kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Biotz-begietan / Xabier Lizardi / Valverde, 1956

Biotz-begietan Luis Mitxelena / Egan, 1956

Galdezka hasiko bagintzaizkio edozeini, mundu guziko literaturaren berri bila, lan gaitz eta luze horietakoak lituzke aurki ahoan. Gizonak bere irudira, poema epikoetan, draman, kontakizunetan, sortu dituen errainu iraunkorrak gogoratuko litzaizkioke lehenbizi: Edipo, Macbeth, Don Quijote, Faust, Aita Goriot, Stavrogin eta horrelakoak. Ezin uka daiteke sorkari horien handitasuna, eta ez dago ukatu beharrik. Eta, hala ere…

Bada literaturan lore apal eta izkutuagorik. Ez diote, ordea, ttiki eta labur izanagatik, inori ederrean zorrik. Egiazko lirika, izen horren duin dena alegia, ez baita aski hitzak lerro lerro banatzea, da noski giza mintzoak menderatu duen gailurrik garaiena. Soila eta apaingarririk gabea delako gutxiagok ezagut eta goza badezakete ere, ez da sortu hitzen bidez, bere hutsean, ezta sortuko ere, poesia barrenkoi eta bakan horren antzekorik. Soinuz musika dirudi, eta musika baino askozaz hornituagoa ageri da gogoetaz.

Gurean, beste nonnahi bezala, ez dira asko izan egiazko lirikoak. Lotsarik gabe aitor dezakegu. Eta norbait hautatu beharrean Lizardi hautatuko genuke askok, inori ezer kendu gabe, euskal lirikaren ezaugarritzat.

Uste baino gehiago zor diogu Lizardiri. Berak jantzi eta biztu digu, aurrenik, euskal lurraldea. Edertasun berriz estali digula esango al dugu, edota gordean zegoen edertasuna idoro eta agerrarazi duela? Dena dela, inguruan izango ditugu aurrerantzean hark biztu zituen itxura xotilak: Udaberri neskatxa, urdinez jantzia, basoak maitea; goizegi karraxika hasi zaion Otalore ezinegona; Uda, mendiaren eguerdia; Negu agurea: Itzal beltxarana, Baso-ren umea; Jaun Iguzki oraila, lehorteen aita; bere ama, Gau naroa, ezagutzen ez duen Egun begi urdina; Pago pertxenta gaztea; lurrezko jauregian bizi den Kilker olerkari arlotea; Urretxindor adiskidearen hilkizunetara berandu beldurrez lehiatzen diren txori saldoak, eta hainbeste eta hainbeste. Maitagarri beharrean zen oraindik Lizardi hasi berri hartan: laster sortu zuen horratik, bere baitarik, Chahok eta Arakistainek asma zezaketen baino Mitologia jatorragoa eta, bere-berea zuelarik, gureagoa. Eta horrenbeste gipuzkoar langile elkarren lehian ari bazaizkigu ere, oraingo gisan, mendiak murrizten, edo gehienez pinu beltzez jazten, ez dute, eginahalak egin arren, Lizardik utzi zigun baso antzaldatua soilduko, harako leihoak itxitako jauregia dirudien hura, atsedenaren eliza, gau argi izarrez josia goian eta ur berdeak, izar irudiz zirtatuak, behean dituena.

Eta horrenbeste izakiren izaera itxuraberritu zuen izpirituaren gardena eta garbia! Ez dut nik esango, harrokeriaz mintzatzea litzateke eta, euskal arima zer-nolakoa den aditzera eman duenik. Bai, ordea, adierazi duela zein den euskal eredua, euskaldunik gehienok, denok ez baldin bada, maite dugun ametsa, xamurtasunez eta ixiltasunez nahasia. Ez da amets hutsa, behin bederen mamitu baita, Lizardigan. Haren gogo erne, beratx eta irrikor, bare eta aldartetsuak, iguzki eta laino, eta hodei nabarrak zeruan barrena lasterka, opa zuen bizi eta heriotza hortxe dago, hitz gutxitan emana, Urte-giroen azken hogeitasei bertsoetan, eta ez luke inork, burniz eta tupikiz ondu nahi balu ere, irudi sendoagorik sortuko.

Maiz ari gara euskalduntasunari buruzko asmo eta lanak adierazi beharrean. Zertarako? Adieraziak dauzka Lizardik, ez guk esan genitzakeen baino ederkiago bakarrik, baita zehatz eta zorrozkiago ere. Errainu artean bizi zen amesgile hark, egiazko poetaren dohaia izaki hori, begi argiagoak baitzituen lurreko gauzetarako jakintza gizonek baino. Asaben lokarri zaharra ez baldin bada eteten, ez dugu besteren beharrik. Aski genuke beti begien aurrean edukitzea euskarari amets-bideetan barna eragin zion ibilaldi luze hura. Euskarak inoiz egin duenik ederrena, eta halare egiteko, gerok egiteko, dagoena.

Zenbaitek esango du, beharbada, azal zaila dutela Lizardiren olerkiek. Horrela gertatzen ere da gehienbat lirikorik onenekin. Hutsaren inguruko azal atseginak, musika itsaskorrak bezala, gogait eragiten digu luzaro gabe. Mamia behar baitu lirikak, eta mami joria, behin eta berriro irakurriko badugu. Lizardi bera ere hizkera eta neurri erraz eta herrikoiagoen atzetik zebilen azkenaldera: zortziko ttikitan ondu zituen Etxeko sagastia eta Egamin olerkietan, esate baterako. Nahiago nukeen honako hauek ere jaso izan balitu Labayen jaunak bilduma honetan, ezinbestean Etxeko keea kentzen zuelarik ere. Hizkeraz ez ezik, baita barren ixuriz ere ez zegoen olerki horietatik urruti beste euskal liriko handi baten ukitua.

Beste zati bat bada, bazterturik gelditu behar ez lukeena: Yakintzan agertu zen Gazte-ren esnatzea. Ez da eskuarki Lizardiren onenetakoa, ez da poesia hutsa ere, baina bai saio jakingarria. Badirudi hilberri den norbaitek euskarari ukatu zion dohai hura azaldu nahian zebilela, barren-bizitzaren jario igeskorra adieraztekoa, alegia. Saio hori, gainera, sail batetik bakandu omen zuten.

Bi hitz esango ditut, eta askozaz gehiago behar lirateke, argitaldarien lana goratzeko. Ezin hobeki atera du liburua, txukun eta dotore, Valverde etxeak, eta Antonio Valverderen edergarriek ez dute nere laudorio kaxkarren premiarik. Hauxe esango dut, auzokoen sailean sartuko banaiz ere, Valverderen edergarriak Lizardiren poemen gogaide jator direla. Hori zuen opa noski artista trebe eta egiazko Lizardizale honek.

Orain, azal eder honekin eta hain apainkiro erdaraturik, zabal genezake erdaldunen artean euskal lirikaren erakusgarri hau. Betiko leloa aipa beharrean naiz, berriz ere. Hauxe da nornahiri euskararen gaitasunak adierazteko biderik zuzenena: euskal ederlanak sortzea, eta batez ere liburutxo hau bezala euskaraz hain aise, erdaraz hain nekez eta kaltez eman daitezkeenak.

Azkenik, last, but not least, aipa dezadan lehen argitaraldian hainbeste bider irakurria dugun Orixeren hitzaurrea. Beharrezkoa da bi izen hauek beti elkarrekin agertzea, nabari baita zenbat zor dion euskarak Orixeri Lizardiren bitartez ere. Eta ez du gutxiagorik merezi heriotzak eten ez duen adiskidetasun ederrak. Horrek esan du, Orixeren ahoz, inoiz adiskidetasunak, edozein hizkuntzatan, dakidanez, esan duen esaldirik ederrena:

Bekokian dik aren itzala, / lagun dik oraindik ere

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak