kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

14 / Jean Echenoz (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2014

Hain urrian hain ugari Aritz Galarraga / Deia, 2014-12-20

Ezin gozoago hasten zaigu kontakizuna: “Eguraldia aukera-aukerako zenez, eta larunbata izaki, (…) Anthime bizikleta ibilaldi bat egitera irten zen bazkalostean”. Azkar asko aldrebestuko zaigu, ordea, abuztuko arratsaldea: haize burrunba, alarma-deia, mobilizazioa. Nekez izan zitekeen bestela: Lehen Mundu Gerra, 14ko Gerra, Gerla Handia harrapatzen saiatuko baita Jean Echenoz 110 orrialde eskasotan. Ez da erronka makala.

Eta saiatuko da jada ezagutzen dugun Anthime protagonistaren bitartez: “Garaiera ertain eta aurpegiera arruntekoa, gutxitan irribarretsu; bibotedun, bere belaunaldiko gizon ia guztien antzera, hogeita hiru urte, uniforme berria bere ohiko janzkera bezain dotorezia gutxirekin zeramala”. Tipo gris-grisa, itxuraz. Gerrarako bazka aproposa dirudiena. Kontakizun anti-epiko batek eskertuko lukeen anti-heroia. Bai zera. Gerrara joaten diren lagunetatik, bost, bera da itzultzen direnen artetik ondoen itzultzen dena. Hobe esanda: gainontzekoak itzultzen dira Anthime baino okerrago; hori itzultzen badira, noski.

Eta, hain zuzen, gerrari buruzko eleberri bat baino, gehiago da gerra garatu bitartean gertatzen den eleberri bat, idazleak kasualitatez ia pertsonaia horien bizitzak gerraren tarte horretan harrapatu izan balitu bezala. Esan nahi dut, bai, gerraren horrorea agertzen da: ardoa odola baino garestiago dago; elurrak erabakitzen du obusekin batera erortzea; militar-haragi puskez zipriztintzen dira osorik dirauten militarrak. Eta hartara oso kolpagarria da gerra opera batekin alderatzea. Are orkestra baten jarduna gerraren lehen lerroan kokatzea: “orkestra bere egitekoa betetzen ari zela, bala batek baritonoaren besoa zeharkatu zuen, eta tronbonista larriki zauriturik erori zen (…) taldea murriztu arren, musikariek jotzen jarraitu zuten okerreko notarik batere gabe”. Baina Echenozek berak ematen digu arrapostua: “Hori guztia hamaika aldiz deskribatu izan denez gero, beharbada ez du merezi berriro ere opera higuingarri eta kirastu honekin luzatzea”. Ez du merezi, ez. Gehiago merezi baitu, hemen, orain, militar baten motxilaren deskribapen xehea egitea. Gehiago merezi baitu jan ezinezkotzat izendatu diren animalien zerrenda egitea —azeria, belea, erbinudea eta satorra—. Gehiago, Blanchek, Charles anaiari irribarre harroa egin ondoren, Anthime gajoari egiten dion irribarre larriagoa azaltzea. Arrazoi zuen Anjel Lertxundik: ez da erraza hain urrian hain ugari esatea.

Echenoz da autore bat azkenaldian maiz euskaratu izan dena. Ravel izan zen, 2007an, lehena. Badu logikarik: nahi baduzue, gertutik hunkitzen gintuen Ziburun jaiotako musikagilea oinarri zuen eleberriak. Baina “bizitza imaginarioei” eskainitako trilogiaren ondotik —Lasterka, Tximistak—, zentzuzkoa zirudien, 2014arekin, frantsesez bi urte lehenago kaleratutako 14 hau ekartzea. Joan badoa Lehen Mundu Gerraren mendeurrena. Garaiz gabiltza oraindik: oroitu, 110 orrialde eskas dira.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak