kritiken hemeroteka

8.700 kritika

« | »

Idazten ari dela idazten duen idazlea / Iban Zaldua / Elkar, 2012

Aspiragailuak sofa azpikoak nola Aritz Galarraga / Deia, 2012-11-03

Akaso nire posizionamendua liburuarekiko ez da egokiena. Akaso ez dut behar besteko distantziarik, ez eta ironikorik ere, liburua behar bezala juzgatzeko. Batetik, ze kontxo, ez dut hemen aitortzeko erreparorik, Iban Zalduaren ipuinen fana naizelako —baina ipuinen fana, behar den bezala—. Eta bestetik, zer nahi duzue esatea, baina literaturaren gainean aritzen den literatura oso atsegin dudalako, ez dakit, angula jaleak marra zuri distiranta oso atsegin izango duen bezalaxe. Gaur, beraz, ez naiz kritiko serioarena egiten saiatuko —esfortzurik ere ez dut egingo—. Lehenengo aldiz; eta akaso azken aldiz —eta zalantza daukat ez ote nukeen usuago, edo beti, egin beharreko zerbait; hain da bestela, eta halere, hotz eta zurrun eta ezdeusa kazeta kritikagintza—. Kritiken hemerotekan ez ateratzeko arriskuarekin, eta bai zirku mundialeko hurrengo espektakuluan.

Ipuin liburua batasun zentzu argi batekin eraikitzen bada eta ipuin bilduma saski-naski totala izan badaiteke, bada, Zalduaren azken hau garbiki da lehenetarik, literaturaren gaineko eta, batez ere, azpiko ipuinak bildu dituelako bertan —aspiradorak sofa azpiko hautsak nola—.

Eta Biodiskografiak hura ere ipuin liburu izan arren, azken Idazten ari dela idazten duen idazlea hau are da gehiago, hark diskoetatik abiatutako ipuinak biltzen zituen bezala —baina askotarikoak, norabide ugaritan barreiatzen zirenak—, honek literaturarekiko harreman estua —eta arriskutsua— gordetzen duelako. Idazlea, kritikaria, itzultzailea, irakurlea, dendak, sariak, irakurle-klubak, idazleen ingurumariak. Eta kontraesanik ez da: literaturaren gaineko eta, batez ere, azpiko kontuez ari bada ere, ez da inondik ere bilduma monokromoa; kontrakoa: ipuin laburrak —eta are laburragoak— irakurriko ditugu, eta eskaintza luzeak; ipuin fiktizio ezin gertagarriagoak, eta, ezinbestean, ukitu erreal-fantastikoak; eta, besteren gainetik, metaliteratura, gaindosiaren mugetaraino. Esan beharko nuke ipuin bukaera batzuk bortxatu xamarrak iruditu zaizkidala —K. izeneko ipuinarena, esaterako—, ipuin bukaera batzuk aurreikusgarri xamarrak —Deskribapena izenekoarena, esaterako—. Esan beharko nuke orain-oraingo aktualitateari lotutako erreferentzia ugariek —Laura Mintegiren hautagaitza eta abar— zalantza sortu didatela, denboran iraungo ote duten, ez ote duten keinu hutsal, anekdota soilean geratzeko arriskurik? Esango dut, horiekin batera, asegarria dela erabat liburuaren irakurketa.

Literatura kontuez nik baino puskaz gehiago dakien lagun batekin hitz egiten nuen: ipuinak egiteko modu bat duen idazleak ondo bidean goiz edo berandu jotzen duela gailurra, eta zail izaten duela gero, bide berririk zapaldu ezean, bere burua ez errepikatzea. Quim Monzo katalana aipatzen genuen, adibidez, bere Gauza guztien zergatia (Elkar, 1998). Baina nola Quim Monzo katalanak, adibidez, egin duen azken liburuetan biraketa interesgarri bat, eta lortu duen hala inoizko ipuinik onenak idaztea. Etorkizuna ipuin liburuaz geroztik, eta bi ipuin bildumaren ondotik, akaso Iban Zaldua prestatzen ari den ipuin liburuak ekarriko du erantzun garbiagorik. Dena den, kontuok utziko dizkiegu Bakailaoa eta gainontzeko euskal kritikariei. Irakurleok nahikoa, eta gehiegi, dugu Idazten ari dela honen irakurketa disfrutatzearekin.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak