« Baztertuen poetika | Dena ez dago gure esku »
Adiskide bat nuen / Joxean Agirre / Elkar, 2013
Iraultza eta sexua Ibon Egaña / Deia, 2013-11-23
Badira nobela desberdina idazten hasi eta beti liburu berdina idazten amaitzen duten idazleak. Ziurrenik, beren arrisku eta guzti, egile horiek dira emaitzarik interesgarrienak ematen dituztenetakoak, mundu-ikuskera eta estilo berezkoa izateak unibertso literario oso, ezagun eta aldi berean ezezagun bat eskaintzen baitiote irakurleari. Joxean Agirre dugu horietako bat eta bere Adiskide bat nuen nobelan ozen entzuten dira aurreko eleberrien oihartzunak: identitatearen hauskortasuna, desagertzeko aukera, generoen arteko gatazka…
Ohiko obsesioetatik bi dakartza indarberrituta lan berriak: identitatearen mugak, batetik, eta gizon-emakumeen arteko bikote-gatazkak, bestetik. Hainbat hari narratibo josten ditu egileak elkarrekin, narratzailea izanik guztien arteko lotura sendoena (literatura irakaslea den gizon helduxea). Haren gaztetako adiskide Garibaldiren inguruko hariak klandestinitateari eta nortasunari buruzko gogoetarako bidea ematen dio egileari. 1970eko hamarkadan bereizi ziren bi pertsonaien bideak, batak ekintza politikoarmatua eta besteak literatura besarkatu zuenean: literatura irakasle bihurtu da bata, besteak hamabost bat urte egin ditu kartzelan. Hein batean euskal literaturan sarri agertu izan den ekintza-gizonaren eta letra-gizonaren konfrontazioa berritzen da eleberrian, beraz.
Egungo garaitik, borroka armatuaren etenaren ondotik egindako begiratua eskaintzen du nobelak, borrokaren gaineko balorazioari, erruduntasunari eta beste hainbat gairi tokia eginez (“Porrot egin duen iraultzak bakarrik justifikatu behar izaten ditu bere ekintzak”). Agirreren literaturan berriagoak diren gogoeta horiek egin zaizkit eleberriko interesgarrienetakoak, talaia hein batean berritik so egiten baitzaio gaiari. Aitzitik, klandestinitate garaia gogoeta politikoetarako bainoago gogoeta “literariorako” (komatxo guztiekin) baliatzen du egileak, esan nahi baita, errealitate sozio-historiko jakin bat azaltzeko bainoago mito literarioak berridazteko aitzakia direla klandestinitatea eta borroka armatuaren ingurukoak. Pertsonaiak Donostiatik Triestera lekualdatzeak ere eleberria testuinguru soziopolitikotik atera eta esparru sinboliko eta mitikora darama, eta identitate hauskor, trukagarriaren gaira lerratzen da kontakizuna, eszena eta gogoeta gogoangarriak utziz bidean.
Gizon-emakumeen arteko harremanen ingurukoa da nobelaren bigarren ildoa, narratzailearen eta emaztearen arteko harreman sexualetan eta gizonaren neska gazteago batekiko obsesio platonikoan bifurkatzen dena orobat. Emakumeak izaki estrainiotzat hartzen dituen gizon heterosexualaren begiratua, misoginiaren mugan dagoen mirespenetik so egiten diena, da nagusi pasarte hauetan (“urruneko izakiei bezala begiratu ohi diet”). Tonu parodikoa eta umorea dira narrazio-atal horiek irakurtzean arnasa eman diotenak irakurle honi. Era berean, klandestinitatearekin loturiko zenbait pasarte, fantastiko eta ia estranbotikoak izaki, interpretazio parodikoan baino ez dira sinesgarri, baina susmoa dut klabe errealistaren eta parodikoaren arteko jauzia handi xamarra suertatzen zaiola irakurleari tarteka.
Perfektua ez izan arren, nobela ederra da Agirrerena: ezagutzen genizkion begiradaren zolitasuna, estilo berdingabea eta ironia fina; berriak dira, eta interesgarriak, mundu literario hori aberastera datozen hainbat gogoeta eta gai.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi