« Evviva, batez ere, la libertà | Ageriko sekretua »
Denboraren hosto artetik / Jose Inazio Lasa / Erein, 2012
Poesia mailua behar ote? Mikel Asurmendi / Berria, 2012-12-02
Poesia mailu bat dela idatzi zuen Gabriel Arestik. Baita idatzi ere haren maiseatzaileek berea ez zela poesia esango zutela. Zintzo izatera, ez dut egundo ulertu Arestik poesia mailua izatea hobetsi ote zuen. Dena den, haren poesiaren bitartez Jorge Oteiza imajinatu ahal nuen harrien aurka kolpeka, zizelka, harrizko herri hau moldatu nahian.
Ez dut Jose Inazio Lasa poetaren maiseatzaile izan nahi. Eskuetan daukat Denboraren hosto artetik liburua. Begiz jo dut enegarrenez, leitu ez ezik irakurri dut. Sarri aletu ditut poemak, hots. Haren poemen hotsak ingude baten aurkako mailukadak antzo dantzut: denbora eta espazioa. Mundua eta unibertsoa. Zerua eta lurra. Burua eta bihotza. Heriotza eta bizitza. Iragana eta etorkizuna. Maitasuna eta gorrotoa. Iluna eta argia. Joan eta etorri. Ahala eta ezina. Ametsa eta… Arima eta… Infernua eta… (Infernua ez. Infernua ene erretorikaren hotsa da).
Ez naiz filosofoa. Ezin entzun filosofiaren bitarteko poesiaren hotsa, nonbait. Liburuaren hitzaurreko egile Juan Ramon Makuso filosofoaren beste ordu bat da nirea, agidanez. Hitzaurre filosofikoak iragarri dit Lasaren poemen hotsak ez direla ene espazioan izanen. Haren mailukaden hots aurreratuak dantzut, hitz erretorikoak hitzaurrean jada.
“Lotsaturik nago eraikitako etorkizunaz” gaztigatu digu denboraren hosto artetiko hotsen igorleak. Lasaren jarrera egiatia aurretsi digu Makusok. Mallarmek poesia ez dela “ideiekin egiten, hitzekin baizik”, esaten zuela diosku hitzaurre egileak. Areago esan ere: Lasak poeta frantsesaren proposamena gainditu nahi izan du. Lasak ez duela asmo hori hobetsi dut.
Poesiaren mailukadak entzuten ditudanean, poeten guztizko mailukadak, mailukadak inoizko hitzen sinfonia ederrenak antzo ulertuak, ez dut ulertzen filosofiaz. Ez dut ulertzen, ulertzeko motza naizelako, naski. Ez naiz gauza Wittgensteinek Tractatusean dioena ulertzeko ere: “Heriotza ez da bizitzaren inolako gertakizun. Heriotza ez da bizitzen”. Izan ere, filosofatzen hasita, “heriotza bizitzaren eguneroko gertakaria da. Heriotza egunero bizitzen da” esan dezaket neronek. Nire ulermenerako, espazioaren eta denboraren arabera, Wittgensteinen hitzak bezain egiazkotzat jotzen ditut nireak. Lasak ez omen du bere hitzetan diskurtso faltsua eraiki, bere poesia benetakotasun metafora dela diosku Makusok.
Hitzaurrean berean galdu naiz. Aspaldi galdu nintzen —Etiopian nonbait…, aspaldi hautsi ere anfora:
“Hi hintzena / bi arraia zaharren gurutzaketa galdu da / galdu haiz / hautsi da ANPHORA eta mila ispilutan multiplikatua ez haiz azken irudi ezabatua baino…” (Etiopia. Lehen zirkulua. Bernardo Atxaga, Pott).
Poesia filosofia ez beste ote den nago. Filosofia ez dela egia, poesia ez dagoela filosofian. Poesia, izatekotan, artea dela, eta artea egiazkoaren —edo gezurrezkoaren— ifrentzua. Eta, alabaina, liburua, edozein liburu, artefaktu bat dela.
Lasaren poemen arkitekturari begira nago. Ingudeak antzo antzeman ditut poemak. Azken poema izan ezik, den-denak erdian “justifikatuta” daude. Aristotelesen esanaz gogoratu naiz: bertutea erdian dago. Bertute moralaren emaria ote poesia? Bete dezakezu gizakiaren bihotza edota haren arima hustu, baina horiek ez dira poesia eraikitzeko nahikoak. Lasaren poesiaren ideiak denboraren hosto artetik heldutako hotsik gabeko hitz estuak eta larriak dira ene adimenerako, infernuko hostoen artetik iragan gabeko mailukaden hotsak. Poesia mailua behar ote?
Denbora bizigarri baterako
Marina Garces
Irati Majuelo
Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta
Amaia Alvarez Uria
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Ibon Egaña
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Asier Urkiza
Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx
Aritz Galarraga
Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu
Mikel Asurmendi
Denboraren zubia
Iñaki Iturain
Aritz Pardina Herrero
Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza