezkontzen ditu, bi itsasontzi eta bi bizimodu tragikoren uztarketa eginez. Aipagarriak dira, halaber, Maiatza, Fosca Corsinovi libertarioari eskainia, Hondamendia, talde armatu islamista batek hil dezan zain dagoenaren trantzea, edota Izar baten itzaltzea, txakurraren ikuspegian oinarritutako ipuin originala.

Xabier Montoiaren idazkera aski markatua eta fina da. Idazkera teknika ugari erabiltzen du —plano jokoak, puntuazio libreko bakarrizketa, pertsona narratiboen alternantzia, zehar estilo librea…—, eta aipatzea merezi du erabilitako euskarak ere; koloretsua eta joria da, eta euskalkiekin aberasten du gainera, hiztunen sinesgarritasuna areagotuz: nafar-lapurtarrarekin La belle vie-n, Gipuzkoako mendebaldekoarekin Akaberakoa-n, etab.

Txema Arinasek BERRIAko zutabean (Kritika txar baten posibilitatea) iradoki zuen —irakurle honek ongi ulertu bazuen behintzat— Montoiaren azken liburua ez zaiola ona iruditu. Argudiorik ez zegoen artikuluan eta, ezin eztabaidatu. Baina, honezkero argi dagoen bezala, gure irakurketaren ondorioa bestelakoa da: gehiago dira liburua ona dela esanarazten diguten elementuak, kontrakoa erakusten dutenak baino. Oro har, ipuin errealistak nabarmenduko nituzke, ikuspegi ironikoa eta kritikoa dutenak, eta ez hainbeste fantastikoak, fikzio-marko eta trama ahulagokoak. Edonola ere, istorio gozagarriak dira Hondamendia osatzen dutenak.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak