kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Txalorik ez, arren / Harkaitz Cano / Edo!, 2014

Txalo-pin-txalo Iker Zaldua / Gara, 2014-04-13

“Artiumek gonbidatuta, Antoni Muntadasen ‘On Translation’ serieko instalazio baten inguruan 2009an egindako hitzaldia du Harkaitz Canoren ‘Txalorik ez, arren’ testuak abiapuntu”, horixe Edo! argitaletxearen webgunean liburu honen gainean agertzen den lehen esaldia.

Saiakeraren etiketa jarri diote webgunean eta ez dut uste irakurri duen inork kontra egingo dionik esleipen horri. Haatik, Harkaitz Canok istorio txiki bat egin nahi izan du saiakera bideratzeko. Buruan, belarrian, zarata deseroso bat dauka protagonistak, karraska baten parekoa, goizean oso leuna izan arren, eguna aurrera joan ahala indartu egiten dena, astun bilakatzen dena. Zarata errepikakorra da, hau da, jarraitua ez izan arren, errepikatu egiten da denbora jakin bat igarota; laburra da, txalo baten parekoa, baina isiltasuna ere deseroso bilakatzen da hurrengo txaloaren zain dagoelarik. Txalo hori burutik, belarritik, kendu nahian espezialista batengana doa. Goiz iritsi da Gasteizko espezialistarengana eta, bitartean, Artium museora sartu da eta Muntadasen bideo-instalazio batek eman dio atentzioa, “hiru pantailak osatutako aldibereko proiekzio bat” du aurrez aurre, “eskuineko zein ezkerreko pantailetan, bietan, antzoki batean ikusle anonimoei hartutako irudiak. Txaloka ari da publikoa, nahiz eta guk ez jakin nori edo zeri. Erdiko pantailan, zuri-beltzezko zenbait argazki”.

Horraino iristen da istorioa eta hortik abiatzen da saiakera. Txaloaren dekalogoa. Txalo arruntak eta txalo gogoangarriak aipatzen dira, esate baterako, Xalbadorrek jaso zituenak zazpi minutuko txistuen segidan. Gogogabeko txaloak ere bai, antzoki batean ematen diren gehienak, automatikoak, asmo jakinik gabeak, arauak gidatuak. Txalo motak ere bai, esku bakarrarekin egiten dena, auto-txaloa, futbolariak eskerrak emateko zelai erditik ematen duena…

Ez dira aipuak falta liburuan. Peter Handkeren “Publikoari irainka” kasu. Horren harira, Xabier Mendigurenen “Publikoari gorroto” ere bai. Publikoaren txalo automatizatuak salatzeko bi adibide. Victor Nublaren “Ensayo contra la rueda” saiakera ere aipatzen du Canok, auto-txaloaren adibide.

Anekdota bitxiak ere aurkituko ditugu txaloekin lotuta, negutegiaren gaineko euri tanten ordez, txaloak entzuten zituen jazz musikari zoroarena, esate baterako. Edo bere antzezpen baterako sarrera asko erosi eta oparitu zituen poetarena, opariaren baldintza bakar modura txalo jotzea jarrita. Azken orrietan klakeroen “lanbidea” oroitarazten digu; hau da, XIX. mendean Frantziako antzoki eta operetan egoten ziren txalogile profesionalena. Publikoaren txaloak bideratzen zituzten. Egun, telebistako programa hutsaletan izaten dira halakoak. Liburuaren amaieran, saiakera lausotu eta istorioa agertzen zaigu berriro. Espezialistatik irten eta Gasteiztik Donostiara bidean doa gure protagonista. Tartean gozamenerako ehunka lerro eta poema eder bat ere bai, ikuskizuna eta txaloak amaitzean geratzen den isiltasun edo egoera berezi horri eskainia.

Uste dut gutxi izango direla, horren orrialde gutxitan hainbeste komunikatzen duten liburuak. Bikaina (zinez).

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak