kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Joan-jinaren labirintoan / Jose Angel Irigaray / Pamiela, 2002

Inoiz bukatzen ez den bidaia Igor Estankona / Gara, 2002-09-21

Zer dira bost urte poesiarentzat? Epe luzea al da? Zer edo zer esan gura ote du liburu baten beratze-denbora laburragoa edoluzeagoa izateak? Erantzunik gabeko galderak dira seguruenik. Hala ere “Joan-jinaren labirintoan” honek oinarriak sendo eta hegalak prestu dituen txoriaren antza dauka. Ez da erraza esaten hegan egiteko edo lurretik ibiltzeko egina dagoen.

Azaleko irudiak laburtzen du —edo hala iruditu zaigu— liburuaren helburua. Nikolas Lekuonaren “Izengabea” gauza asko adierazteko gai izan daiteke, baina, batez ere, behatzailearen erretratu oso egokia da. Poema liburu hau astiari eskainita dago, gauzak aztertzen eta norberarekin duten lotura bilatzen emandako astiarekin. Gaur egun alferrik galdutako denboratzat daukagun horren balioa aurkitu diot nik liburuari, eta errespetuz irakurri dut. Errespetua ez da, behar bada, poema liburu batera hurbiltzeko modurik onena, baina Jose Angel Irigarairi horixe diot: errespetua. Bilbo Hiria Irratian hitz egiten hasten denean, nik behintzat, bolumena igotzen dut. Gaiaren zurrunbiloan ere bizitzaren hiru-lau zutabe oinarrizkoen erreferentzia bilatzen daki. Edo ez galtzen, hobe esanda. Txikitik handira eta handitik txikira bidaiatzen dakien pertsona izaki, biak baloratzen dituela iruditzen zait. “Joan-jinaren labirintoa”-n, behintzat, argi sumatzen da hori.

Liburuak badauka beste alderdi bat; hura ere irudi bihur dezakeguna. Barnean doan Xabier Morrasen “East London” marrazkian adierazita dator, hain zuzen. Oraingoan ere behatzailea da protagonista, baina burdinazko zubi batetik ari da —zaigu?— begira. Lekuonaren irudiko planeta biluza mamu antzeko hiri bihurtzen da Morrasen marrazkian. Irigaraik poema liburu hau kontraesan etengabean darabil, baina beti oreka puntua aurkitzeko. Badago sentipenen eta pentsamenduen arteko gatazka bat. Batzuetan intuizioa da nagusi —sentipenek gailentzen direnean— eta beste batzuetan kontzeptua —pentsamendu abstraktua gailentzen denean—. Oreka puntua hauxe da: sentipenak harean estaltzen ditu, baina kontzeptuak jadanik ez dira hain hotzak.

Berriro labana sartu eta bi zati egin nahi badira badago aukerarik. Mistikaren eta azalpen sinplearen arteko borrokatik ere garaile atera da idazlea. Batzuetan argia ikusi duenaren antzera aritzen da, baina hankak non dituen ahaztu gabe, azalpenik behar ez duten poemek ere gutxieneko azalpen bat behar dutela ikusi balu bezala.

Bizitza ulertzeko ahaleginean dabilen poeta da hemen agertzen dena. Ulertzen duen apurra ordenan jarri eta eskaini egiten digu. Ulertzen ez duena gorabehera, ez zaio absurdu hitza entzungo, baizik eta ulertezin. Hitz ederra da izan ere ulertezin, absurduren aldean. Samurtu egiten du labirinto barruan jadanik badaukaguna aurkitzen eta ulertzen egiten ari garen bidaia. Horren kontzientzia izateak bihurtzen gaitu berezi. Hala azaltzen da lehenengo ataleko poema batean: bonobo txinpantzeak beren buruaz jabetzeko bidean diren antzera, gu hala gabiltzala, apur bat aurreratuago egon arren. Haien begietan geure begirada sumatzen du idazleak. Eta bilakaera hori pozez eta minez beteta dago, esan barik doa. Bizi-kontzientzia da gure tranpa eta gure askatasuna. Liburu honetan, apur bat serio jarri gura baduzu, askapen moduan azalduta irakur ditzakezu gizakiaren beldur guztiak.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak