« Erraiak ditut maite | “Eskuara baizik ez zekiten haiek” »
Post-it bizitzak / Iolanda Zuñiga (Iñigo Roque) / Pasazaite, 2014
Droga latza Danele Sarriugarte / Deia, 2014-09-06
Partitura gainaldeetan jartzen diren adagio, staccato eta bestelako tempo-markatzaileei zor diete izenburua post-it bizitza hauexek, doinuen presentzia ezin ukatuzkoa baita Iolanda Zúñigaren narrazio-bilduma Iñigo Roquek Pasazaiteren eskutik berriki euskaratuan, Idurre Eskisabelen hitzaurrearekin; eskaintzan bertan irakurtzen baitugu “bizitzen iraunarazle, euskarri eta gidari” dela musika. Sorterrira itzuli da zazpigarren alerako argitaletxe berdin arnas-emailea, eta krak-krak-krak Aritz Galarragak autoreari egindako elkarrizketan aipatzen zuen tortikolisa nabarmenarazi digu ekialdetik mendebaldera bidaiatu eta Galizian ipiniz soa.
Hain zuzen ere, ipuin katalanen antologia izan zen aurrekoa azal geografiazale kolore bikoen segidan, eta horietatik gurera ekarri genezakeen lezioa baldin eta bazen ipuingintza izan daitekeela beste modu batekoa, alegia, ez hain transzendentela, Zúñigaren berrogeita sei narrazioekin bergogoratzen dugu kontakizun motz orok ez duela zertan izan formalki ipuin, labur idazten duenak ez dituela derrigor luizi edo lurrikara teknikak baliatu behar; aitzitik, heste puska bat ipin diezazukeela aurrean, besterik gabe, irensten saia zaitezen.
Erabatekoa da-eta desengainua bizitza-txatalotan, erabatekoa gupidarik eza. Ezkontza beti doa-eta eskutik, inertziarekin, ezkontidea ez denari larrua jotzearekin, aita-amaginarrebei atera diezaiekezun etekinarekin. Desirak nahi baino gehiagotan bilakatzen gaitu-eta gizajende patetiko eta umiliagarri, beste bat maite omen duen baina gurean doan ostatu hartzen utzi diogun maitale bere buruaz beste eginaren hilotzaren kontra igurzten sexua (“…larguetto…”, 82. orria). Ostera, intertestualitatearen endredoetan sartuta, anti-onberatasunaren erreginak etorri zaizkit akordura sarri, bereziki Elfriede Jelinek austriarra, déjà lu batera iristeraino “…crescendo…” izenburudun alean (zer aproposa), Erika Kohuten neba odol berekoa izan baitzitekeen Bartzelonako sexu-kabinetan asaskatzen dena.
Existentziaren alde krudelenak, gaua, sexua, bakardadea edo alkohol-kokaina kontzesiorik gabe erakuste hori aise esplikatzen da, halaber, autoreak irratian esandakoarekin; izan ere, janari azkarreko jatetxe batean ordu luzez lan egin ostean iluntzero otzen zitzaizkion esaldi post-itgarrietatik abiatu zituen narrazio denak. Horiek guztiak helarazteko hizkuntza biluzia baina jarioan etengabea darabil Zúñigak Roqueren itzulpenean, lauzpabost paragrafo asko jota narrazio bakoitzeko. Era berean, poesiarantz lerra daiteke batzuetan; hain justu, zerrendena egin zait teknika literario azpimarragarrienetako bat, “…grave…”-rekin gailurrera iristen dena eta, niri neuri hitz lauz idatzitako poema iruditu zaidana.
Iruzkin euforikoegiak egiten ditudala aurpegiratuko didate noizbait, baina zeinek ebitatu dezake, bada, goi-goian ibiltzea horren droga latza (zentzu tradizionalean bezainbat urolarren slangarenean) begietaratu ostean?
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi