kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Euskal idazlan guztiak / Koldo Mitxelena / Euskal Editoreen Elkartea, 1989

Mitxelenaren euskal idazlan guztiak Avendaño / Egin, 1989-03-04

Koldo Mitxelena hil eta laster argitaratu dira beraren Euskal idazlan guztiak, Euskal Editoreen Elkarteak argitaratzen diarduen Klasikoak bildumaren barruan, zeinetan, Errenderi —Orereta?— sorterri izan zuenari eskeinitako bederatzioz gero, hogeitabederatzi ale heldu bait dira gure eskuetara. Halakoak kaleratzean egin ohi diren prentsaurrekoren batetan, halakoak aurkeztean azalpen aurreausnartuak egin ohi dituzten funtzionario horietariko baten batek esan bide zuen —halakoak berproduzitzen dituen egunkariren batetan irakurri dudanez— aho zabalik geratuko direla, bai, Mitxelenaren produkzio batez ere erdaraz egin zela diotenak, liburuotan ikusten delako euskaraz ere lan itzela egin zuela. Ez da makala, gero, bederatzi liburuki. Ez da makala, ez jauna, hala eta guztiz ere, denetara egin zuenetik zein zati den euskarazkoa, hara beste kontua, nik neuk neurtuko ez dudana. Dena dela, giroan arnasten izan den galdera-usainari erantzun gura izan dio funtzionarioak, liburuen aurkezpen-hitz biak idatzi dituztenek bezalatsu. “Askok uste baino gehiago idatzi zuen euskaraz Mitxelenak, batez ere kontuan edukitzen badugu idatzi zuen guztia bere baitarik asmaturiko lanak izan zirela, ez itzulpenak”. Halaxe diote bai, liburuotan agertzen dena ukatuz, hots, itzulpenik ere argitaratzen dela hor. Begira beza iralurleak IX. Liburukia —Artikuluak eta beste II— non berrogeita orrialde itzulpenek betetzen dituzten.

Hitzaurre bereko hurrengo hitzak, alabaina harrigarriagoak dira. “Kontakizun sotilak baino nekezago oretu ohi ditugun jakitezko —hizkuntzazko, literaturakozko naiz kritikazko— lan astun eta pisuak”. Azal lodia beharda halako eritzirik emateko gero, aipatu liburuki horretako zati handi bat Mitxelena jaunari egindako elkarrizketek osatzen dutenean, osatu ere. Errua baina, ez da Mitxelena jaunarena, sinetzen dutenena baino. On dagiela errotarriak!.

(Erdara-euskara arazo honek kezkatuago nauka “Orotariko euskal hiztegiari” dagokionean, larriagoa bait da horko arazoa. Egunero zigortzen ditut begian, euren onera etor dakizkidan, ez bait dut ulertzen zer dela eta hautatu den gaztelerara “Euskal hiztegiko” hizkuntzatako. Barruko sua amatatzen laguntzen dit asteroko egunkari bi ditugula jakiteak. Surrealismoari, literaturan ezezik, egunerokoak ere on deritzot.

Hor badago, objetiboki, joera, jarrera eta jokabide erderazalerik, erdaldunkoirik eta erdaldunik. Garunerako izpiluetan begiratuta gauero, halaxe galdetzen diot: izpilutxoa, izpilutxoa, nori zuzenduta dago “Orotariko”? Eta izpiluak erantzun: “erdara espainola euskara baino hobeto dakien euskaldunari”. Honez gero, euskal hizkuntzak izango dituen tresoretariko batek, afan askoren ondorengo lanak etorkizuneko euskaldun guztiak “castellano-parlantea” izatera kondenatu du. Bego).

Jakina denez, Egan izeneko aldizkariaren arimetarikoa izan zen Mitxelena, bertan utzi zituelako idatzizko euskal hitz gehienak. Bilduma honetako hiru lehen liburukiak, bada, gazteleraz eta euskaraz hasieran eta euskara hutsez gero, Boletin del Semanario de Filologia Vasca Julio de Urkijo aldizkariko gehigarri gisa argitaraturiko Egan horretan plazaratuez osatu dira, hots, “Bertso berriak, berriketan, zinea eta adabakiak”, Liburuak I eta Liburuak II izenekoak.

Lehen liburukikoak, Mitxelenaren zinezaletasunaren lekuko geratu dira batez ere, halako artikulo laburretan luma erabiltzeko zuen trebetasunaren bezainbeste. “Liburuak I eta II” izenekoetan are maisuago agertuko zaigu iruzkinak egiten. Mila bederatzirehun eta hamalaueko Egan-en ekiten dio, Axular-en gaineko iruzkinaren bidez, hirurogeitazazpian amaitzeko. Ehun eta hogei bat libururen berri ematen digu hor, labur eta zorrotz, unean uneko giroak erabat baldintzatuta, beste inon ohi zuen gordinkeriarik isuri gabe, “euskararen mesedetan” delako leungarriaren eraginez edo.

“Literaturaren inguruan” ihardun izan zituenetakoek osatzen dituzte hurrengo ale biak. Ez da harritzekoa euskal literaturaren historia idatzi zuenak jaramon berezia egitea arloari zegokion guztiari. Ederto ikasi zuen aztertu behar izan zituen maisuengandik, hemen erabiltzen den prosak frogatzen duenez behinik behin. Gure aintzinako idazle zaharrak ezagutzen zituena —ez zuen sinesten literaturaren historiarik idaztea literatura irakurri gabe— ezin halakorik ukatu, edonon eta edonoiz agertzen bait dira Oihenart nahiz Lizardiren aipuak, bertsolariren baten bertsoak zein Orixerenak ere tartekatuz noiz edo noiz. Gogokoen bide zituen eurak, tradizioa eta kultismoa biak gurdi berean buztartzeko asmoa igartzen zaiolarik beti. Atal honetako batzuk “Mitxelenaren idazlan hautatuak” hartatik ezagunak izan dira dagoenerako. Denak batera ikustea eskertzekoa da, Mitxelena, euskal literaturari dagokionean, gerra ostean geratu zena oharterazteko bidea ematen bait digu berriro ere.

Bildumako azken liburuki —Artikuluak eta beste I eta II— arestian aipatu ditudanez gain, aldizkarietan plazaraturiko artikuluak, hil ondokoak, hizkuntzari dagozkion beste zenbait lan eta “saio gisakoak” datoz. Hala bada, azalean agertzen den asmoa bete gura izan dute, hots, Koldo Mitxelenaren “Euskal idazlan guztiak” argitaratu. Gero, hitzaurrean, besterik esaten bada ere, gartzelaldiko artikuluak eta eskutitzak falta direla, alegia. Betoz lehen bait lehen argigarri gerta bait dakizkiguke.

Mitxelenaren prosaren mireslea naizen aldetik —kapitalarik ez dudan arren— ez dakit zer dela eta sortu diren “Klasikoak” bilduma honetan halako ” idazlan guztiak”, nik neuk ulertuta izan dudanez behintat “literatur” klasikoen lanak denon eskuetara era merke eta errezean, helarazteko sortu bait zen bilduma hau. Zer egiten dute hortan “tekniko” horiek, edota liburuen gainean idatzitako ohar labur guztiek, berari egindako edo berak egindako elkarrizketekin batera? Ez dute ore makala oretu arduradunek. Hautsi egin dute bildumak osatzen izan duen mosaikoaren oreka, hiruko bat Mitxelenari eskainiz. Ez jaun-andreok, klasikoa da Mitxelenaren prosa, klasikoak beraren lanak zein berari dagokion arloan —hizkuntzalaritza eta beste—. Klasikoa nahi duzuen guztia, baina, arren, bilduma honetan euskal literaturako sormen-lanak bildu gura izan dira hasierako asmoen arabera behinik behin. Beharrezkoak diren Mitxelenaren “idazlan guztiek” besterik eskatzen dute. Bestela esanda, Azkue, Altube, Orixe eta beste askorekin batera, Errenderi edo Oreretakoak bilduma berria merezi du. Unibertsitateak, Jaurlaritzak eta Diputazioek dute hitza. Ez bekio Arestiri gertatu zitzaiona gerta, hau da, Susa etorri arte egon zela itxaroten, eurek hain maite zuten poeta beste inork berrargitaratu izan behar izan zielarik.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak