kritiken hemeroteka

8.549 kritika

« | »

Morala eta erlijioaren bi iturriak / Henri Bergson (Xabier Mendiguren Bereziartu) / Klasikoak, 2002

Zabalaren deia Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2002-12-07

Erlijioaren eta gizartearen arteko harremanak aztertzen dituen liburu honetan, ipuin polit baten hasiera dakar Bergsonek: inurri batek bere buruari galdetzen dio ea benetan merezi duen bere denbora eta indar guztia taldeari ematea. Zoriontsuago litzateke, menturaz, taldetik pittin bat aldendu, eta bere kasa balebil.

Baina, inurritegiaren lasaitasunerako, soilik giza adimenak eragiten ditu, batetik, gizartearentzat disolbagarri gerta daitekeen norberekeria, eta, bestetik, banakoarentzat tristagarri izan daitezkeen zenbait irudikapen, heriotzarena kasu. Perturbaziook uxatzearren, gizartea babestekotan, naturak moral itxia eta erlijio estatikoa eman dizkio gizarteari. Erlijio estatikoa Bergsonek “funtzio fabulatzaile” deritzonak bizi du, hots, adimenak eraginiko ezinegona baretzeko ipuingintzak. Hizkuntzarekin gertatzen den bezala, betebehar moralen eta erlijio fabulen adierazpen zehatza aldatu egiten da gizarte batetik bestera, baina betebeharra eta fabula bera berezko ditu edozein giza taldek. Gainera, denborak aztura bilakatzen dizkigu, eta instintuak inurritegian duen eginkizuna betetzen dute gizartean.

Ordea, patxadazko irautea helburu duten arauok eta kontakizunok, gizartea zurruntzen dute. Heroiek eta santuek biziberritzen dute astuna, presio soziala beren kemen alaiaz gaindituz. Heroiek moral itxia irekitzen dute, eta santuek erlijio estatikoa dinamiko bilakatzen. Gizakiok, inurriak ez bezala, zalantzatiak eta malguak garenez, gizarteek ustekabeko bideak har ditzakete. Ez gara berdinak Sokrates, Jesus edo Fernando Amezketarraz geroztik. Berria zekarten, berritzen gaituzte. Zaharrak berri barik, bizitzaren iturriari ur berri-berria dario une oro. Historiak ere etengabe dakartza ezusteko aldaketak. Artistek zein mistikoek bat egiten dute bizitzaren funtsa den emozio sortzaile beti berriarekin, Bergsonek Jainko ere deitzen duena: izugarriak bota zizkioten teologoek, Inkisizioak bere liburuak debekatu zituen.

Gizandiok maitasunez deitzen digute, gure arima piztuz eta zabalduz, eta berengana erakartzen gaituzte. Maitasun hori bizi bulkada bera da, gizaki berezi bikain horien bitartez gizadi osoa besarkatu nahian. Zehazki, mistiko ekintzaileek, beren estasiek gizartean nolabaiteko isla izan dezaten ahalegintzen direnek, erakartzen dute batik bat Bergson Morala eta erlijioaren bi iturriak bere azken liburuan, lehenago biziaren musikari adi gozatzen dakien bakartia goraipatua bazuen ere.

Edonola ere, bai gizarte obedientziak eta bai estasi mistikoak bizia bera dute sorburu, aizkorak hagina bezala. Bizitzatik eratortzen ditu gogolari frantsesak psikismoa, gizartea eta erlijioa. Halaber, Bergsonek egitate horiek aztergai dituzten jakintza arloetako gaizkiulertu zenbait salatzen du, esate baterako, jarraitasuna ikusteko seta, benetako jauzi kualitatiboa beharrean: adibidez, esaten zaigu sendiarenganako maitasun naturala ondoren aberrira zabaltzen dela, eta azkenik gizadi osora.

Ostera, Bergsonentzat filantropoa ez da handituriko abertzale bat. Nazio bat beste nazio batekin aldera daiteke, ez gizateriarekin. Sendiek bezala aberriek ere, besteen aurrez aurre aurkitzen dute neurri batean beren burua, mugatuak baitira; gizadiak, berriz, ez du mugarik. Hortaz, norberarena maitatzetik ezin da eratorri guztienganako maitasuna. Izen bera ematen zaien arren, funtsean dituzu desberdin, zatia eta osotasuna bezain. Maitasun unibertsalak arima aldaketa bat eskatzen du, mutazio bat. Mistiko handiek naturala ez den su batez, naturak aurreikusia ez duen eraz, maitatu izan dituzte Jainkoaren bidez gizakiak oro.

Liburu hau argitaratu zen garaian, Bergson kristautasun katolikora hurbildu zen, erlijiorik unibertsalena zelakoan. Jesus izan omen da giza eskubideen aldarrikapenaren bultzatzaile nagusi, Jesusek bilakatu zuen juduen Lege itxia, begia begi truk, karitate zabal. Hala ere, Bergson judu Nobel saridunak, arrazakideenganako elkartasunez —baziren eta, ordurako, holokaustoaren susmoak—, ezkutatu egin zuen bere konbertsioa. Paris okupatuan hil zen, judu gisa erregistra zezaten ordu luzez ilaran itxaroten harrapaturiko pneumoniak jota. Lehentxeago, izar hori salataria ez janzteko aukera eskaini zioten agintariek, baina Bergsonek uko egin zion.

Ez da hain delikatua Espainiako Eliza. Fede oneko agnostiko eta ateoek ere badakite Satanasek agindu duela bere azken korrokada.

Azken kritikak

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak