« Nobela historikoa | Bizitza desosegu »
Beti oporretan / Harkaitz Cano / Susa, 2015
Nahikoa diferentea Aritz Galarraga / Deia, 2016-02-27
Izenburu esperantzagarria izan liteke —disko, berdin ipuin bilduma baterako— Beti oporretan: oporrak sarri lotu ohi ditugu etenarekin, errutina haustearekin, azken buruan, zoriona deitzen diogun horrekin —oporren aurretik, eskuarki; beste gauza bat izaten da bitartean, edo are ondotik—. Ez derrigor, baina leku berriak ezagutzeko aukera, jende berria, bestela bizitzekoa. Baina, besteren gainetik, pozik —dena delakoa dela sentimendu hori—. Harkaitz Canoren azken ipuin bilduma ere halaxe hasten da, Mediterraneo ertzean, bare: “Ez zen konturatzen Mediterraneoan marea ez dela apenas lekutik mugitzen, ez daukala Kantauriko gorabeherekin zerikusirik”. Baina, hamalau ipuin igeri eta gero, beste bat da bukaera: “Mareaz jardun da, eta jendearen ustearen kontra Mediterraneoak izan lezakeen oldartzeko gaitasunaz”. Kontraesan bat irudi luke, baina iruditzen zait dela errealitatearen uretan bainua.
Tartean zer gertatzen da, ordea? Bada, haurtzaroa kolpetik eta, nola ez, modu mingarrian bukatzen dela, adibidez, Arrokarik altuena izeneko ipuinean. Nerabezaroaren oroitzapen nostalgiko, baina era berean krudela sentitzen dela garai hartako puska bat galtzean, Igerilekua izenekoan. Bizitza oso baten esperantza papur daitekeela edozein momentutan, gutxien espero duzunean, gutxien espero duzun lekutik, Ospakizuna ipuinean gertatzen den bezala. Gertatzen da guraso izateko modu asko dagoela, seme-alaba izateko modu asko dagoen bezala, eta bakar batek ere ez dizula ziurtatzen tragediagandik erabat urruntzea, Erreka gordin-ederrak xuxurlatzen digun moduan. Eta gertatzen da senarrek emazteak jazartzen dituztela, ez soilik errealitate gordinean, halaber Etxeko giltzak kontakizunean. Labur, oporren benetako aurpegia agerian geratzen zaigula, behin eta berriro, ipuin bilduma honetako ale bat eta bakoitzean. Eta azkenerako oporrak ez ote diren, eten, errutina hauste, zorionerako tarte baino, egunerokoaren lagin. Eguneroko trinko, kondentsatu, gotorra, hain zuzen, bestela ustez, are gordinago agertzen zaiguna, are gogorrago zafratzen gaituena.
Mugarri garrantzitsua ezarri zuen Harkaitz Canok ipuingintza partikularrean —euskal ipuingintzan ere bai, nire uste makalean—, Neguko zirkua 2005eko ipuin liburuarekin. Hobetu esatea akaso gehiegitxo izango da —nola erkatu besterik gabe, gainera, bi ipuin liburu hain ezberdin—, baina Beti oporretan honek harritzen gaitu berriz, onerako harritu ere —eta ez bakarrik Boeing 767 ipuinarekin—, aurkitzen dugulako Cano desberdin bat, ez beste bat, erabat; bai nahikoa diferentea, ordea, aldaketa egon dela igartzeko beste: ez hain literario, ez hain ipuinesko, —oporrez ari gara, baina— egunerokoari atxikiagoa, eta ez bakarrik Neguko zirkua hartako Cortazar, Mirande, Carver baino, Angela Merkel agertzen delako hemen, protagonista, edota Mariano Rajoyren pentsamendu pilularen bat: “Gauza bat da solidarioa izatea, eta beste bat, ezerezaren truk solidarioa izatea”. Horiek horrela, oporraldia zerorrek bizitzea izango da onena.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi