« Narratzailearen ahotsa | Bidearen erdian, bide berri bat »
Zuri-beltzeko argazkiak / Arantxa Urretabizkaia / Pamiela, 2014
Notarioak jasoko ez lukeena Ibon Egaña / Deia, 2015-03-28
Nobelagile ezagutu dugun Arantxa Urretabizkaiak autobiografiara jo du azken lanean. Zahartzaroaren atariko talaiatik haurtzarora begira jarri da idazlea eta 1947an jaio zenetik 1960ra bitarteko urteak hartu ditu kontagai. Ez dago soberan aitortzea mesfidantza-puntu batez ekin niola liburua irakurtzeari, hainbat arrazoi tarteko: izenburuan erabilitako metafora maiztua (Zuri-beltzeko argazkiak), idazleak esplizituki aitortutako asmo kolektiboa (belaunaldi bat erretratatu nahia) eta liburua gaika antolatzea (eliza, gorputza, jolasak, euskara…). Narrazioak, izan autobiografikoa zein fikziozkoa, ezer eskaintzekotan, zehaztasuna, ñabardura, xehetasuna eskain dezake historiaren orokortasun halabeharrezkoaren aurrean, eta pentsa liteke liburuaren asmo kolektiboak eta garaiko hainbat alderdi islatu nahi izateak halabeharrez katalogora, ohituren bildumara eraman behar duela idazlea.
Urretabizkaiaren lana irakurri ahala, ordea, gaindituz joan zaizkit hasierako mesfidantza gehienak, hain zuzen ere, bizipen pertsonaletik, pasadizo txikietatik are anekdotatik elikatzen delako egilea kolektiboa ere baden historia osatzeko. Notario batek egiaztatuko lukeena atalean “pertsonaiak” aurkezten ditu: etxekoak eta bizilagunak, nagusiki, senideen erretratu labur baina erabat eraginkorrak. “Argazkiek” osatzen dute bigarren atala, garaiari askotariko ertzetatik heltzen dioten testu laburrek. Elizak garai hartan nola eguneroko bizitza erregulatzen zuen, gorputzaren eta arimaren arteko banaketa zenbaterainokoa zen edo euskara nola garaiko euskaldunentzat espazio gutxi batzuetarako hizkuntza zen kontatzen du Urretabizkaiak, nobelagilearen eskuz kontatu ere, haurtzaroko pasadizoetara joz: irratian ikasitako kantu bat abesteagatik bigarrenez konfesatu behar izan zutenekoa edo komunioko argazkian ahizpa aulkitxo batean zutik jarri zutenekoa, ez zedin ahizpa gazteagoa baino txikiago agertu. Edonola ere, ez dut uste liburuaren egiturak eta banaketa tematikoak mesederik egiten diotenik testuari, inoiz orokortu beharrak xehetasunari indarra kentzen baitio eta akaso koherenteagoa zatekeen “pertsonaiak” eta “argazkiak” bereizi beharrean, pasarteak eta kontakizunak bere horretan ematea.
Urretabizkaiaren argazki hauetan, bestalde, ia entzun egiten dira garaiko “etxeko” hitzak eta haiek zuten zama, garai bat lexikoak ere definitzen duela gogoraraziz: “Jesus”, “kakitzat”, “sábado inglés”, “plato único”. Eta Urretabizkaiaren prosa ere berez bezala irakurtzen da, xamur baina nostalgiarik gabe garaiaren oihartzunak jasoz.
Argazkiak (eta autobiografiak) ezinbestean hautatu egiten du irudikatutakoa eta zerbait enkoadretik kanpo utzi. Kanpoan utzitakoa irakurtzeko gogoz geratu naiz ni neu: dela 1960tik aurrerako argazkiak, dela 1947-1960 bitartekoan “fotografiatu” gabeak. Sakonera eta luzera handiagoa eskertuko lukeen asmo baten atal gisa irakurri dut, izan ere, liburua. Atal gozagarri gisa, dena den. Akaso etorriko dira besteak.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez