kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Lorea Gernika, andrazko bat / Koldo Izagirre / Susa, 2015

Kapritxo bat Aritz Galarraga / Deia, 2015-06-06

Lorea Gernika nor ote den: andrazko bat, konplexurik gabea, sanoa, euskalduna eta itxura guztien arabera hedonista landua; Bixente Garat tenor aparrekoak “Larresoroko apeztegian zelarik otoitzaldietan amestu zuen emea”. Laminerrekakoa, hala esaten dio behintzat polizia iraultzaile bati. Beti bertako, beti besteko. Ibiliko zaigu Euskal Herriko geografian barna Gernika: gaur Hendaiako plaian, bihar Beasainen bertan, etzi hor, han, Antzuolan. Are, lasai asko har dezake Balmaseda-Jakarta hegaldia. Adin urtetsuan izanagatik, “abiatu besterik ez da egin bizitzan. Esan lezake, egun osoz abiatzen dela bizitza berriren batean, kasik bezperako hautuak errepikatzeko beldurrez”. Eta filosofia eskolak hartzen ditu, zeren “deusetaz gogoetaka laketzen zaigu, izpirituzko nudismoan”. Nor ote den beraz Lorea Gernika: labur, andrazko bat; bere luze-zabalean.

Lorea Gernika zer ote den: 53 fikziok osatzen duten lana. Hori esatea ezer gutxi esatea baita, istorio ugari eta ugaritakoak biltzen dituen liburua. Ez askoz hobeto. Ea, muturrekoenak: hankapean bizitzeko sortu ez zen alfonbrarena. Edo zabor kontainerretatik buruak biltzen dituen magrebtar gaztearena, gero larunbatetan frontoi ondoan jartzen denarena, astean barrena bildutakoa saltzeko. Edo poetikoa-edo den bat, baina oso, eta polit, azkenaurrekoa, Lorontzia izenekoa. Horiek eta guztiek andrazko bat, Lorea Gernika, protagonista dutenak —tarteka bultaño ohoragarriak aurkituko ditugu, Amaia Ezpeldoirena, kasurako—. Galdera pertinenteak egiten dituen lana, protagonista. Adibidez, beste andrazko bati: “Uste duzu euskara salbaturikoan edo Euskadi inoiz libre baldin bada, bizarra moztu beharko genukeela guk biok?”. Sententzia pertinenteak egiten dituen lana, protagonista. Adibidez, Ezpeldoi andereari: “Atsoak elkartuko bagina, otsoak geldiaraziko genituzke” —nahiz Ezpeldoi andereak gero: “Ez duzu uste atsoen artean ere badela otsorik franko?”—. Konparazio pertinenteak egiten dituen lana, protagonista. Adibidez, orbelaren eta emakumearen artekoa, edo orbelaren eta oro har gizon eta emakumeen artekoa: “Orbela ez da deus, baina metatzen bada”. Kontxo, liburu honetako testu-orbelak bezalatsu. Zer ote den beraz Lorea Gernika: istorio ttikiz osatutako eleberria? Ipuintxo soltez osatutako liburua? Ez, Koldo Izagirre da.

Lorea Gernika, andrazko bat, gizonezkoen mundu batean bizi dena —andrazko guztiak bezala, noski—, baina gizonezkoen mundu batean bizi denaren jakitun —andrazko guztiak ez bezala, noski—, mundu horri mutur egiten saiatzen dena, eguneroko borroka etengabean. Ez andrazko perfektu, ez andrazko heroi, ez andrazko zorionez borobila. Herrenak eta guzti, aurrera egiten saiatzen den andrazko bat.

Lorea Gernika, kapritxo bat —auskalo jainkoena—, gutizia bat, karamelu bat irakurlearentzat, plazera hartuko duena gauza ttikietan, xehetasunetan. Ez segur aski Izagirreren narratiban mugarri, ez akaso Agirre zahar haren ifrentzu, baina zalantzarik gabe irakurraldi tarteka jakingarri, tarteka dardaragarri, beti ere atsegingarria eskainiko diguna. Oroitu bestela orbelarekin.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak