« Euskaldun bat Aljerian | Lokamutsezko mundua »
Telefono kaiolatua / Harkaitz Cano / Alberdania, 1997
Aliziak baino fantasia gehiago Aritz Galarraga / Argia, 2015-01-25
Gauza serioa da, baina parrimurria eskapatzen zait niri: “1994. urtean argitaratu zuen bere lehen liburua: Kea behelainopean bezala izeneko poema-bilduma. Urte hartan bertan argitaratu zuen Pavlov-en txakurrak saio hibridoa. 1995ean, Radiografiak ipuin-liburua eta Beluna jazz nobela argitaratu zituen. Euskaldunon Egunkarian ere irakur daitezke bere idazlanak. Gaur egun Zuzenbide ikasketak egiten ari da”. Eta ez 55 urtetik gorakoentzako programa batean: 1975ean jaioa, 22 urtetxo baino ez zituen Harkaitz Canok Telefono kaiolatua argitaratu zenean, 1997an, eta bibliografia hori jarri ahal izan zuenean liburu-hegalean. Eta auskalo nork pasatzen zizkion Zuzenbideko apunteak. Ez baita ulertzen bestela.
Esan nahi dut, Rimbaud euskaldunik bada, Cano izan daitekeela hautagai nagusia; bikaintasuna eta loria hogei urteen bueltan lortzen hasi zen gure idazlea. Denek ez zuten berehalakoan ikusi. Edo aitortu zioten bibliografia gorabeheratsua. Garai hartako kritika batek konparatu zituen Telefono kaiolatua eta Beluna jazz aurrekaria: “Liburua interesgarria bada ere, gustora irakurri badut ere, aitortu behar dut ez duela bete lehengo eleberria irakurtzean sortu zitzaidan ikusmina”. Milurte berriko hamabosgarren honetatik, iruditzen zait pareko zahartu direla biak: lehen irakurketa hartako zirrara berritzen dizutela, alegia, Aldatz behera itsasoan, Koltxoia edota Whisky & Nolotil ipuinek.
Ipuinak eta poemak, baina iruditeria partekatzen dutenak: Heineken —begiak erabat zabalik zituela hil zen bati betazaletan txapak jartzeko—, Gillette —Jimi Hendrixek kopetan alderik alde ebakia egin eta koka xehetua zinta batean jarri ondoren zinta hori buruan lotzeko—, Camel —geltokiko orratz-zainaren alabaren ahoan kokatzeko—. Poetika moduko bat aurkezten dutenak, auskalo Canorena, gutxienez idazle berrientzat: “Urrutira joan zinen, urruntasunean zure idatzietarako ihesaren lasaitasuna aurkituko zenuelakoan. Iragana, hutsean emandako pauso bat zela-eta, ahaztu egin nahi zenuela. Ez zenuen oraindik ikasi etorkizuna iraganera heltzeko lasterbide bat baino ez dela”. Eta ipuin batean aurki daiteke liburuak uzten duen inpresioa: “Aliziak baino fantasia gehiago nuela buruan”. Horiek gutxi balira, bozgorailuetatik Beti Mugan taldearen musika ozena: moztu ilea ispilu atzean etzanda daude zure begiak.
Ezin erabat objektibo izan, beraz, liburu honekin. Diru propioarekin erositako lehenetakoa, memoria literarioan geratuko da portada lila-arrosa, ukigarria, Olariagaren hiru telefono poste harilkatuekin. Eta orduko irakurle hura, bertan betirako kaiolatua.
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo