« “Uskeriak” | Jolasak »
Kurloiak / Oskillaso / Itxaropena, 1962
Kurloiak (Herri txoriak) Luis Mitxelena / Egan, 1962
Zerbait berrirekin agertu zaigu Oskillaso, honela deitu beharko dugu egilea, bere izena salatzea debekatua daukagunez gero, Muttiko kaletarrak Bizkaian izen ondokoa daraman liburu azalez eta mamiz ikusgarri eta irakurgarri honetan. Literatur euskararen batasunerako bide berria edo eskeintzen du aurrenik, eta gure artean maizegi ikusten ez den eleberri saioa, edo eleberri moduan antolaturikako haurtzaroko oroitzapenak behintzat, besteaz gainera.
Ez gara luzaroan geldituko lehenik aipatu dudan aldeari begira. Astiroago aztertzekoa dirudi, izan ere, auzi horrek eta beste garai eta lekuren batean zehazkiago ikus dezakeguna orain eta hemen baino. Mintzatu da, nolanahi ere, gai horrezaz Aita Villasante Arantzazu aldizkarian, ohi duen bezain buruz eta taxuz, eta hemen bertan irakur daiteke orain Oskillasok egin dion erantzuna.
Beste puntuari, bigarrenari, lotuko natzaio, beraz. Euskal nobelaren soro meharrera Oskillasok, ipar haizeak eraginik, giro berri bat dakarrela iruditzen zait, eta mila huskeria gazigoxoren inguruak lanbrotzen dituen giro euritsu hori Ingalaterra aldetik dator, argi aski. Ez baita, ezta alderatzeko ere, gure arteko umorea edo unorea, ona nahiz txarra, atzerri haietako humour delakoaren kide eta oihartzun zuzena baizik.
Patxi Urrutikoaraunabeitiaren haur eta mutikotango ibilerak gogoz irakurtzen dira burutik burura. Gogozago noski, eta nola ez? zenbait lekutan beste batzuetan baino. Zatirik onenetan, ordea, trebe eta bere buruaren jabe ageri zaigu Oskillaso, gure eleberriak maiz ukitzen ez duen era eta maila batean. Eta zati horien artean ez da baztertzekoa liburuak daraman hitzaurre luze gatz-pipertua.
Oskillasoren liburua irakurri ez duenari, eta beharbada horrelako liburu lodixkoa irakurtzen hasteko beldurrak dagoenari, eske bat egingo nioke. Irakur dezala aurrenik hemen, EGAN-en zenbaki honetan, datorren Mikel eta erdeldunak deritzan irakurgaia. Ez du inon aurkituko bixigarri hoberik jateko gogoa gehitzeko.
Hitz batean bukatzeko, haize berririk ekarri du eta haize berririk ekar dezake aurrerantzean Oskillasok gure eleberrira. Liburu honekin planto egiteko asmotan ez dagoela badakigu, eta biziro pozten gaitu hori jakiteak. Badu zer esana ugari eta esango ere du, Jainkoa lagun, gure literaturaren eta hizkuntzaren onerako.
Arriskuren bat edo beste ikusten dut horratik, Aita Villasanteren antzera, Oskillasoren bidean. Hasieran aipatu dudan auzian buru-belarri sartu gabe ere, eta ez daukat oraingoz horretarako gogorik ez astirik, bistan dago Oskillasoren bi xedeak eta helburuak, euskararen batasuna eta euskal eleberriaren ona, haserre xamar dabiltzala elkarrekin. Eleberria baita hain zuzen ere, edo fiction delakoa orobat, izan daitekeen lurrik elkorrena nolanahiko batasun saioendako. Bere euskalkiaz beste denak izutu egiten du beharbada euskal irakurlea eta zenbait liburu eder irakurtzetik atzerazi. Hasierako beldurra menderatu duenean, ordea, gogoz eta atseginez inguratzen du bere hizkuntzan aurkitu duen lurralde berria. Berea ez duen euskalkia, beraz, astun eta nekagarri bazaio ere, ez zaio gogaikarri, pozkarri baizik, eta are liluragarri. Zer gertatzen zaio, berriz, ez arrai ez haragi, ez berea ez besterena, ez duen hizkerarekin?
Zenbait nahasteren beharrean gara noski euskal literaturan, eta bide honetatik gabiltza, batera edo bestera, aspaldi honetan. Baina noiz arte jasango du irakurlearen ahoak ohi duen eztiaren ordez nahi badu eta nahi ez badu irentserazi nahi diogun ozpina? Ez baitago ozpin minagorik elkarrekin ezin ezkon daitezkeen goxokiz nahasia baino.
Eta irakurleak berea du beti azken hitza. Aski du ahoa ixtea edo, berdin dena, liburua ez zabaltzea.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi