kritiken hemeroteka

8.797 kritika

« | »

Ez zen diruagatik / Ana Jaka / Elkar, 2014

Irakurri, irauli Iraitz Urkulo / Berton, 2014-07

Ana Jakak euskaraz argitaratzen duen lehen liburuak hiru protagonista nagusi ditu: Dani, Mikel eta Olga, narrazioaren ardura azken honi badagokio ere. Olga berrogeita bost urte betetzera doan emakumea da, Juantxorekiko harreman gatazkatsu batean murgilduta dagoena eta, lanik eta gizarte-laguntzarena beste dirurik gabe, Danirekin alokairuzko pisu bat partekatzen duena. Dani gay izateagatik etxetik alde egin behar izan duen gaztea da. Hirukotea Mikelek osatzen du, iragana gainditu ezinik dabilen adin ertaineko gizona. Horien eskutik eguneroko bizitzaren zailtasun, oztopo eta drama txikiak ezagutuko ditugu.

Istorioa Olgak bizi duen errealitatearen inguruan lehen pertsonan egiten dituen gogoeten segida mamitsua da. Mamitsua diot, era askotako pentsamenduak (haren kezkak, beldurrak, iritziak, minak, zalantzak, aitortzak, damuak, kontraesanak…), deskribapenak eta elkarrizketak irakurleokin partekatzeaz gain, pertsonaia honek, etengabe autoanalisirako erakusten duen joera obsesiboaren ondorioz, sentipen eta hausnarketa zintzoak eskaintzen dizkigulako. Eta hori guztia ironiak eta sarkasmoak blaitutako diskurtso zuzen eta hizkera argi eta zenbaitetan zakar xamar baten bidez emana.

Nire ustez, eleberriak duen alderdi interesgarrienetakoa hurrengoa da: irakurleak horretarako gonbita onartuz gero, interpretazio ezberdinak bidera ditzake. Hasiera batean hiru protagonistek komunean ezer gutxi dutela irudi lezakeen arren, bada elkartzen dituen zerbait: munduan hartu duten/egokitu zaien kokapen periferikoa. Ez zen diruagatik, ia hutsik dagoen hozkailu baten azaleko irudia eta izenburua gorabehera, arazo ekonomikoek itota dauden pertsonaia batzuen aurrera egiteko komeriek osatutako obra soila baino askoz gehiago da egiatan. Izan ere, protagonistek bizitzan beren lekua aurkitzeko ezintasun adierazten dute ala gizarte-arauak iraultzeko gaitasuna erakusten, nork irakurtzen duen. Ni bigarren aukeraren alde egitea nahiago dut, besteak beste, susmoa dudalako ekintza urria izanik, pertsonaiek apenas bilakaerarik ez duten neurrian eta narrazioak ezusteko nabarmenik gabe aurrera egiten duenez, lan honen gaineko irakurketa kritikoagatik ez balitz liburuak ezingo liokeela monotoniari ihes egin.

Ikuspegi kritikotik irakurriz gero, aldiz, ohiko bizimodu eta harremanei uko egiten dieten gizabanakoen egunerokoarekin goza dezakegu, lan-mundua, etxebizitza, familia, adiskidetasuna, generoa, sexualitatea edo ekonomiari buruzko kontzepzio tradizionalak hankaz gora jarriz eta, uneoro fikzioari eutsiz, hausnarketa sakon bezain beharrezkoari bidea emanez. Halako identitate-kontu berez konplexuak auzitan jartzea saihestu gabe gainera, zinez eskertzekoa dena. Funtsean, egungo gizartean indarrean dauden botere-harremanak ezbaian jartzean eta gehiengoak ezarri/onartutako sistematik kanpo alternatibak aztertzean datza obra honetarako proposatzen dudan irakurketa iraultzailearen berebiziko interesa. Pertsonaiak, bazterrekoak agian bai, baina ez dute horregatik beren burua biktimatzat jotzen; aitzitik, zuzen ala oker, erabaki ausartak hartzen irudikatuak dira maiz, burujabeak izateko nahiaren aldarri gisa.

Ez zaitez protagonistaren bizitzari darion ustezko porrot-usainaz eta narrazioari gailentzen zaion etsipen-tonuaz fida, irakurle. Istorio honetan askoz garrantzitsua baita pertsonaien barne-bizipenek osatutako unibertso zabal-aberatsa, egunero haren kontra borrokatzeko erronka egiten dien errealitate gordina baino. Amaiera borobil-borobila eskaintzen digun azken kapitulu hunkigarria horren erakusgarri.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak