« Aukeran nahiago bestela | Bizitza: mundu ororen pisua »
Dora Bruder / Patrick Modiano (Monika Etxebarria) / Igela, 2015
Historia berreraiki beharraz Iraitz Urkulo / Berria, 2016-03-06
Eleberri labur honetan Patrick Modianok bere obsesio nagusietako bati heltzen dio: desagertutako norbaiten bilaketa. 1988ko abenduan Paris-Soir egunkarian 47 urte lehenago, hau da, 1941. urtean argitaratutako Dora Bruderren desagerpenaren iragarpena nahikoa zaio idazleari istorioa abiatu eta Frantziaren okupazio garai nahasian zehar neskato judua Auschwitzera eramango duten pausoei jarraituz osatzeko.
Pello Lizarraldek adierazi duen bezala, Modianoren obran, pertsonaiak ez ezik, Parisko hiria ere protagonista da. Hala erakusten du autoreak ia xehetasun topografikoz egiten dituen Parisko kale eta eraikinen deskribapenetan. Bibliografia zabala eta plano eta argazkien erabilera salatzen duen teknika narratibo horren bidez, II. Mundu Gerra garaiko eta gaur egungo Paris, fikzioan biak elkarren ondoan edo gainjarrita irudikatzen ditu maiz, denboraren iragaite geldiezina eta espazioaren aldaketa azpimarratuz.
Testuan bertan, bestalde, jaiotze- edo ezkontza-agiriak, udal fitxak, okupazio aldiko polizia-txostenak, erregistroko dokumentuak edota lekukoengandik jasotako informazioak txertatzen ditu, egindako lan bibliografiko sakonaren erakusgarri. Oro har, sentimenduak islatzeari arreta handirik eskaintzen ez dion nahiko narrazio aseptikoa bada ere, pasarte asko eta askotan itxura guztiz objektiboa hartzen duena, paradoxikoki estilo xume, garbi eta hotz horrek oso irakurketa emozionala bideratzen du. Are gehiago, une jakinetan samurtasun puntu bat ere antzeman daiteke, garaiaren latzak behartutako pertsonaien bizimodu prekarioagatik eta kontatzen diren egoera delikatu xamarrengatik, ziurrenik.
Ariketa metaliterario erabatekoan, narratzaileak Dora Bruderren bizitzaren inguruan ahalik eta datu gehien biltzeko obsesioak jotako detektibe eta, aldi berean, eleberriko idazle gisa aurkezten du bere burua. Jokaera horrek, alde batetik, neskatoak ibilitako Parisko kale eta leku berberetan igarotako haurtzaro eta gaztaroan izandako inpresio eta bizipenak gogora ekartzea ahalbidetzen dio Modianori; bestetik, dokumentazio zabalean agertzen diren ezezagun ugariren kasuak aipatzeko aukera ere ematen dio; Frantzia eta Alemaniako esparruetara bidalitako juduenak, esaterako. Halere, informaziorik ezean —garai hartako agiri historiko gehienak alemaniarrek su emanda suntsituak izan baitzen—, egiaztatutako datu apurretan oinarrituta eraikitzen dituen balizko hipotesiekin betetzen du diskurtsoa, era horretan haren ikerketa zorrotzak utzitako hutsuneak osatuz.
Nobel saridun bati dagokion trebeziaz, Patrick Modiano Dora Bruderren kasu konkretutik abiatzen da, baina neskatoaren ibileren atzetik doala, kontaketak pertsonaia bakar horren istorioa berehala gainditzen du, beste behin Frantziako Okupazioa bizitako juduen esperientzia kolektiboa fidelki jasotzeko. Eta, bide batez, historia berreraiki beharraz mintzo zaigu, memoria berreskuratzearen garrantziaz.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro