« Poesia ez galtzeko | Autoko leihotik »
Erraiak / Danele Sarriugarte / Elkar, 2014
Epopeia onomatopeiko emea Mikel Asurmendi / argia.eus, 2014-10-03
“Plok-plok-plok…”. “Tik-tak, tik-tak…”. Erraiak narratzen duen istorioa definitzen eta deskribatzen duten soinuak dira. Izenik ezagutzen ez dugun pertsonaia nagusiaren —eta narratzailearen— erraietatik iradokiak. Eta nola?
Aitortu beharrean nago: lehen unean ez nekien nondik heldu nobelari. Narratzailea —egilearen alter egoa?— nire alabaren adinekoen “mundukoa” da. Eta dena aitortzera —muturreko adibide baterako—, ni Yon Etxaideren Joanak joan edota Gorrotoa lege nobelek ekarri ninduten literaturara. Hots, nire literaturaren bidea frankismoak —besteak beste— Euskal Herrian eragindako txikizio moralaz jabetzekoa izan da.
Joanak joan, gorroto-aldiaren osteko literatur egile berriak ernatu dira. Iraganeko gorrotoa herra da orain. Izen gabeko protagonistaren erraiak herraz erauziak kausitu ditut. Berak izenik barik, beste pertsonaiek ia ez dute bisaiarik ageri. Siglak baino ez ote? Z izenekoaren izana, apika, Zorroaren mozorroaren baitan bila genezake.
Protagonistak Z-rekin apurtu du, eta T eta Y, K eta D, U edota Ö partenair(e) berriak aurkitu ditu. Pertsonaia postmoderno horiek aise “gainditu” dituzte —gaituzte— jainkorik gabeko modernook, alajainkoa. Erraiak-etako euskaldunak lekutan daude Orixeren Euskaldunak eta Barne-muinetan poemetakoetatik. Iragan mendeetako —gerra aurreko eta osteko— misogino haien bilobak mintzo dira orain. Eta literaturaren bidez espresatzen direnean, Julio Cortazarren Rayuela edota Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelekin bidaiatzen dira.
Erraiak-etako pertsonaiek ez dute aberririk, ez dute bederen euren aurrekoek izan zuten “aberiarik”, ez kalterik —perjuiciorik, hots— ez aurreiritzirik. Alta, bada, ez dute jainkorik. Hirian hazi eta hezitakoak dira, euren mintzoan ez da itsasorik ez mendirik ageri. Galdu dute esperantza: “Esperantza gaitzenetan gaitzeena da, gizakion sufrimendua luzarazten baitu” (Nietzsche).
Narratzailea itaunka ari zaigu:
Noiz hasten da gure oraina?
Amesterakoan al da?
Erabakia hartzerakoan?
Lehen pausoa ematean?
Lehen pausoa… Lehen pausoa…
Nobela frenetikoa da, eta ez da thrillerra. Hitchcock-en suspenseak ez du zirrara nahikorik sorrarazten pertsonaia hauek durduzarazteko. Calderon de la Barcaren La vida es sueño (Bizitza amets) eraldatu da. Gure arbasoek ametsak bizi zituzten gauetan bizi dira Erraiak-etako pertsonaiok, hauen ametsak gaueko alkoholek —drogek— iradokiak izaki.
Nobelako atalen izenburuetan finkatuta dago protagonistaren denbora: 0,-2, 0, -6, 0, 0, -3, 0, -3, 0, 0 (egunsentia), -1, 0, 01 (biharamuna). Denborak ez du nora jagoitik. Pertsonok denbora —eta espazioa— kontrolatzeko gaitzarekin munduratuak gara, eta obsesio horrek gatibatuta bizi. Denbora kontrolagaitza ez ezik, gaitza da espazioaren kontrola. Mundua —espazioa eta denbora— esatean, demagun egoa diodala.
Nobelak 63 eranskin ditu. Narratzailea eta protagonista mugatuak dira, bai idazle bai pertsona gisara. Egilea damu da beste gisa batez errenditu ezin izanaz.14. eta 16. eranskinetan “Egiari zor…” batez gaztigatzen digu, baita bere burua kastigatu ere. Artean, 15.ean: “Ez nuke arrunt horrela esan behar, destainaz, ez nuke bixkor horrela idatzi behar, erdeinuz…”, diosku. Baina ikasiko du. Nerabezaroa iragan berria baita idazlea. 124. orrian horrela dio berriz: “Aitor dut: normala izan nahi nuen”.
Aitor du: ez da normala. Idazleak idazle kategoria iristeko “anormala” izan behar baitu. Idazle hau erraietatik ernatzen hasia da. 119. orrian hasten den atal antologikoa lekuko.
Nobela frenetikoa da. Eta eskatologikoa, berbaren bi adieratan:
1.— Joan badoan “gure” munduaren amaiera antzeman dut berean.
2.— Erraietatik idoki ohi zaizkigun usain guztiak iradoki dizkit, sexuarenak barne.
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza
Esker onak
Delphine De Vigan
Maialen Sobrino Lopez
Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona
Amaia Alvarez Uria
Jai-Alai
Gaizka Arostegi
Jon Agirre
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Mikel Asurmendi
Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi
Irati Majuelo
Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss
Aritz Galarraga
Erleen azken ziztada
Kepa Iribar
Jon Agirre
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Ibon Egaña
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Mikel Asurmendi
Bakea, bakea
Xabier Montoia
Asier Urkiza
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Nagore Fernandez
Martxoak 3
Jon Martinez Larrea
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi