« Aukeran nahiago bestela | Bizitza: mundu ororen pisua »
12etan bermuta / Jasone Osoro / Elkar, 2015
Intimitate herdoilduak Hasier Rekondo / Berria, 2016-03-06
Jose Luis Padron poeta eta iruzkingile finak, 2001. urtean, Jasone Osorok (Elgoibar, 1971) sentimenduez mozorrorik gabe hitz egiteko duen gaitasun naturala aipatu zuen, “intimitatea inolako bortxaz erasotzeko”. Bere azken liburu honetan ere, 12etan bermuta (Elkar, 2015), sentimendu gordinez eta intimitate herdoilduez ari zaigu elgoibartarra: maitasuna, zeloak, abandonuak, gorrotoak, sexu joko askatzaileak eta ezinduak… Sentimenduen geruza askatzeko trebezia nabarmena du Osorok, alta, literatur itsaso lar handietan murgiltzeko nolabaiteko gabezia ere agertzen du sarri, eta, batez ere, lar aurreikusi daitezke moldatu dituen bakarrizketen nondik norakoak.
Izan ere, bakarrizketaren moldea aukeratu du emakume baten nitasunetik abiatuta, familiak ehundutako sare monolitikoak eta hautsi ezinak, ongizatearen gizarte erosoak sortutako itolarri askaezinen berri ematen digu Berta ahots protagonistak.
Liburuan bederatzi bakarrizketa aurkezten zaizkigu, arras irakurterrazak guzti-guztiak eta erritmo narratibo altuari jarraiki. Sarritan hitz bakarrak markatuko du sintaxiaren sinpletasuna. Estilo zuzena, azkarra eta estandarra. Burbuila askaezin batetik irteten baitira pentsamenduak Bertaren pentsa-gailu, bozgorailu existentziala esango nuke, mindua tresna boteretsu bilakatuz. Berta bere buruarekin, eta inguru sozialaren eraginez egokitu zaizkion bidaideekin ari da: zortzi jomuga-zuri zuzentzen baitzaizkio. Betiereko edertasuna bilatzen duen amari, abandonuaren isla den aitari, sexu grinak asetzen ahalegintzen den maitaleari, gorrotoa eta maitasuna eragiten dion alabari, zeloak sortzen dizkioten anaia eta lagunari, senar lar irmoari, eta amama idealizatuari. Eta baita bere buruari ere, nola ez.
Liburuaren alderik erakargarriena, arestian aipatu bezala, Osorok talka leun batekin zertzelada sakon bat eraikitzeko duen gaitasunean datza. “Gosea pasatzea zen bizitza. Hilko zarela jakin, eta halere, edo horregatik agian, larrutan egitea”. Pertsonaien hustasun existentzial horren kontra, besteak beste, sexua izan liteke irtenbide bakarra. Eta zenbaitzuk Osororen literatura azpiatal erotikoaren mugetan kokatu nahi izan badute ere, harago ibili nahi du idazleak; emakumearen gorputza kartzela bat gisa aurkezten da narrazioan, non sufrimendua eta plazerra txanpon bereko ifrentzuak diren.
Nobela bat sortzeko Agustin Zubikarai XIV. Saria lortu zuen Osorok aurkeztutako ideia-egitasmoak, eta bost urtez ezer argitaratu gabe izan ondoren argitaratu du idazle elgoibartarrak. Narrazioaren moldeetan berrikuntza formalak saiatu dituen arren, oso ondo daki zeintzuk diren bere alderdirik indartsuenak eta zein izan litekeen bere irakurlegoa. Nago batzuetan bete-betean asmatzen duela, “Baliteke batzuetan zenbat eta gehiago maitatu orduan eta gutxiago desiratzea norbait. Sekula pentsatu izan al duzu horretan?”, eta berriz, beste batzuetan aldiz errazkeria erreferentzial larregi erabiltzen dituela: Bertaren nia bete-betean azaleratuko den azken bakarrizketan putreak eta txantxangorriak alderatzen dira, Itoitzen kantuari keinu eginez, “gutxienez txantxangorri bat banintz, hegal egiten…”. Ahaleginak ahalegin, Osorok ez du inor indiferentzian lagako eta kosk egingo die gure ezintasunei.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro