kritiken hemeroteka

8.623 kritika

« | »

Bunker Hilleko ametsak / John Fante (Aintzane Ibarzabal) / Elkar, 1991

John Fante: non dago egutera? Anjel Lertxundi / El Diario Vasco, 1991-10-09

Guztiek aipatzen dute John Fante-ren (Colorado, 1909 – Kalifornia, 1983) katolikotasuna. Arturo Bandi ni, Fante-ren hainbat nobelatako pertsonaia, haurtzaroko otoitzekin oroitzen da trantze larrietan. Konfesatzera ere joaten da deskalabroren bat gertatzen zaionean. Amak txikitan behin eta berriro esaten ziona: “Fedea galdu eta dena galduko duzu” (83. or ). Gehiago ote daki Bandiniren amak Jaungoikoaren bideei buruz?

Klabe guztiak, agian, John Fanteren lehendabiziko nobelan daude (“Wait Until Spring, Bandini”, 1938), Arturo Bandini pertsonaiaren sagari hasiera ematen zion testu hartan. Emigrazioa, gosea, akimendu ekonomikoak. Aitaren lan gogorra: igeltserotza; aitaren afizioak: ardoa eta emakumeak. Amaren obsesio monotematikoa: erlijioa. Coloradon bizi duen klima: elur etengabea eta hezur-muinek ohizko giroa duten hotza. Esperantza bakarra Bandinirena, udaberria etor dadila elurrak urtu daitezen: “Wait Until Spring, Bandini”, hango udaberria etorri arte, Bandini.

Sagaren ondorengo nobeletan, ihesa kontatuko zaigu, Elkar argitaletxeak argitaratu berri duen azken nobela honetan, 1982koa, bidaiaren azkena adierazten zaigularik: amaren fedea galdua du Bandinik eta hasieran aipaturiko otoitz eta konfesio horiek ez dira tick atabiko bitxi batzu besterik.

Gehienera ere, zalantza intelektuala gelditzen zaio: Ez ote daki gehiago amak, bere ezjakintasun izugarrian, Jaungoikoaren bideei buruz?; hain katolikoa den formulazioa, bestalde.

Aitaren lan fisikoa eta honek dakarren esklabutza ekonomikoa gorrotatzen ditu (ez, ordea, ardoa eta nesken ipurdi beteak, bi hauek bait dira aitarengandik jaso dituen emari testamental bakarrak) eta, esklabutzatik ihesteko amerikarren exito enblematikoaren bila, makina bat lanetatik pasa ondoren, nobela honetan kontatuko du izandako aukera bere betiko ametsa kunplitu ahal izateko: famarekin topo egingo du lehendabiziko aldiz, gidoilari hartzen dutenean Hollywood-en, baina nobelaren lehen lerrotik ematen zaigu gertatuko denaren albiste: “Ez zen gogoangarria nik famarekin izandako lehenengo topo egitea” (7. or.)

Modu guztiz ironikoan kontatzen digu zer izan zen gidoilaritza, zinearen urrezko garaia izan zen hartan. Ez dago Bandini prest, ordea, egiten ez duen lanarengatik inoiz amestu ez zituen dolarrak irabaztera, ez dago prest idatzi ez dituen lerroengatik famaren bidean jartzera…

Errebeldia horrek porrotera eramango du Arturo Bandini. Eta porrota ezagutuko du maitasunean ere, atseden eta sosegua ematen dion emakume bakarrari, bera baino zaharragoa izaki ia ama-semearen arteko erlazioak ziurtatzen dizkionari (benetako amaren presentzia ordezkatua, Freud-ek adieraziko ligukeenez), Bandinik aurpegiratzen dionean zahardadea.

John Fante hastapenetan zebilen, bide literario propioa ibili nahian, belaunaldi galduaren garaietan. Artean ia mutil koskor, aukera izan zuen ezagutzeko —eta miresteko— Sinclair Lewis, Faulkner, Hemingway, Scott Fitzgerald…

Bizitzako azken urteetan (1983. urtean hil zen Fante), aukera izan zuen ezagutzeko belaunaldi berriak zekarrena: Carver, Wolff… Bi belaunaldien artean, besteak beste baino areago besteen gainetik, John Fante bera dago, dirty realism edo errealismo zikina deitu zaionaren gai asko aurreratuz: bankarrota izpirituala, atseginik eza, munduaren zentzu falta. Bizitza arruntak eskaintzen dituen materiale narratzaileak… Zinismoa… Esperantza hiztegitik baztertu izana… Erlazio mundu oso mugatu eta hesitua… Komunikatu ezina… Estilo lehor, lakonikoa, elementuak kenduz lortua, baina isiltasunaren eremu hori ez da eraikitzen gutxiago entzuteko, hobeto entzuteko baino.

Ternezia bakarrik legoke, sentimentalismoa, baina modu bakartian bizitua: Helen, bera baino zaharrogoko maitale amatiarra, hiltzen denean ohartzen da Baldini emakume hura zuela lotura bakarra munduarekin, indar eta eragin bakarra munduari aurre egiteko; “Nigarrez eta zotinka aritu nintzen, eta aieneka guztia bukatu zen arte, den dena, eta beti bezala neure burua bakarrik ikusi nuen munduan” (177. or.)

Haren oroimena geldituko zaio, munduaren aurrean, arma bakar. Oroimenak eskaintzen dizkion adabakiak bait dira, John Fanterentzat ere, literatura egiteko modu bakar.

Azken kritikak

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak