« Jolasteko gogoa | Isiltasuna »
Odolbildua / Josu Landa / Susa, 2002
Odolbildua Edorta Jimenez / www.bizkaie.biz, 2002-06-01
Lauaxetak “Langile eraildu bati” olerki ospetsua argiratu ebanetik hona, Bilbo inguruko meatze gorriak eta horreen ingurukoak euskal idazle batek baino gehiagok izan dauz leku eta motibo erakargarri, eta baita apostu be horreetan giroturiko lanak sortzea. Apostu horri gitxik ekin deutso, ia erabat erdaldunak izan diran halako leku eta giroetan sartu ezinik, nondik nora eutsi jakin ez dogun erronkea izan dalako hori, beharbada. Horri ekin deutson azkena, oraingoz, Josu Landa dogu. Erakutsi deusku, bai, gipuzkoarrak, “Odolbildua” elebarri zirraragarriaren bidez, apostuari zelan eutsi.
Josu Landak bere bidetxoa egin dau euskal letren munduan, bai idazle lez eta bai argitaratzaile eta kritikagile lez, bietara. Gogoan dogu Landaren lehenengo liburua, “Haizearen itzala” poesia liburua, baina bigarrena izan zan “Ipurtargi beltza” egilearen beste lan batzuen egarriz itzi ginduzana. Egarri horren arrazoia begibistakoa da, bigarren liburua ezagutzen dauen edonorentzat behintzat. Halako irudimena ezin zan alperrik galtzen itzi, hasteko, eta, segitzeko, idazteko moduak jarraipena merezi eban. Lar dira zapuztu jakuzan talentuak, bai. Bada, hortxe-hortxe hogei urtean argitaratu barik bizi ahal izan dauen Landak ez deutso euskal literaturearen ildoari gertutik segitzeari inoiz itzi, eskuartean dogun nobela hau horren lekuko.
Landak badaki, edozein nobela-ideia nobela on bihurtu daiten, hizkerea, giroa, pertsonaiak eta kontakizuna bera be, laurak, lege bakarraren menpe lotu behar dirana; zelako giroa gura dan sortu, esate baterako, halako hizkerea beharko da. Legea, lege saihestezina, azken emoitzaren sinesgarritasuna dan ezkero. Zinean lez. Ze Landak zinemea dau, literatureagaz batera, estiloaren eragile nagusia. Zine ikastaroetan esaten danagaz bat, idatzizko gidoiko orrialde bakotxeko filmeko minutu bat errodau izaten bada, nobela honetako ehun eta hirurogei orrialdeak beste horrenbeste minutuko film bihurtu leitekez. Errez ganera. Film hori zuri-baltzean izango litzatekean, ez nago hain seguru. Neorrelismoagaz zordun legokeala, ez dot dudarik egiten.
Ibar Ezkerrean euskeraz apenas egiten dala, eta elebarriko jokaleku nagusia dan Portugaleten kontakizunaren sasoia dan 50eko hamarkadan hortxe-hortxe izango zirala euskaldun ale batzuk, ezin ukatu. Horra hor ba, sinesgarritasunaren aldetik, egundoko oztoparria, Landak bikain gainditu dauena. Hizkereari jagokonez, Bizkaiko euskeren —pluralean— halako kutsua darion estilo pertsonala landu dau Josu Landak, eta horrek, harrigarria bada be, lagundu egiten deusku orduko giroa erdalduna zala ahaztuten. Irakurleari oharkabean pasetan jako alderdi hori.
Hizkerea alde batera, idazlea bere gai edo obsesinoakaz bizi dala esaten da beti. Eta kasu honetan egia da. Zauria zoldu arte hor barruan izaten diran arantza horreek lez izan dauz nobela honetako gaiak hor barruan iltzatuta Landak. Halan bada, “Odolbildua” honetan josten dan argumentua osotzen daben zertxoen aldetik ustebako galantak hartuko dauz irakurleak, nire uste apalean. Gerran —gerran, bai, gerran—, galdu ebenen gerraondoan, bizimodua ahal zan lekutik atara behar izaten ebezan hareek nondik ataraten eben jakitea lazgarria izan leiteke, guztiz. Bizi-giro hori bikain gauzatuta dago “Odolbildua” elebarrian. Eta esango neuke, ba, horixe dala, giroa zelan landu dauen, Landaren meriturik handiena. Baina zalantzan nago.
Zalantzan nago, “Odolbildua” elebarriko pertsonaiak giroa lez ondo landuta dagoz eta. Nik neuk ez neuke esaten jakingo zein dan pertsonaiarik biribilena. Mentxu emakume bulartsua, beharbada. Edo Santos hori, ha lez gerran galdu eta gero, ganera, kartzelea bizi izan dauen komunistea. Edo Joselu, boxeolari izan gura dauen mutil gaztea. Edo beti hor dagoen Ibaizabal hori.
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez