kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Xalbador / Mixel Itzaina / Elkar, 2014

Odoletikako bertsoa Alex Gurrutxaga / Berria, 2014-06-15

Urte anitz darama Mixel Itzainak bertsotik gertu, eta halaxe idatzi du Xalbador saiakera ere, gertutik: auzo eta adiskide zuen Itzainak urepeldarra, eta gaztetarik hari izandako mira azalarazi du. Informazio asko eta mota askotakoa bildu du: bibliografia eta lekukotza uztartu ditu, saiakera interesgarri eta fina osatuz.

Xalbadorren soslaia egiterakoan eta bertsoak jendartean zuen presentzia deskribatzerakoan, pasadizoez baliatu da, batez ere, Itzaina. Gainera, Xalbadorren ahaide eta gertukoen testigantzak bildu ditu, bai eta bertsolarienak ere; sartu ditu elkarrizketak, iritziak, hitzaldi zatiak, e.a. Horiek guztiek zutarri sendoa ematen diote saiakerari.

Tarteka herren geratzen dena testuen azterketa da. Itzainak Xalbadorren bertso asko interpretatzen ditu: batzuk Odolaren mintzoa-n daudenak, eta beste batzuk jaialdietarik jasoak. Komentarioak zuzenak izanik ere, hala baitira oro har, zenbaitetan laburxko aritu dela esango nuke, azkarregi, bertsoen ezaugarrien zerrenda hutsean geratuz ia. Horrek alde du irakurlea ez akitzea, baina azalpenetan lasaiago aritzeak saiakera gehixeago jantziko lukeelakoan nago. Azterketei dagokienez bi atal nabarmendu behar dira. Batetik, Xalbadorren bertsoak Mendiage, Elizanburu, Oxobi eta Zaldubiren bertsoekin konparatzen dituen kapitulua dago. Bestetik, aipamena merezi du Amentsetan bertso sortaren azterketa patxadatsuak; matizazioak alde batera, aski zuzenak dira Itzainaren oharrak.

Saiakerak biltzen dituen materialen artean balio berezia dute Xalbadorren eskuizkribuek. Bertsoen aurreko bertsio zenbait ematen ditu Itzainak, horietako asko Gosta gabe deusik ez atalean, eta hortik aurrera han-hemenka beste zenbait. Kasu honetan ere, azalpen pausatuagoek gehiago nabarmenduko lukete bertsio hauen balioa, baina ez da dudarik interesgarria dela.

Hizkera freskoa da Itzainarena, estandarretik pitin bat urruntzen da, eta ahozkotasunaren indarra du. Tonua dela-eta, testuak tarteka daukan apologia kutsuak edukiari kontra egin diezaioke —esklamazio esaldiak, harridura ikurrak eta gisakoak askotxo dira—; izan ere, miresmenetik idatzi du, baina batzuetan irakurleak behar du idazleak zorroztasun eta distantzia gehiago jar dezan landutako gaiarekiko.

Bertsolaria bere osoan dakarkigu saiogileak. Bertsolaria izan da Euskal Herriaren sentipenei arnasa eman diena: garaian garaikoa kantatu du, herriaren gertakizunak, pertsonen tragediak eta pozak, eta eman die horiei guztiei dimentsio soziala. Xalbadorren kasuan iduri luke bere lirismoa dela bereziki liluratzen gaituena; horregatik esan ohi da, ziurrenik, bertsolarietan poetena zela Xalbador. Takarra bide zen maiz, petrala ere bai tarteka, baina antzaldatu egiten zuen bertsoak. Bere kasa ere halaxe aritzen omen zen, bertsoa izaki bere sentieraren kanalizatze estetikoa. “Hezurretaraino bertsolaria zen”, dio Itzainak. Piarre Bidondok, Itzainak galdetzen diolarik, halatsu esaten du: “Xalbadorrek bertsoa bere baitan zuen”. Amets Arzallus ere horretan dago: “Bere bertsoa berari zerion odola zen. Odola lehen pertsonan mintzo da beti”. Barnean irundako bertsoa herriari ematerakoan antzaldatzen zen, eta oraindik ere hunkituko da bat baino gehiago haren bertsoekin. Hahor Itzainaren Xalbador, oroitzapena eta literatura eskuz esku, aho betegarri.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak