« “Elorri” | “Bide-giroak” »
Bide giroak / Luis Mari Mujika / Sendoa, 1963
Bide giroak Luis Mitxelena / Egan, 1964
Liburu bakana da gure artean L. M. Mujikaren hau, euskaraz eta erdaraz egina, erdal itzulpena aldamenean darama euskal testuak, bai darabilen gaiagatik, bai gaia darabilen eragatik. Horrela uste du egileak berak ere liburuari, eztabaida berrien sortzaile, ipini dion hitzaurre luze eta polemiko xamarrean esaten digunaren arabera.
Goien aipatu ez dugun izenondoko hau ere badu: Izadi konsakratze baten poema elesti-lirikua. Bide-giroak, azaltzen ditu beraz, baina barren-giroak ere bai, gainera eta areago. Izan ere, Etxaidek kanpo aldera bihurtu baditu begiak, barren hondarrera dauzka Mujikak zorroztuak, eta bide-giroen aldaera ez da barren giro urdurien ixpilua baizik. Paisajea, hemen, aitzakia soila da, sarri aski: Einfühlung delakoak giza-zentzuz jantzi duen bihotz-aldarteen errainua. Irakur bedi egileak 12garren orrialdean dioena:
Olerkariak ondoko giroarekin, paisajearekin, jarduten du, au da, bere barnea bailitzan buruatutako lurraldeakin ekiten. Bai, paisajearekin lankidetzen du, onek barrua, gogoa kreatu dezaion. Orra bada zergatikan ainbeste paisaje-ekite poemaren zatiburuetan. Eta barren-lantze horri gorabeharrak eragiten dio: Poema osoa idea ontara biltzen da: barren-giro ta paisaje-arteko lankidetasunera, ta Izadiaren, Jainko antzagaitik, Jaunarekino arkitze t’alkar-jardunera.
Ez da erraz, neretzat behintzat, honelako poema batez neurrizko iritzirik ematea: prosaz ondua izateak ez dit batere lana arintzen. Goragarriak dira egilearen kemena eta arnas luzea, orobat era berrien bila abiatzeko izan duen ausardia. Ez da, gainera, bilaketa soila izan, ez baitu bilatzailea bere ibileretan esku-hutsik utzi edertasunak.
Honelako, biotz-egunkariek, badute, ordea, beren berezko arriskua, nik uste: are gehiago hirurehunen bat orrialdetara heltzen badira, honako honen gisan. Poesi hizkerak badu bestelakoek, egunorokoak edo jakite hizkuntzak, ez duten zerbait eta horrexegatik izan ohi dugu hain estimu handitan. Gogoeten surdetermination delakoaren bitartez, dioena baino gehiago adierazten du eta zentzuz ernari agertzen zaizkigu bere esanak. Bestela esan, puztua eta hanpatua da berez, nolabait ere, eta gogaikarri gerta daiteke, jarduna luzatzen baldin bada, zoragarri izan beharrean, bere gehiegikeriagatik beragatik.
Mujikak, egia da, gogorazten digu aldez aurretik Juan Ramonen hura: No creo, en ningún caso, en un arte para la mayoria. Baina idazleak ez badu irakurlea nahi lukeen adina inarrosten eta astintzen, ez da beti, haatik, honako honen erruz eta kulpaz izango. Neronen bihotz gertariak, bidenabar ikusi ditudan huskeriak, urre gorri aberats dira neure gogoan, eta sarritan murgilduko naiz atseginez, laino tristetan bilduak agertzen bazaizkit ere forsan et haec olim meminisse iuuabit, horien oroitzapenean. Horiek, ordea, neure oroitzapenak dira azkenengo buruan, ez besterenak, eta neuretasun kuttun hori baliakuntza eskasa izango dute besteren begi aurrean. Guztion aberastasun bihur ditzaket, mamiz eta azalez, argiune bakan horietako batek argitzen banau inoiz, baina ez da alkimistarik itxuraldatze miragarri hori noiz eta nolanahi egin dezakeenik.
Gehiegi espero du, beharbada, liburu honek irakurlearengandik, nere antzeko irakurle kaxkarrarengandik, behintzat. Tximist antzera, poesiaren argi distirakorra sumatzen da esaera batean, orrialde batean, baina orrialdeak asko dira eta esaerak are gehiago. Argia ez ezik, badu bere lainoa poesiak. Hemengoa, ordea, metafisika lainoa iruditzen zait zenbaitetan eta hitz lainoa ere bai, inoiz edo behin.
Ez dut, gorago esan dudan bezala, sentimenduen jatortasuna ukatzen, inolaz ere, baina ez dut uste, nahiago nuke oker egon, zuzen baino, jatortasun bizi hori irakurleari aditzera emateko, entzungor egin nahi badu ere, biderik eta modurik aurkitu duenik beti.
Hizkera, bestek ere esan du eta, gogor xamarra agertzen du, han hemenka. Ez da harritzeko eta barkakizun da, nolanahi ere. Arlo berriak landu nahi baditugu, eta horretan ari da, noski, Mujika, inor ari bada, gogorki eta baldarki mintzatu beharko dugu, leuntasunera eta txairotasunera iritxi baino lehen. Mintzatzea da aurrenik: leun mintzatzea atzerago dator.
Hitz bi, bukatzeko, liburu honen hitzaurrean esaten diren gauza batzuez. Euskal literaturaren hutsak eta akatsak, nik uste, ez dira euskal literaturarenak berarenak, Euskalerriarenak baizik. Gehiagotara ausartu behar badugu eta leihoak kanpo aldera ireki, gure inguruko gogo-giroa aldatu beharko dugu aurrenik, eta gogo-giro berri hori izango da literaturaren eredu eta eragile. Bide horretan abiatuak gara, nolanahi ere, nahitaezkoa dugulako, gogokoa dugun ala ez, eta Mujikaren liburua bera aldakuntza horren aitzindari ozen bezala datorkigu. Aldi igaroa, berriz, ezin alda dezakegunez, hobe genuke den bezala, bere urrian edo ugarian, hartuko bagenu, hartaz ahal dezakegun neurrian baliatuaz.
Hizkuntzari dagokionez, berriz, nik ez dakit behar adina konturatzen ote garen geure asmoak eta nahiak ez datozela beti bat, aitzitik badiruditela maiz aski elkarren etsai. Batetik, herriagana hurbildu nahi dugu eta horra hizkuntza makurtu. Bestetik, hizkuntza batu, landu, eta eginkizun berrietarako gaitu. Nahi dugun lekura makurtzen badugu, ordea, ez dugu ez batasunik, ez lantzerik, ez gaitasunik izango. Horretarako, hizkuntza adina landu beharko ditugu hiztunak eta irakurleak, bestela, nahitaez, gutxi batzuentzat ariko baikara, gero eta gutxiagorentzat. Badirudi, gainera, gramatika pixka bat ere beharko dugula, katalanak eta horretan saiatu baitira gu baino lehenago.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres