kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

Kristalezko begi bat / Miren Agur Meabe / Susa, 2013

Begirada biluzia Iraitz Urkulo / Berton, 2013-04-28

“Pertsonaia bihurtu naiz orriotan: ni neu izanik, ez naiz neu erabat. Aitorpen biografiko egiazkoa bezain iruzurtia eraiki dut, hain da meharra gertatuaren eta asmatuaren arteko bana-lerroa: pintura bat, errealitatearen kopia leiala izanik ere, ez da errealitatea bera. Kristalezko begia ere ez da kristalezkoa, izan, berezitasun bat da, akats fisiko bat besterik ez, duena baino gora handiagoa esleitu diodana, interes literarioak eraginda. Ez gaitezen engaina. Hitzez hitz sinetsiko al duzu kontatu dizudan guztia?”.

Autofikzioaren bidetik jo du Miren Agur Meabek bere azken eleberrian. Errealitatea eta fikzioa modu trebean nahasi ditu, datu autobiografiko ugari tartekaturik, istorio honetako pertsonaia nagusia benetako idazlearen mozorroarekin janztera jolastuz. M bikotekide ohiarekiko harremana gogoan idazten duen emakumea dugu protagonista, desamodioa gainditzeko Landetara alde egiten duena, isolamendu hartan bere burua berraurkitzeko asmoz. Idaztea da pertsonaia nagusiak sentitzen duen mina arintzeko aukeratzen duen modua eguneroko itxura hartzen diodan eleberri honetan. 159 orrialdetan zehar luzatzen den idatzizko terapian irakurleok 49 urteko emakumea ezagutuko dugu, bere adinari dagozkion aldaketa hormonalei, gaixotasunaren aurreko beldurrari, sexuak bere bizitzan duen garrantziari, seme eta aita zaharrarekiko ardurari eta beste hamaika gairi lehen pertsonan ausarki heltzen diena.

Bada istorioak garrantzi berezia eskaintzen dion eta ikuspegi posible guztietatik lantzen den irudi indartsua: kristalezko begi bat. Fikziozko diskurtsoaz fidatuz gero, identitate-marka eta, aldi berean, protagonista gaixoak bere bizitzan pairatutako galera guztien metafora litzatekeen begia, hain zuzen. Obsesioak jota balego bezala, narratzailea behin eta berriro itzuliko da begiaren gaira, are bortizkeria handiagoz amaiera hurbildu ahala. Begiaren ordez protesia izatearen esperientzia pertsonaletik hitz egingo digu, begiak galarazi zion gaitzaz, ondoko ebakuntzaz, medikuntzaren historiaz eta arlo horretako aurrerapausoez…

Pertsonaia nagusiak barruak hustearekin batera, testua ere biluzik ageri zaigu, izan ere, estrategia narratiboa idazleari burutik dabilzkion kontaketaren inguruko oharrak zenbait kapituluren amaieran letra etzanez ematetik pasatzen da, egiantzean oinarritzen den narratzailea eta idazlearen arteko trukagarritasunaren jolasaren segida gisa. Paradoxikoa gerta daitekeen arren, idazlearen izenean ari den eta hainbatetan irakurleoi bigarren pertsonan zuzentzen zaigun narratzaile hori bera da, hain zuzen, narrazioaren une jakin batean bere jokaera iruzurtiaren gaineko zalantzak agertzen dizkiguna. Eta behin idazketa-prozesuaren sekretuak agerian uztera jarriak, testu honetan esplizituki adierazten da testuartekotasunarekiko zorra, gehienbat azken orrialdetan biltzen direla literatura unibertsaleko idazle eta obretatik bereganatutako teknika eta baliabideen aipamenak. Ezaugarri hauek lehen mailako ariketa metaliterario bihurtzen dute liburua.

Forma aldetik, kapitulu labur ugariz osatutako obra honetan nabaria da estilo argi eta zuzenaren aldeko apustua, egileak hain berezkoa duen tonu poetikoari uko egin gabe, halere. Protagonistak bere buruarekin duen borroka etengabean pentsamendu intimoak, hausnarketa luzeak eta era guztietako sentipenak txandakatzen dira, orainaldian ainguratutako narrazioa oroitzapen goxo zein mingotsagoez elikatzen den bitartean. Horrela, pertsonaiaren zauri eta ahuleziak agerian uzten dituzten pasarteak fantasia eta amets zapuztuetako pasarte gordinagoekin nahasten dira, oreka betean.

Diskurtsoaren zintzotasuna nabarmenduko nuke liburu honetako balio nagusi bezala. Idazleak adin ertaineko emakume baten drama pertsonala islatzeko hautuan erakutsitako ausardiak berak kutsaturik nonbait, protagonistak minean tematzea saihestu eta ahots sendoz, bere buruarekiko errukian erori gabe, sartuta dagoen zulo emozionaletik ateratzeko ahalegin guztien lekuko egiten gaitu. Kontzientziak lasaitzeko kezkarik ez da lerrootan, damurik ere ez, are gutxiago pertsonaiaren kontraesanak leuntzeko edo estaltzeko ahaleginik, benetan estimatzekoa dena. Kristalezko begi bat irakurketa pertsonala da, berezia, neurri batean deserosoa ere… zentzu onenean diot.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak