kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Espedizioa: mendi ororen pisua / Juanra Madariaga / Txalaparta, 2015

Bizitza: mundu ororen pisua Mikel Asurmendi / argia.eus, 2016-03-09

E(SP)edizioa: mendi ororen pisua da Juanra Madariaga goi-mendizalearen eta idazlearen liburuaren izenburua. Niretzat, Bizitza: mundu ororen pisua ere izan liteke.

Liburu bakoitza mundu bat da. Bere(i)zia. Eta E(SP)edizioa berezia da, berezia denez. Liburua balio ahal digu “gauzen dimentsioa” hartzeko, areago “bizitzarena, heriotzarena…”, baita “ezerezarena ere”. E(SP)edizioa irakurtzean hori jaso ahal duzu, nik horiek jaso ditut bederen.

Gauza da, liburuen honen dimentsioak irudimenenarena gainditzen duela. Hots, mendian ibili bazara, —ez Juanra Madariagaren izarietan, izarrak ia ukitzeraino igoa—, ziur inoiz ibili zarela, giroa gaiztotzen dela badakizu, eguraldiaren eta bizialdiaren une gaiztotuaz akordatuko zara. Areago, mendian zure leinukoren eta bihotzekoren bat geratu bazen. Eta nihaurek badut nire “Felix Iñurrategi edo Iñaki Otsoa de Olza” bat mendian.

Hartara, edo honaino iritsirik, edo bestela ere, nik ez nuke E(SP)edizioa liburua mendi irtenaldi batera eramango. Ezin izango nuke jasan. Ez, duen pisuarengatik, bistan da. Bere baitan daraman “pisua”rengatik baizik.

Bistan da, bistan denez, mendian dabilenari nola ez dabilenari liburua gogotik irakurtzea gomendatzen diot.

Juanra Madariaga idazleak Unai Elorriagaren SPrako tranbia liburua eraman zuen Himalaiako Shisha Pangma mendi espedizioan. Madariagak dioenez “hamalauetan txikiena, handietan txikiena, txikienetan handiena” da Shisha Pangma.

Madariagak SPrako tranbia nobelako Lucas protagonista du bidelagun, bidaide eta gogaide. Ez da bakarra. Anitz ditu mendiko kideak, anitz dira presente dituen idazleen poeten filosofoen eta zientzialarien gogoetak. Lucas baina, Hirugarren gizakia esaten zaion bidaidea edo adiskidea du Juanrak. Besteak beste, eta bereziki, mendizaleek “jasaten” dituzten haluzinazioen berri eman digu idazle-mendizaleak E(SP)edizioan.

Luze egin dut liburuan barrena (Nepal, Tibet, Katmandu…), mendian barrena nola. Inguratu nauten paisaiekin liluraturik, apenas hartu dut oharrik. Poesia lerroz inguraturik, mendilerroko minezko pasarteek ez dizkidate lerrorik idazteko kalipurik eman nonbait. Hainbatetan amildurik ibili naiz, Juanrak nola.

Meditaziora gonbidatu nau liburuak, gogoetara eta idaztera baino. Lucas azaldu denean baina, akabo. “Ez dago ahazteko desioa bezalakorik gauza bat memorian betiko itsasteko”. (Michel de Montaigne). “Baina bizitza beste zerbait da, beste zerbait, ezta?”. (Juanra Madariaga). Ez da hala Juanra? Eta nire Lucasek —Juanrak alegia— hauxe berretsi dit: “Ematearen kontrakoa ez da jasotzea, ez-ematea da”. Izan ere, —Lucas, zuri ari natzaizu— Juanraren moldera, “nik ezin dut bizi galera zer den jakingo ez banu bezala”.

Juanrak Shisha Pangmara berriz ere igo nahi du, ziur, eta nik berriz ere SPrako tranbian. Izan ere, agian, Unai Elorriagaren nobela irakurri nuenean ez nekien zer zen Lucas-en bakardadea. Ez nintzen akaso literaturan aski zaildua. Arantza hori daramat azalean, mendizaleek zarrastadak nola. Horregatik, beharbada, SPrako tranbian igotzea komeni zait, Lucasen bakardadea berriz ere dastatzeko.

Juanra —zuri ari natzaizu orain—, besarkadak eta ikarak sentitu ditut. E(SP)edizioa liburua eternitatera igarotzeko ona duzu. Mundu ororen pisua duzu. Itsasoa izan ezik mundu oro ikusten baita handik goitik. Nik anaia galdu nuen mendian edo munduan, Juanra. Ez dakit libururik bertan laga ote zuen. Nire baitan zulo handia bai laga zuela baina.

Edozelan ere, eskerrik asko Juanra. Mendi ororen pisua laxatu baitut zure munduan. Zuen munduan —zure munduan ere Lucas—.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak