kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

Saturno / Arantxa Urretabizkaia / Erein, 1987

“Saturno”: dianatik kanpo eroritako dardoa Pako Aristi / El Diario Vasco, 1987-05-06

Erratu egin du tiroa Arantxa Urretabizkaiak, eta dianaren erditik ez ezik diana beretik kanpo, oso urrun joan zaio dardoa.

Adoleszente batek idatzitako nobela dirudi “Satumo”-k, baina inola ere ez 40 urtetako emakume heldu eta esperientzia literariodun baten fruitu, irakurle askok aspalditik ikusi eta gozatu nahi zuen fruitua. Nobelako protagonista guztiak adoleszenteak bezala konportatzen dira, sinplismo barkaezin batean eroritzen da Arantxa pertsonaiak beren izakeraz hornitzerakoan, pertsonaia topikoak dira, klitxe izatera ere iristen ez direnak. Pertsonak aberatsagoak dira, bizitzan heuren deseoekin, ilusioekin, kontradikzioekin eta kabreoekin. Nobelan dena da planoa, muinorik gabe, potzurik gabe, zulorik gabe, ez du irakurlearengan emoziorik sortzen, ez sentimenturik, ez kezkarik, ez geroago zer gertatuko den jakiteko gogorik.

Pertsonaia pobreak

Luis protagonistaren bizitza honako parrafo honek adierazten duen bezain pobrea da: “Beste pare bat aldiz elkartzen dira hurrengo asteetan, bazkaltzeko, Maitek gaueko txanda duelako. Otordu horien inguruan eratzen da Luisen bizitza. Gero, teleskopioa eta kuadrila. Urrutirago, familia eta oraindik urrunago, itsasoa”. Pertsonaia pobre batzuei ez dagokie halabeharrez nobela pobre bat, baina kasu honetan bai.

Interesik gabeko pertsonaiak sortu ditu eta gero ez du jakin pertsonaia horiek eskaini zitzaketen errekursu apur bakanak aprobetxatzen.

Estiloa oso motela da, eta deskribapenak egiteko maniak hondoratu egin du nobela honen sostengu formala. Arantxak kamara motel bat dauka buruan, bestela inongo lojikak ez du agintzen deskribapen pasada hori idaztera. Etxe guztia deskribatzen da, Luisek lo nola egiten duen, atea nola irekitzen duen, bi eskailera nola igotzen dituen, interesik gabeko datoak eta pertsonaiari inongo berezitasunik ematen ez diotenak.

Gaua, zerua, urdina, eguzkia eta gisako hitzak etengabe agertzen dira, natura lihgt baten geografia adoleszentea osatuz. Giro domestiko batek zeharkatzen du kontakizun guztia, etxeak garrantzi handia du nonbait idazlearentzat, eta ez da etxekoandreen aholkurik falta: “Tira, tira, Luismari, zer kostatzen zaizu ba. Ez da hain zaila: galtzontziloak eta galtzetinak egunero, elastikoa astean bitan eta alkandora sekula ez egun pare bat baino gehiago”.

Anbiziorik ez du

Anbiziorik ez du nobelak. ezta suspense minimo bat mantentzeko anbizioa ere, eta nere eritziz, inoiz kajoitik atera behar ez zuen ariketa bat besterik ez da “Saturno”, eta egilearen izenak sortzen duen interesa ez bada ez du beste erakargarritasunik.

Pertsonaiak galdurik dabiltza zuloz beteriko kontaketa baten barnean, orekarik gabe. Maiteren reakzio antialkoholikoa gehiegizkoa da adibidez, tokitik kanpo, ez dakigu nondik sortzen den.

Anbiziorik gabe ez dago idazterik, eta irakurlea irakurketaren sareetan harrapatzeko abilidaderik gabe ere ez, eta Arantxak birtute biak falta ditu.

Ez dut nahi inori jubilazio literariorik eman, baina zer gertatzen zaie gure idazle helduei, beste hizkuntzetan idazleak obrarik onenak egiten hasten diren edadera heldurik, hemen porrotera kondenaturik dauden gero eta obra kaskarragoak idazteko?

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak