kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Tentazioak / Jasone Osoro / Elkar, 1998

Jasone Osoro, ahots xamur bat gure literaturan Joxean Agirre / Egin, 1998-03-28

Badaude literaturan lehen orrialdetik liluratzen gaituzten ahotsak edo liluratzen ez bagaituzte ere barrena xamurtzen digutenak. Horietakoa da joan den aste honetan bertan Elkarlanean aragitaletxeak aurkeztu duen Jasone Osoro elgoibartar kazetari gaztearen Tentazioak.

Ez dugu esango idazle bat jaio denik edo liburuak gure literatura aspermenetik iratzarriko duenik. Ez da beharbada horrenbesterako. Tentazioak ipuin laburren bilduma da. Ez dago bertan zailtzeko adinako lanik, baina eskua, grazia eta freskura agertzen ditu elgoibartarrak.

Badago adineko irakurleon artean gazteekiko halako mirespen nostalgiko eta paternalismo joera bat. Badago baita gizonezkoon aldetik literatura femeninoarekiko onberatasun ezkuta ezinik ere. Badago debekaturik dugun emakumeen esparru intimora sartzeko atea literaturak zabalduko digun esperantza gorderik ere. Badago baita, beharbada, kanpoko literaturarekiko mimetismoz edo, literatura eskandalubide bihurtzeko gai diren emakumeek gurean ere sortuko diren esperantza bat.

Ez dut uste Osororen liburua gure desio frustratuok asetzera datorkeenik. Beste bide batzuetatik dabil. Berak gauza bat erakutsi du: literatura txukuna egiteko ez dela artifizio handirik behar, baldin eta literatura egiazkoa denean eta berea halakoxea da. Hasberrien freskura du, baina estiloa deskuidatu gabe. Bere estilo xumea da, baina landua, elkarrizketa indartsuak ditu, xamurtasuna darie kontatzen dituen ixtorioei eta etengabe sopresaren faktorearekin jokatzen du. Ingrediente onak dira, ez beharbada literaturan bide berriak egiteko, baina bai literatura irakurterraza egiteko. Erabat “light” dela? Gai topiko samarrak ere tarteka badaudela? Hirugarren ipuina, esate baterako, “Torero, torero” delakoa, txarra dela? “Bederatzi t’erdi” ipuinaren bukaera ez dagoela lortua? Asoziazio errazegiak egiten dituela tarteka? Eta zer axola dio, baldin eta segidan “Ostiral batez” bezalako orrialde eder batzuk idazteko gauza bada.

Gaurko literatura femenino ausartenaren xarmetako bat bertan heroi gizonezkoei tokatzen zaien paper tristea da. Heroi horiek adardunak dira, gizajoak, inpotenteak eta traumaz beteak. Osorok ez du oso garbi paper hori asumitu, baina ikuspuntu horretatik begira egindako ipuinik badu eta maiz emakumeen arteko konfiantza giro bero horretatik mintzo da bera ere gizonezkoei buruz. Eta hori, gutxienik, oso gaurkoa da.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak