« Gure aurriak | Lehen Gerra Handia 15 ataltxotan! »
Hnuy illa nyha majah yahoo / Joseba Sarrionandia / Elkar, 1995
Berriz min hau Igor Estankona / Deia, 2014-09-20
Koldo Izagirrek ere badio XX. mendeko poesia kaieretan: “Sarrionandiaren obra osoari darion malenkonia ez da malurazko dorre pertsonala, uko egiten dio biktimismoari, sentsibilitate kolektibo bat ordezkatzen duelako bere oinazean. Tristetasunaren ganduaren ostean itsasoa ageri da beti, berriaren eta iraunkorraren eredu, bidaia, abentura, borroka eta askatasunaren leku mitikoa”. Poema mitikoetara itzuli naiz beraz orain Elkarren eskutik, 1995eko Hnuy illa nyha majah yahoo (poemak 1985-1995) itzelaren berrargitalpenarekin, eta malenkonia gozo batek harrapatu nau. Ostera ere Sarri irakurtzea izan da Sarri sentitzea, ikustea zelan idi gorrien gurdia doan aurrera, eta ez garen finitu.
Agorturik zen poesia liburu hau berrikusi egin du autoreak, eta neurri handi batean berridatzi ere bai, lerroak itxuraldatuz, hitzak eta esaldiak gehituz, ahapaldiak erantsiz… eta bere idazle-abiapuntua zein izan zen azalduz, hitzaurre beren-beregikoan. Sarrik dio errealitate gabezia bat izan zuela abiapuntu, “hizkuntza sekretu eta badaezpadako hau” besterik ez baitu izan erbestean, “neu ere ez nintzela ia ezer”. Osatu beharrekoa eta etengabe asmatu beharrekoa izan da beraz beretzat aberria, literatura betidanik: “neure baitan besterik egin ezin arren euskaraz, hizkera klandestino horixe bihurtu zitzaidan idazteko leku”.
Horregatik liluratzen gintuen, behe lainotan iradokitzen zigulako sasian zebilen herri baten kontzientzia eta gustu estetikoa. Horregatik errezitatzen genuen ia-ia buruz: “Ortzemugen handikaldean irlak eta derrotak/ bilduko ditugu,/ balea zuriaren kontra ekinen dugu, irabazi ezin arren/ akaberara arte burrukan./ Ikas ditzagun marinelen kantak, asma ditzagun/ marinelek kantatzen ez dituzten kantak”.
Iurretakoa presente egon da beti gure belaunaldiaren poesian. Behin eta berriro jotzen genuen bere liburuetako inspiraziora. Behin eta berriz imitatzen genuen, nahita zein konturatu barik.
Munduaren kronika dira Sarriren lanak, narratiboki iradokitzaileak eta poetikoki hunkigarriak. Hnuy illa nyha majah yahoo itzel honetako poesia konprometitu eta samurrari ezin jar diezaiokegu hain erraz, ordea, “kritiko”, “sozial”, “militante” eta halako adjektiborik. Kritikoa, soziala eta militantea izan arren, Sarriren idazkera da hori guztia urtua eta berriro landua. Irudi humanoa daukan irakurketa politikoa egiten daki, eta gizakiaren onena eta txarrena, gaziak eta gozoak denak, burrukak eta galtzaiak, inork baino hobeto deskribatu izan ditu.
Boterea inork baino hobeto ezagutzen du Joseba Sarrionandiak, euskaldunon ibilkeren bitartez ilustratzen gaituelarik injustizien gainean: “Badakizue? Gure herriaren sei mila halakoa den/ mundua mugarriz pikatuta dago./ Mugetan, Henri Rousseau aduaneroak nongoak garen/ eta norantz goazen galdetuz gero/ gure harri bustiak erakusten dizkiogu,/ ezen eta harriak ditugu:/ Harri hau, uharri hau ikusten duzu?/ Halakoa zen gure etxea…/ Inongo lur neurtzaileak, ez den herrialdearen/ kartografoak gara”.
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo