« Gure historiako istorio gaurkoa | Gora eta behera »
Arrazoia ez dago edukitzerik / Iñaki Segurola / Alberdania, 2012
Ideiak edukitzea badago Mikel Asurmendi / Berria, 2013-02-24
Arrazoia ez dago edukitzerik, ideiak bai. Arrazoia, argia legez, egunsentian urratu bezala amatatzen da ilunabarrean. Pentsatzea airean dabilen zerbait da, argia airean nola. Pentsamendua izaterik dagoen ere zalantza-balantzan jartzen du pentsalari azpeitiarrak. Horra Iñaki Segurolaren tema.
Arrazoiak arrazoi, ideia berezi batek ilustratuta dago liburuaren azala. Junkal Motxailek saiogilearen ideia gauzatu du; Unai Pascualen argazkian irudikatua: Auguste Rodinen Pentsalaria-ren irudia ageri da edukiontzi batean. Pentsalaria gaur-gaurkoa da, ordenagailu baten aurrean burumakur. Segurolak pentsalariaren figura barruan paratu nahi ei zuen. Barruan paratuz gero ez legoke ikusterik, ordea.
Hona, edukiontzitik neronek ateratakoa:
Azaleko ideiaren emaileak lehenengo kontraesanarekin topo egin bide du: irudia ikusiko bada, ezin da edukiontzi barruan paratu. Bizitzea kontraesanezko ekintza da. Edonola ere, edukiontziko hitz hiletan arakatzea baino gehiago, hitzak biziagotzea proposatzen digu saiogileak.
Arrazoia ez dago edukitzerik arrazoirik gabe bizitzeko ahalegina da. Saiogileak pentsamendua orkestratzeko beharra sentitu du. Konpositoreak musika piezak —edo aireak— interludioetan moztu ohi dituen bezala taxutu ditu testuak egile honek. Pentsamenduak amatatua ez izateko, arrazoizko zeresanen etena behar izan du egileak. Interludio-5 dio azken etenak.
Arrazoia titiaren pare dela dio egileak. Hots, haurrari arrazoia eman behar zaio isilduko bada: “Ez zuen deus nahi; arrazoia eman diogu”. Neronek bestela paratu dut: “Ez zuen deus nahi; titia eman diogu”. Arrazoia edukitzea haurkeria da. Hortik heldu gara gu, helduok. Arrazoi bakoitzak hamaika itaun planteatzen digu gizakioi. Haur izan ginen hura, hamaika iritziren edukiontzia bilakatuta heldu da pertsona izatera. Arrazoizko iritzi-edukiontziak izanik, arrazoiaren eramaile izan gurak “hamalau” bihurtu gaitu.
Segurolak dioskunez, “Nondik gatoz? Nora goaz?” galdera transzendentalak egiten dizkiogu geure buruari. Berak, aitzitik, galdera intranszendentalak proposatzen dizkigu: “Nondik goaz? Nora gatoz?”. Errazagoak, itxuraz. Galdera zailak, ordea. Izanik ere, munduak buelta asko eman du honezkero, baina beti alde batera. Eman diezaiogun beste alderako tornuia —Pedro Agerre Axular gogoan nik—, diosku erdi serio erdi bromatan.
Hitz bitan: kontrasterako ideiak sortzea proposatzen digu Segurolak, pertsonok kontraesankorrak —atx, horra gure mugen adierazleak— baikara. Hitzak hiztegian, ideiak edukiontzian parekoak dira, deus gutxi adierazten dute dagoeneko. Hitz usatuek eta kutsatuek diotena baino gehiago, hitzen josturak idokitako zukua bilatzea dagokigu. Edukiontziko berba amatatuak airera atera eta biziarazi behar ditugu. Hitzari iradoki behar diogu.
Berbatura proposatu digu filologo azpeitiarrak: hitz hilotzak biziarazteko ariketa. Aburu zaharrak berrituz, berben funtsa iradokitzen tematu da. “Nahi” eta “nagi” hitz bera direlakoan tematu ere, berbarako.
Arrazoia ez baitago edukitzerik, ezta merkatu bihurtutako literaturaren azokan ere. Eros litekeen —erotu gaitzakeen; Sigmund Freud gogoan— arrazoia arrazoi saldua da. Funtsean, teman eta deman, nor bere zoroak bizi baitu, nor bere arrazoiak du amatatzen.
Beharbada, hil artean, salba gaitzakeen bakarra umorea da, gure baitan daramagun humorea umorez zukutzea. Nork bere baitan daraman “grazia” kausitzea. Bizitzaren zaldiko-maldikoan, horixe bide da pentsamendua apur bat arindu diezagukeena. Ideiak izaten biziko bagara.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi