« Hades-en erresumarantz | “Ipurtargi beltza” »
Panpinen erreinua / Mikel Hernandez Abaitua / Hordago, 1983
Josu Landak sobera gurin eman dio Mikel Hernandezi Jabier Lersundi / Egin, 1984-03-01
Irakurri berri dut Argia (1003) aldizkarian Josu Landak Mikel Hernandezen lehen ipui liburuari egiten dion aipamen-kritika. Eta segituan hartu behar izan dut Panpinen Erreinua liburua, irakurtzen ahaztu egin zaidan beldurrez. Ez diot nik, egia esan, Mikel Hernandezek Xabier Leteri, honek Anjel Lertxundiren Aise eman zenidan eskua liburuaren kritika egiterakoan, eman zion paloa emango Josu Landari. Ez tamaina horretakoa, Josu Landak ez baitu Xabier Letek egin zuen moduko hankasartzerik egin; hala ere, Landaren artikulu guzian zehar isurtzen diren laudorioak soberatxo iruditu zaizkit Hernandezen lehen ipui liburu enanu horrentzat.
Eta loditasunekin sartu naizenez, parentesi baten bidez esplikatuko naiz, bide batez Hernandezi bere neurri berberak aplikatuz, “ez ahaztu gero liburuak ehun orrialde baino gehiago ez duela” zioen garai hartan. Eta paradoja gisa bere liburu propioak ehun (100) orrialde besterik ez du, bost ipuinez osaturik, letra nahiko haundik, edo berak esango lukeen moduan, ez oso txikiz, eta maketazio oparo batez, hau da, orrialde zuri gehiegitxo dagoela, apenas ehun orrialde horiek betetzeko denborarik edo materialik izan ez balu bezala (nahiz eta Koldo Izagirreren sarreran “badu bestelakorik burututa” apuntatzen zaigun). Beraz, Panpinen Erreinua sietemesinotzat joko nuke nik, edota agian, armada sendoago baten aurkezpenekoak egiten ari den enbajadatzat.
“Lehen orrialdetik azkenera plazerrezko irribarre bat gordetzen du irakurleak, atsegingarriaren gustuz” dio Landak. Eta gauza bat da umorea kualidade subjetiboa izatea eta beste bat Hernandezen ipuin guztiak umoretsuak direla esatea, orokorki botatzen direnak traidoreak baitira. Lehen ipuina dugu umoretsua besterik gabe; “Krasus” horren ondorengo “Gurutzegramak egiten zituen gizona” ipuin hiruredizionatuan umorerik aurkitzen duena sadiku bat da, sadikuen errespetu osoz. Berbera gertatzen da “Nota urdinak” izendatutako erdi-nobela horretan (honetan bai du arrazoirik Landak “Saizarbitoriaren erreibindikazioa iruditu zaigu beste ezer baino gahiago” dioenean). Beste kalifikatiborik bilatzeko ariketa egin dezan kontseilatuko genioke Landari, edo bestela Landa pertsona beldurgarria dugu, ez baitezaket inondik ere irudika Hernandezen ipuinak irakurtzerakoan irribarrea ezpainetan mantentzea logra dezakeen gizakirik.
“Ipuinaren heldutasuna” jarri dio Josu Landak bere kritikari izenburutzat. Eta hain zuzen, Hernandezek ez du erakutsi aparteko heldutasunik ipuingintzan. “Nota urdinak” ez da ipuin bat, eta punto. Bestalde, “Ipuin bakoitzaren atzetik somatzen den lantze horrek helburu batetara jotzen duela dirudi: borobiltasunera” dio, eta gauza bat da borobiltasuna eta bestea heldutasuna. Hobeki esango nuke Hernandezen ipuinen efektismoak itsutu duela Landa, edo batek daki zerk bestela, zeren joera hedatua dugu hau, epai-mahaientzat idaztera ohitu dituzte idazleak, eta epai-mahaietan dabiltzan mamutzarrei ez zaie atsegin irakurtzen lan gehiegi botatzea. Horrela, bai, gustora esan daiteke Hernandezen ipuinak hotzak direla, intelijenteak, non jo behar zen ongi kalkulatu ondoren burututakoak; eta bibedios! Landaren burua ongitxo kolpatu duela, “Zaila dela soberan dagoen ezer aurkitzea” idaztera ausartzen da Landa, eta hori oso subjetiboa da. Eta irakurleari ezin zaio engainatu, gauza bat delako irakurtzera animatzea eta bestea sobera gurin ematea, ze azkenerako irristatu egiten baikara. Inor mintzeko intentziorik gabe idatzi dudala artikuluxka hau esateke ez nuke bukatu nahi, esanda dago, pues bukatu dut.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi