kritiken hemeroteka

8.623 kritika

« | »

Alter ero / Bertol Arrieta / Susa, 2012

Errealitatea bihurritzen Alex Gurrutxaga / Berria, 2012-11-11

Aho gustu gazi-gozoa utzi dit Bertol Arrietaren bigarren ipuin liburuak. Gozoa, istorio interesgarriak biltzen dituelako. Gazia, kontaerek ez nautelako guztiz ase.

Zortzi ipuin daude Arrietaren liburuan, giza harremanak jorratzen dituzten sei eta literatura ardatz duten bi. Eguneroko bizimoduari begira sortutako ipuinak dira, baina ez horregatik ohiko gauzak kontatzen dituztenak. Izan ere, arrunta denari buelta bat ematen ahalegintzen da Bertol Arrieta, gure ohiko ego zuzenari alter ero bat bilatzen.

Sortu dituen pertsonaia nagusiak antiheroiak dira; jende arrunta da berez, eta bat-batean gertaeraren batek euren mundua iraultzen du. Idazleak berak esan bezala, “gertaera xumeak” dira, baina hala ere, arazoak euren onetik ateratzen ditu pertsonaiak. Horiek galduta aurkitzen diren une horretan hasten dira kontuak ezohiko izaten. Arrietak modu finean erabiltzen duen absurdoa nagusitzen da maiz, modu indartsuenean ipuin metaliterarioetan; nahiko modu lortuan Un tal Ekain ipuinean, non narratzaile batek Cortazarren semea dela sinetsarazi nahi digun, eta ez hain ongi Ipuin perfektua-n, idazle batek horixe bera idazteko ahalegina egiten duenean. Alde horretatik, umorerik ere ez da falta, eta hori ere modu finean lantzen du Bertol Arrietak. Txispa dezenteko momentutxoak daude, esaterako, Bye ipuinean.

Bestalde, pertsonaien karakterizazioa sendoa dela esango nuke, alegia, ongi jabetzen garela pertsonaia nagusiak nolakoak diren. Gustatu zait, gainera, nola jabetzen garen. Arrieta ez da pertsonaien barne mundua kontatzen hasten; askotan, pertsonaia nagusiak eurak dira narratzaileak, eta euren hitz egiteko eta jokatzeko moduaren bidez ezagutzen ditugu (kontatu baino gehiago, erakutsi egiten zaigu nolakoak diren).

Aipatu beharrekoa da in medias res ordena, hainbat ipuinetan oinarrizko egituran baitago. Pertsonaia aurkezten zaigu lehenbizi; gero, une batean, pertsonaia nagusia pentsaketan hasten da (ile apaindegian eserita, igerian, eta abar), eta horrela, bi garaiek bateratsu egiten dute aurrera. Hori egiten du egileak, esaterako, Ordezko atezainaren balada-n, nire ustez liburuko ipuin onenetakoan. Bertan, orrialde gutxian hiru lagun errusiarren bizimodua modu eraginkorrean kontatzen da.

Gazi puntua kontamolde zenbaitek utzi dit. Batzuetan, ipuinen mezu nagusia lausoa iruditu zait, eta horrek erabilitako teknikaren eta gaiaren artean disonantzia dagoela pentsatzera narama (esaterako, Ez da zinemazaleentzako herrialdea ipuin ez oso sinesgarrian mezu nagusi sendorik ez dut harrapatu). Antzeko zerbait gertatzen dela esango nuke Laurak eta hodei ipuinean ere; teknikak mezuaren alde ala kontra egiten duen zalantzak ditut.

Izan ere, teknika berezi zenbait lantzen ere ahalegindu da Arrieta (aipatutakoaren amaieran, kasurako) eta emaitzek ez naute erabat konbentzitu. Baliatu duen errekurtso bat pertsona narratiboen aldaketa da (Ordezko atezainaren balada-n, adibidez), baina uste dut ez dagoela argi zertarako, eta horrek ipuinaren aurka egiten duelakoan nago. Era berean, azken ipuin zinez onaren amaiera irekiak ez duela funtzionatzen esango nuke (bigarren mailako pertsonaia, emaztea, ez baitu irakurleak nahikoa ezagutzen aurreikuspenik egiteko). Topiko zenbait eta esapide ez oso egoki batzuk ere badaude (adibidez, “poz apur bat ekarri dio, keinu arraro batean bilakatu dena” bezalako egiturak, “napolitarrik grinatsuena bezain odol berokoa” edota “airean hartzen zituen”).

Esan bezala, sentsazio nahasia utzi dit liburuak; bai baina ez, ez baina bai. Azpimarratuko nituzke giza harremanekin egoki erabilitako umoreaz eta absurdoaz gain, pertsonaia nagusi ongi definituak eta errealitatea bihurritzeko modua.

Azken kritikak

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak