kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Hiztunpolisa / Jon Sarasua / Pamiela, 2013

Txepetxen etorkizuna oraina da Mikel Asurmendi / Berria, 2014-01-19

Euskararen hiztunok polisean paratu gaitu Jon Sarasuak. Euskaraz biziko bagara landu behar ditugun alorrak aztertu ditu. Gaian aditua izateaz gain aritua da saiogilea, burua izan ezik hankak gaian (lur lokaztuan) sartuta bizi baita. Hizkuntz alorra sakonetik jorratu ohi du. Ezagunak zaizkigu haren berbak. “Golde aroa” ezaguna “erein aroa” bilakatu dela, diosku orain.

Bi ataletan apailatu ditu gaiak: inorganikoak eta organikoak bereiziz. Hiztunpolisa eraikitzeko Euskaltasunaren norabideaz apunteak eskaini dizkigu. “Euskararen hirira” iristeko zantzu batzuk markatu ditut neronek:

Txepetxen (Jose Maria Sanchez Carrion) Un futuro para nuestro pasado saioa hartu du gogoan egileak. Txepetxek duela 25 urte utzi zigun uzta ezinbestekoa da euskararen soziolinguistika ulertu ahal izateko. Sarasuak iragana eta geroa baterarazi ditu eta ondorio hau ekarri: etorkizun hura oraina da.

50 urteetan euskararen alde eraikitako etxea arakatu du. Lehenengo hogei urteetan —diktadurapean— egon zen euskara: hil bidean kondenaturik. Hil zorian egoteak salbatu zuen, naski. Ondorengo 30 urteetan berriz —demokrazian, euskara salbatu beharko lukeen sisteman—, alderdi politikoen arteko harreman heldugabeek euskarak behar dituen urrats estrategikoak mugatu dituzte.

Dioenez, modernitateak —ezker eta eskuin joko politikoaren markoa— ez du hizkuntzaren gaiari heltzeko ekarpen berezirik egin. Modernitatearen iritzi-emaileak ez dira gauza hizkuntzaren eta identitateen arazoa kudeatzeko. Hizkuntzen ekologia moduko bat sortu da haatik. “Ez da gutxi”, dio, baina “ez aski ere”. Tesitura horretan kulunkatzen da euskara. Halaber, Sarasuak “modako itxura” hartzen dio hizkuntzen ekologiari, “ekologia” atzizkiari. Kontzeptua ez du errefusatzen ordea, horrela hobesten du: “Etxeari buruzko jakintza” da ekologia. Etxeak berezko gaiak ditu, etxea eraikigarria da, baina etxearen funtzioa determinatzeko jakintza eskas dugu.

Datozen bost hamarkadetan etxea finkatzeko ikuspegia ere eman digu, gai inorganikoak organikoak bezala tratatzeko garaia heldu da: “Euskal hiztun komunitatearen izate inorganikoekin zer egin?”, itaundu du Sarasuak. Etxeko sukalde tresnak organikoak bihurtzea proposatzen du, inorganikoak ziren gaiak organikoak bihurtzeko hiru mailako politika artikulatuz: 1) Etorkizunari begira, pentsamendu zoru bat landuz, “bisioa” behar da. 2) Estrategia behar da. Baina, adi, estrategia izatea ez da “onaren sinonimoa”. Estrategia epe ezberdinetako helburuak kateatzen dituen artea da. 3) Aurreko biek ekintza eta jardun zehatzen planoa behar dute, eta planoak ulertzeko “oharkabeko sena” funtsezkoa da, planoak idatzi gabeko izaten baitira zenbaitetan.

Etxea edo organoa Euskararen Gizarte Erakundea (EGE) da, Kontseilua buru izaki. Ebazteko auzia hauxe: gizarteen erakundeen eta erakunde publikoen arteko betebehar banaketa.

Etxearen —organoaren— gakoa(k) aurkitzeko kontzeptu gakoak eskaini dizkigu: Euskararen gizarte-erakunde sareak diskurtso autonomoa behar du. Euskararen tribua eta euskararen herria bi gauza dira, kasu! Geure etxea finkatu ez ezik, polis-eko etxeak saretu behar ditugu: euskararen jendarte-erakunde sareak. Sare berbak adierazi bikoitza daukala: euskara saretuz —higatuz— joan da eta saretu —uztartu— beharra dauka. Polis-eko hizkuntza politikari Polistika deritzo. Euskarak polistikan sartu beharra dauka, polis-eko beste hizkuntzekin batera biziko bada. Hots, euskarak behar duena ez da despolitizazioa, aitzitik, birpolitizazioa behar du.

Euskarak behar duen etxea nola, saioa hala: gotorra.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak