kritiken hemeroteka

8.440 kritika

« | »

Azken hitzordua / Sandor Marai (Xabier Olarra) / Igela, 2002

Henrik eta Konrad Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2002-11-16

Ez dakigu hitza “tristura” ote den. “Egonezina” esatea, agian, zehatzago izatea litzateke. “Azken hitzordua”-ren berrehundik gora orrialdeak irakurri ostean geratu zaigun aldartea idazlearen lorpen handia dela besterik ez dakigu. Adiskidetasunaz mintzo zaigu Sandor Marai Henrik eta Konrad izeneko pertsonaien bitartez, baina beste gogoeta batzuetarako aukera ere ematen digu pixkanaka-pixkanaka trinkotzen doan testuan. Henrik Hungariako familia dirudunekoa da, etxeko militar tradizioa jarraituz gaztetxotik Vienatik gertu dagoen Akademia Militarrean hezia. Akademian ezagutu du, hain zuzen ere, diru askorik ez duen Galiziako etxe batetik bertaratua den Konrad. Bi hamarkadatan lagun minak izandakoek, ordea, berrogeita bat urtetan ez dute elkarren berri izan. Konradek tropikora ihes egin zuen. Hausturaren
arrazoia sekretua da, baina. Biek bakarrik (eta Nini inudeak) dakite euren bizitzak markatu dituen gertakizunaren berri, eta biek hitz egin nahi dute horri buruz. Hirurogeita hamabost urte dituzte jada, eta galdera pare bat dute elkarri egiteko. Aspaldi hil zen emakume baten oroimena dute gogoan. Eta biek ezagutu zuten Austria-Hungariako inperioaren gainbehera, Errusiako Iraultza eta Lehen Mundu Gerra gertatu dira; ez dute etortzear den Bigarren Mundu Gerra aurreikusten; elkar berriro ikusteko gogoa gailendu egin zaio euren sentimenduen arteko aldeari. “Bazuan mundu bat, haren alde bizia eta odola ematea merezi zuena. Mundu hura hila duk. Nik ez diat zerikusirik berriarekin”, dio Konradek. “Niretzat, mundu hark bizirik jarraitzen dik, nahiz eta errealitatean izateari utzi dion”, erantzuten dio Henrikek. Konrad bolada luze batean ustezko soldadua izandako musikazalea da eta Henrik musika gorrotatzen duen soldadua. Adiskideak ziren, baina, eta laguntasunaz, mundua mugiarazten duten grinez, maitasunaz, traizioaz mintzo zaigu Marais haien ahotik. Kontakizunaren tentsioa ederki areagotzen du idazle hungariarrak.

Ulertu nahia

Euren bizitzei eta euren munduari gertatu zaiena ulertu nahi dute nobela honetako pertsonaiek. Ulertzeko obsesio horrek elikatu du Henriken eta Konraden itxaronaldia. Horretan, sortu dituen idazlearen biografiarekin egiten dute bat. Sandor (Grossmidcht) Marai, bere pertsonaiak bezalaxe, Austria-Hungariako inperioak hartzen zuen Kassa herrian jaio zen, 1900 urtean. Txekoslovakiaren zati izan zen jarraian, Eslovakiarena azkenik. 1942an idatzi zuen “Azken hitzordua” Maraik eta amaitzear den mundu baten argazkia eskaintzen digu, Europa erdialdeko XIX. mende amaierako eta XX. mendeko lehen hamarkadetako gizartearen deskribapena, iraganak orainaldian duen pisua azalduz. Malenkonia dario Marairen ahotsari. Ez da harrigarria egiten norbaitek idazle honi “Proust hungariarra” ezizena jarri izana. Bigarren Mundu Gerra amaitu artean, hogeita hamar bat nobela idatzi zituen eta arrakasta polita lortu zuen. Alemanian eta Frantzian bizi izan zen faxismoaren garaian. Itzuli egin zen, ordea, eta 1948an atzera erbestera jo zuen, komunismoa atzean utzita. AEBetako San Diegon jarri zen bizitzen.

Erbesteak, pixkanaka, ahanzturaz estali zuen haren lana. Hasiera batean, bere liburuak galarazi egin zituzten Hungarian. Urteek aurrera egin ahala, botere sobietarrak indarrean egon bitartean bere lanik han ez argitaratzea erabaki zuen. Bere buruaz beste egin zuen 1989an. Emaztea eta seme bakarra hil berriak zitzaizkion. Bilobak harritu egin omen ziren aitonaren ehunka ohar kaier aurkitu zituztenean. Telebista talde bat idazle hungariar handienetako bati buruz galdezka joan zitzaienean, ez omen zekiten ezer aitona idazleaz.

Euskaraz eman digu orain Xabier Olarrak. Datu harrigarri batzuk gorabehera (Konradek hirurogeita bost urte dauzka, adibidez, 85. orrialdean; eta hamar orrialde aurrerago hirurogeita hamabost ditu), aipatu ditugun kontu guztiak ateratzeko aukera eskaini digu Igelaren bitartez. Eta, batez ere, liburu eder batekin gozatzeko bidea erraztu digu.

Azken kritikak

Ttau eta biok
Joseba Esparza Gorraiz

Paloma Rodriguez-Miñambres

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Asier Urkiza

Pleibak
Miren Amuriza

Nagore Fernandez

Euskaldun fededun
Pruden Gartzia

Jon Jimenez

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Ibon Egaña

Amok
Stefan Zweig

Paloma Rodriguez-Miñambres

Hetero
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Anjel Lertxundi

Detaile xume bat
Adania Xibli

Amaia Alvarez Uria

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Paloma Rodriguez-Miñambres

Bar Gloria
Nerea Ibarzabal Salegi

Mikel Asurmendi

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Jon Jimenez

Lurpeko ezkutuan idatziak
Fiodor Dostoievski

Asier Urkiza

Gailur ekaiztsuak
Emily Brontë

Aritz Galarraga

Artxiboa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

Hedabideak