kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Sumisioa / Michel Houellebecq (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2015

Paranoia sentibera Hasier Rekondo / Berria, 2016-02-07

Aurreko iruzkinean aipatu nuen gisara, literaturan aurreiritziak ez dira batere gomendagarriak, berdin dio irakurleak zein idazleak izan aurreiritzien protagonista. Michel Houellebecq-ek (Reunion Irla, Frantzia, 1956) beti jorratu du bizitzan zein literaturan ortodoxia eta zuzenketa politikotik at dagoen eremu zirraragarri bezain labainkorra. Ferdinand Celine-rekin alderatu badute ere, oso urrun dago bere satira Gauaren muturrerako bidaia-ren egilearen transzendentzia xedeaz, eta umoreak ere urruntzen ditu.

Sumisioa (Meettok, 2015) azken eleberriak, Gerardo Markuletak enkarguz ondo baino hobeto itzulia, edizioari hitzaurre landu bat falta zaion arren, bazterrak astindu zituen bere herrialdean lurrikara mediatikoa sortuz, Frantzian 2017an eman litekeen hipotesi politiko baten haritik tiraka: ustezko alderdi moderatu islamista batek boterea eskuratzea, eskuin-ezkerreko alderdien laguntzaz, Front National-a gelditzeko azken saiakera gisa.

Hipotesiaren betetze mailaz haraindi, ezin zaio ukatu Houellebecq-i nobela erakargarriak, miseriez trufatutako ukituekin, ontzeko duen trebezia ikaragarria. “Nahasi egiten ninduen, eta apur bat higuindu, historia politikoak oraindik eragina eduki ahal izateak nire bizitzan”, dio Houellebecq-en alter-egoa ere den protagonistak (J.K. Huysmans XIX. mendeko idazle frantziarraren gaineko tesia idatzi ondoren, Sorbona III. Unibertsitatean irakasle), eta esaldi hori guztiz kontraesankorra lirudike, egilearen beste ezaugarri nagusietako bat bestalde, politikak eta politika-fikzioak bilbadura narratibo ezin erakargarriagoak ehuntzen baititu, Houellebecq misantropoaren lumaren irudimenerako ahalmenari esker.

Nobelak erritmo bizia bezain kaotikoa agertzen du: Houellebecq-ek aise apurtzen ditu literaturaren konbentzionalismo nagusiak, maisutasunez eta zabarkeriaz apurtu ere; bitxia egiten da nobelan agertu lehen deskribapen zehatzak protagonistak youporn kanal pornoan ikusitako bideoen gainekoak izatea, aurretiaz Huysmans-en gaineko ohar literarioak eta protagonistaren gainbehera moralaren gaineko hausnarketak gailendu direnean. Sexuaren gaineko erreferentziak ez dira faltako, emakumeak tratatzeko moduak arras zabarrak dira, konplexuak uxatzeko gisa erabili arren, sexuaren ezintasunak miseria morala eragingo dio protagonistari.

Frantzia gerra zibilaren atarian bizi da Houllebecq-en nobelan; egileak argiro ultra-eskuinarekin bat egiten duen seinaletzat jo dute nobela, islamaren mamuaren arriskuaz ohartaraziko bailuke, inorekin ezkontzen ez den Houellebecq-en hipotesia Front National-arekin bat bailetorke. Alta, oso urruti dago irakurketa hori, ene ustez, nobelak adierazi nahi duenarekin, alegia, satirak bakarrik salbatu gaitzakeela ezberdinari diogun beldurraren ondorioez. “Nire artikuluak argiak ziren, zorrotzak, distiratsuak; estimatu egiten zituzten, are gehiago sekula ez nintzelako datarekin atzeratzen. Baina nahikoa al zen hura bizitza bat justifikatzeko? Eta zer beharrizan dauka bizitza batek justifikatzeko?”, dio protagonistak. Azken finean, Houellebecq-ek, pornoaz asetzen ez den gizaki sentibera nonbait, historiaren eromenaren aurka konponbide pertsonalak bakarrik geratzen zaizkigula gogoratu nahi du. Finean, islama irtenbide pertsonal gisa aukeratzen duen bere protagonistak bezala. Baina berdin aukeratu dezake kristautasuna, ala pornoa. Bizitzari dion beldur existentzialari aurre egiteko berdin baitira politika, literatura zein pornografia, tresna hutsak.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak