« Zalantzaz | Basarri lekuko »
Beltzuria / Ixiar Rozas / Pamiela, 2014
Ahots galduaren bila Ibon Egaña / Deia, 2014-11-29
Badira liburuak sormenlana ez ezik haren gaineko gogoeta ere badakartenak. Nekeza da halakoetan kritika batek zer gehitu dezakeen asmatzea, eta sarritan idazleak egindako proposamen estetikoaren gaineko gogoeta bere hitzez esatea baizik ez zaio geratzen kritikariari. Egina dago oharra.
Sailkatzen zaila da Rozasen lan berria. Saiakeraren eta narrazioaren arteko liburu hibridoa da, baina genero bataren zein bestearen eskakizunei ihes egiten diena. “Ahotsaren espazio politikoaren gaineko inguruko gogoeta da, horretarako bizitza istorio batzuk zeharkatzen dituelarik”; hala definitzen da liburua kontrazalean, eta akaso horixe da eman litekeen definizio zehatzena, liburua irakurritakoan baino ulertzen ez dena.
Atal solte eta ia beregainez osatutako liburuari abiapuntua entzundako ahotsek ematen diote: beltzuria dioen 67 urteko emakumearenak eta, bereziki Franzisko Elizalde Zelaieta, Xamuio zenarenak, Rozasen aitonarenak. Etxalartarra, bertsolaria, Marokoko gerran ibilitako gizona, haren ahotsaren bilaketa da liburuaren hari finetakoa. Beltzuria ez da, baina, Xamuioren biografia bat, ez eta biografiaren bertsio nobelatua ere, haren bizitzaren oihartzunak presente dauden arren. Rozasek, izan ere, harantzago joan eta narrazioaren izaera eta bereziki kontakizunaren denboraren kontzepzioa jarri ditu ezbaian. Ez du gertaeren kate bat eskaintzen, ez kausa-ondorio hurrenkerarik ere; aitzitik, hedatzen diren orainaldien segida bat osatu du egileak. Ausazkotasunari, zoriari utzi dio lekua, eta inguratuz joan zaizkion ahots, objektu eta elementuak jaso eta haiez hausnartuz osatu ditu bizi-istorioak. Hein batean narrazio-testu bat irakurtzen baino, eszenan gertatzen diren uneen katea baten lekuko izaten ari delako irudipena du irakurleak, eta horixe du Rozasen lanak alderik interesgarrienetakoa. Paradoxikoa dirudien arren, narrazioari ia uko eginda bizi-istorio batzuk jasotzen asmatu izana.
Bizi-istorio horiek, baina, hein batean aitzakia dira Rozasen lanean, testu nagusian zehar zein oin-ohar ugari eta mamitsuetan barrena hedatzen doazen gogoetak irekitzeko. Idazketari eta irakurketari buruzkoak dira gogoetetako zenbait, testu erabat autoerreflexiboa baita Beltzuria, bere izaeraz etengabe galdetzen duena. Edonola ere, ahotsa da gogoeta gehienen puntu komuna, haren alderdi askotarikoetan: poetikoki hausnartzen da ahotsaz, baina baita filosofiatik, antropologiatik eta estetikatik ere. Galdutako ahotsaren bilaketa, era berean, memoriaz hausnartzeko bidea ere bada. Liburu erabat hipertestuala da emaitza, egile andanaren ahotsen oihartzunez osatutako testu sakona, habe fin baina sendoek eutsitako arkitektura ongi eraikiak sostengatua.
Testuaren autoerreferentzialtasuna tarteka gehiegizkoa egin zaidan arren eta inoiz handia idatzitakoaren eta hortik iradoki nahi denaren arteko tartea, liburu bakana iruditu zait Rozasena, hari eta galdera ugari zabaltzen dituena, baita literaturaren beraren izaeraz ere.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi