kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Babeserako kopia / Goizalde Landabaso / Elkar, 2015

Norberak gordetzeko Igor Estankona / Deia, 2016-01-30

Jat (Elea, 2005) irakurri genuenean, edo Landabasoren edozein liburu hartzen dugunean berdin, malenkonia bat sartzen zaigu bizitzaren errepaso baten antzekoa. Orduko hartan esan genuen liburu existentziala begitandu zitzaigula, beldur barik aldarrika zezakeela hori idazleak, eta ezinezkoa zuela ezkutatzea. Landabasoren lana isiltasun ozen batean galtzen zen, haizearen firi-fara altua ahul iritsiko balitzaio bezala eta benetan sorgarria, benetan garrantzitsua, norbere hustasuna balitz legez.

Babeserako kopia honetan ere memoria eta hustasuna aldarrikatzen ditu bilbotarrak, beldurgarria iritzirik berau —memoria, alegia—, galtzea: “Nire aurreko belaunaldietan ikusi dut nola zahartzean oroitzapenak lausotu edo galdu egiten diren. Beti pentsatu izan dut ezabatze horren ondoren zer geratzen den. Uste dut geratzen dena beste pertsona bat dela, ez benetan pertsona hori izan dena, oroitzapenak galtzen badira norbera ere galtzen delako. Babeserako kopia ahalegin bat da memoria hori berreskuratzeko, nor garen gogoratzeko eta, batez ere, memoriak kale egiten duenean, nor ginen gogoan izateko”.

Horretarako egin du segurtasun kopia bat.

Landabasoren poesia errealitatea eraikitzeko ahalegin etengabea da, eta horretarako baitezpadakoa zaio lehenaldiaren irakurketa egitea. Ulertu ezin dena ulertzen, harrapatu ezin denaren xerka, hala dabil bere lirika: “Ni naiz lehortzen den ibaia,/ txilioka odolusten duten piztia/ urak irensten duen hondar eremua.// Ni naiz haize-zirimolak zanpatzen duen bolua,/ helmugara ailegatzen ez den lasterkari prestua,/ begi bistan gelditzen den sustrai umezurtza”.

Eta gisa horretan, bizitza efimeroa dela oharturik eta gorde nahirik nor izan garen, nor bihurtu garen eta nor izan gaitezkeen, Landabaso dabil poesia kontzeptualaren baso sarritik, noizbehinka eginez pentsamenduaren poesiarantz. Apartatu egiten da beraz zertxobait aurreko lanetako tonu errealista eta intimistagotik, eta egiten du sakonera, misteriora, ulertu ezin den horretara hurreratuz.

Ezinbestean, galderak pausatzen dira orrialdeetan, segurantzarik bat ere itzultzen ez duen paper zuriaren erantzunaren zain. Eta ez dator erantzun hori, soilik itaunaren oihartzuna. Poesia honen arriskua —ulertu ezina iritsi nahi duen poesiarena— izan ohi da hain zuzen korapiloa askatu beharrean astuntzera egitea. Uste dut lan honek ez duela guztiz gainditzen kontraesan hori, eta uneka irakurketa trabatzen dutela esaldi hanpatuek eta ikuskera filosofikoaren dentsitateak.

Existentziaren urak. Bakardadea. Lehen aipatutako hustasun nabaria. Eta arroztasun sentsazio bat arraroa: “Gogoan ez ditugun gertakariak/ non gelditzen dira?/ Zein leku dute akorduan?”. Idazleak Denbora deitu dion azken zatian kondentsatzen dira ideia behinenak eta beldur guztiak. Azken zati horretan ageri da garbien heriotza, bere karga guztiarekin. Egiari zor, beti izan du Landabasoren poesiak izaera arean terapeutikoa eta mamuak uxatzeko bokazioa. Babeserako kopia ez da salbuespena.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak