kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Atalak / Bitaño / Itxaropena, 1967

Atalak Luis Mitxelena / Egan, 1967

Bada gure artean EGAN-en irakurleek ongi ezagutzen duten Proteu-antzeko idazle bat, mila itxura eta mila izenen itzalpean agertzen zaiguna, euskaraz eta erdaraz, prosaz eta hitz neurtuz, poesia nahiz erudizio gaiak darabiltzana. Izen horietako bat Bitaño duzue eta bere azken liburua hona dakartzagun euskarazko Atalak. Erdarazkoa, berriz, zenbaitek dioenez, N. de Cortazar’en Cien autores vascos (Auñamendi, Donostia, 1966) izan omen da. Edergarriak ere berberak egiten ditu.

Honelako egileari dagokionez, ohi ez bezalako Itzaurre irukoitza darama liburuak aurre-aldean: Erkiagaren Zizka-mizka atsegina, Akesoloren Atx-osterik atx-ostera eta San Martinen Ataleri ataltxo bat. Hor dituzue, nahi izanez gero, nik eman ditzakedan baino berri gehiago, bai liburu honezaz, bai egilearen izaeraz, joeraz, izenez eta gainerakoez.

Zer erantsi dezaket, bada, nik? Deus gutxi, inolaz ere. Egilea maite dudala gizon den aldetik eta aspaldidanik miretsi izan dudala: gizon jator bezain miratzaile zehatz, ausartago balitz eta gorago joko balu, hobe guretzat, euskaltzale gartsu bezain gogo-zabal, burutsu bezain bihoztun. Eta ez dut nahi, alferrik delakoan, ez ezin daitekeelakoan, bide honetarik aurrera segitu.

Euskal letretan, apala izanagatik edota apala delako, aski nabarmendu da bere boza azkenaldi honetan. Ikasia izanik, jakitea izkutatu nahi luke eta jakite lanek baino gehiago asetzen dute, noski, azkenik agertzen hasi den sentiera izkutuek. Isuri hori behar zuen aspaldidanik, bihotzaren beteegia lasaitzeko, eta amor emanik besteri ere eskeini dio gorderik zeukan aberastasuna.

Hiru zati ditu liburuak, oker ez banabil, azkeneko oharrak baztertuz gero: Elezar. Kontu barri, Pasaixuak, Badoazanak. Barri emoten. Alkarregaz berbetan. Gizon berbera, idazle berbera, beraz, ageri da hiruotan. Hizkera landuan, eta landugabetasun landuagoan, ari garen horrenbeste euskal idazleren artean, Baroja gisako naturaltasun zailean mintzatzen zaigu Bitaño, herri inguruan ikasi zuen euskara lauean. Bere bidetik doa, gure literaturaren onean, ez inoren gidari izateko asmotan, ez inoren mutil.

Badirudi poesian ontzat hartu dutela Markue inor gutxi ontzat hartzen dutenek ere eta, maixuak mintzatzu direnez gero, ez dut nik zer esanik, poztu egin naizela baizik. Elezaharretan, berriz, nahi gabe Madrilen bizi den Aranburu busturiarra dakarkit gogora. Orain berriro esaten baitzidan: Barandiaranek eta egin duten lana, elezaharrak eta biltzea, ederki dago baina ez zait aski iruditzen. Nik ez dut ezer jasotzen ez biltzen; nik neronek sortzen ditut, antzinakoek egin zuten bezalaxe. Aranburuk, zoritxarrez, ez du ezer argitara, nik dakidanez; bai, ordea, Bitañok. Hizkuntza bezala, elezaharrak sortu zituen irudimena bizirik behar genuke gure artean, ez hilik eta liburu-orri iharretan meztiturik.

Nik ez dut gehiago goraipatuko, beharrik ere ez du eta, elezahar berritzaile, artezale eta euskal idazle umil ahaztuen historiolari hau. Ez du harrera txarrik izan eta ez du izango. Leizarragak itzuli zuen bezala, Dohatsu dirade emeak (otzanak, alegia), zeren hek lurra heretaturen baitute.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak