kritiken hemeroteka

8.644 kritika

« | »

Arranegi / Eusebio Erkiaga / Itxaropena, 1958

Arranegi Luis Mitxelena / Egan, 1958

Eleberri bat ez da egunoroko gauza euskal letretan, are gutxiago Erkiaga bezalako euskal idazle batek egindako eleberria.

Aitor dezadan, aurrenik, ohitura eleberri hau zeharo lege zaharrekoa dela. Ez du egileak bide berririk urratu nahi izan, aski baitzuen zaharrekin bere asmoetarako.

Argi eta garbi ageri da, edozein orrialdetan, egilearen olerkaritasuna eta lirikarako ixuria. Esateko ez da liburu guztian lagun bat baizik nabari: Lekeitio, atzo, gaurko eta betikoa, baina batez ere egilearen haurtzaro-gaztetangoa.

Lekeitioko lur-itsasaldeak, lekeitiarren ohiturak, nekeak eta jaiak… Aipatzeak berak dakar gogora Lekeitiotik urruti gabe jaio zen euskal nobelagile baten izen ospetsua. Ez ote da noraezeko, egiteko horretan sartuz gero, Kresalaren oroitzapenarekin borroka hastea?

Egia esan, eta ez da gutxi, ez dirudi Agirreren errainuak gehiegi artegatu duenik Erkiaga, zerbait lagundu badio ere. Hondarrik hondarrenean gauza berberatsu izanik, ez du nolazpait ere eleberri honek harenaren eite larririk. Maitasun batek sortarazi ditu liburu biok, nahiz Lekeitio eta Ondarroa ez hain elkarren adiskide izan.

Gatozen Arranegira. Ezin hobeki aurkeztu dizkigu Erkiagak bazterrak eta ohiturak, hizkuntza ugari, erraz eta guztira txit egokian. Bere-berea duen bizkaieraz idatzi du, han-hemenka bildutako loreak noizean behin sakabanatuaz, eta ez da inor damutuko. Ederki baino ederkiago daude, izan ere, hizkera osatu eta batuak, literatur euskalkiak, baina ez dira oraindik gauza nobela-teatroetarako.

Gainerako euskaldunontzat hain berezia duen Bizkai euskaraz, Lekeitioko hitz-esaera jatorretan blei (ut dicunt) ageri den euskaraz, azaldu digu bada Erkiagak Lekeitioren edertasuna. Alde honetatik, ene ustez, ez dio batere zorrik Domingo Agirreri, ezina badirudi ere, ez jatortasunean ez aberastasunean. Eliz-gizona ez zenez, hau baino lasaiago mintzatzen zaigu, bigunkiroago ere bai. Nonnahi ezagun da olerkaria, bai irudietan, bai hitzak hautatu eta antolatzean. Nobelagilea olerkariak ito duela esan daiteke.

Agertzen dizkigun lekeitiarrek hizketa bizia eta berezkoa dute, egileak sentiera gordeak nabarmentzeko aho zabalegia ematen dienean ez hainbeste, itxura polita dute kanpotik, baina arima aldean ez darakusate funts eta kemen gehiegirik. Ezinbestean dei egin diela dirudi iratxo odolgabe horiei.

Korapilorik ezak uzten duen hutsartea betetzeko, erabateko gogoetak ipintzen dira maizegi. Honelakoak, esate baterako: Ez dau bizitzaldi onek beti arpegi berbera. Zerua, batean illun eta ekaitzean agertu arren, urrengoan argi eder zemaigabe ta adu-izpiz janzten daki. Ez dabe begiak oro bateratsu negar-aldi, negar iturri izateko soillik egiñak ez diralako (175 or.). Edota: Goizeko eguantz alai, txuri ta argitsua, sarri askotan egun goibel eta arrats euritsu aldatu oi dan antzera, geuri eder atsegarri iruditutako lendabiziko zantzu ta susmoak, uskor ta antzu ta arnalgabe itzali oi dira (178). Ederki adieraziak daudenik ez dut ukatuko. Eleberri batean, ordea, ez dute behin ere non eta noiznahikoarekiko uste-iritziek estaliko hemen-oraingo gertarien gabea eta eza.

Erkiagaren Lekeitio, gertaleku atsegina izanik, sugerik gabeko paradisua da garraztasunik sumatzeko. Ekaitzen bat edo beste ezagutzen du aldiz-aldiz, bihotzeko eta heste goitiko minak ere bai: mundua sortua izanik, Leibnitzek esango zukeen bezala, ez zitekeen besterik gerta. Gizonak bere eskuko duen borondatetik datorren gaitza, ordea, eta hori da batipat gaitza guretzako, ez da ia ageri. Gizonagandikako gaitzik ez bada, beraz, ez da egiazko dramarik ere.

Sugerik gabeko paradisua dela esan dut, ez horratik emakumerik gabekoa. Etengabeko harrimenez dagokio begira Erkiaga emakumeen bere gisako izaerari eta umore ttantta batekin azaltzen duen jatorrizko axerikeriari. Ez da miresteko. Egiteko horretan ari dira Jainkoak gizajendea sortu zuenez geroztik jakintsu-ezjakinak eta ez dute oraindik hondarrik jo, Nafarroan XIVgarren mendean agertzen den Butzu Ondagabean murgildu balira bezalaxe.

Labur etengo dut haria. Liburu atsegin-atsegina eskeini digu Erkiagak: eleberri osoa ez bada ere, eleberri polit baten zati eta pusketa apainak, bai. Erdietsi du besterik baino nahiago zuena: bere jaioterriari goresmen egokia kantatzea. Orain, gogo osoz, bere neurriko euskal nobela bat egiteari lotu nahi bazaio, beldurrik gabe egingo nuke hori ere emango digula, horretarako trabagarri dituen dohai bikainak brida estuz menderatzen baditu.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak