kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Anne Franken egunkaria / Anne Frank (Josu Zabaleta) / Erein, 2005

Ekainean Asun Agiriano / Gara, 2014-06-15

Ekainean jaio zen liburu honen idazlea, Anne Frank. Urtebetetze-oparia izan zen liburu ospetsua bihurtuko zen koadernoa, bizitakoak idazteko, nerabe askok egiten duten moduan. 13 urte bete berriak zituen. Horrela dio 1942ko ekainaren 2an (sic) idatzitako lehenengo esaldian: “Gauza guztiak esan ahal izango dizkizut, nik uste, orain arte inori ez bezala, eta laguntza handia emango didazula espero dut”.

Gaztetxoak ez zuen inondik ere irudikatuko etorkizunak ekarriko ziona, Bigarren Mundu Gerran, naziengandik ihesi, bi urte luzetan familiarekin batera zulo batean ezkutatuta egon beharko zuenik. Egunkarian idatzitakoak protagonistaren bizitza, sentimenduak eta ahotsa dakarkigu; bitartean, kanpoan izugarrikeriak gertatzen ari ziren. 1947an argitaratu zuen liburua Anneren aitak, etxe hartako gordelekuan zeuden zortzi senideetako lekuko bakarrak.

Harrezkero, tragediaren erdian jaiotako liburuak ibilbide oparoa egin du. Asko jendek irakurri duen kontakizun hau XX. mendeko klasikotzat hartu izan da. Orain dela hamar urte itzuli zen euskarara eta, agortua zegoenez, argitaletxeak aurten edizio berritua eskaini digu. Liburuaren hasieran familia osoaren ezkutalekuaren plano bat erakusten digute, baina nago dokumentazio grafiko gehiago balego, argazkiak eta abar, lagunduko ligukeela irakurleoi gertatutakoak sortzen duen zirrara hurbilagotik sentitzen.

Gutun moduan aurkeztutako liburua —Kitty deitzen baitio— inguruan zegoen giro beldurgarritik ihes egiteko bidea izan zen Anne Frankentzat. Egunkarian eta literaturan aurkitu zuen babesa. Gau eta egun elkarrekin bizitzera beharturik daudenen artean liskar anitz sortuko dira, Annek gurasoekin duen harremana batzuetan ez da batere goxoa izango. Ezkutalekuan giro itogarria bizi zuten, kaleetan heriotza zabaltzen zen bitartean. Pasarteak zorroztasun handiz idatzi zituen, eta bertan atsekabearen adierazpen ugari jaso; baina umorea eta poztasun zantzuak ere antzematen dira, esaterako, espazio ñimiño hartan Peter gaztearekin maitasuna aurkitu zuenekoak. Gurasoen begirada zelatarietatik ezkutatuz, Annek sexualitatearen hastapena ere bizi izan zuen.

Biografia, autobiografia, gazte-literatura… sailkapen ugari jaso izan ditu liburuak, derrigorrezko irakurketa ere izan ohi da, baina oso garbi dago edozein irakurle hunkitzeko eta emozioak sorrarazteko indarra duela memorian iltzatuta geratzen den egunkariak.

Egunkariaren sarrera guztiek neskaren gogoeten sakontasun eta heldutasun maila ematen dute. Askotan garrasika idatzitako hausnarketak dira, isilik gorde behar diren oihuak, Gestapok harrapatzea nahi ez badu. Etorkizun iluna igartzen du, askatasuna urrin, heriotza hurbil. Amaiera aldera aurkituko ditu irakurleak pasarterik handienak: “Behin eta berriro ari naiz neure buruari galdezka hemen ezkutatu baino denak hilda egotea ez ote genukeen hobe, amesgaizto hau pairatu beharrik ez izateko”.

Denbora pasa ahala, Annek ipuinak eta itzulpen-lanak ere egingo ditu: “Ikasten jarraitu behar dut, ezjakina ez izateko, aurrera egiteko, kazetari izateko. Badakit idazten badakidala (…), baina talenturik badudan, ikuskizun dago oraindik”.

1944ko udaberriko pasartea da hauxe: “Ez dut alferrik bizi izan nahi… bizirik jarraitu nahi dut, hil eta gero ere!”. Egunkari honek gauzatu zuen Anne Franken ametsa. Ekainaren erdialdera dator luzaroan gogoratuko duzun irakurketa. Uda pasa arte, gutxienez. Horrela bada, udazkenera arte!

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak